Greba orokorrak Euskadi eta Nafarroa geldiarazi ditu
batetik sindikatu abertzaleek, eta bestetik, UGTk eta CCOOk ostegun honetarako deitu duten greba orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa geldiarazi ditu.
Sindikatu guztiak bat etorri dira deialdia "orokorra" eta "arrakastatsua" izan dela esaterakoan eta Mariano Rajoyren Gobernuari hausnarketa egiteko eta lan-erreforma indargabetzeko exijitu diote.
PARTE-HARTZEA: JAURLARITZAREN DATUAK
Eusko Jaurlaritzaren arabera, grebak % 71,9ko jarraipena izan du administrazio publikoan eta % 60-70ekoa pribatuan. Parte-hartzerik handiena Hezkuntzan izan da: % 86k egin dute greba.
Lakuan, parte-hartzea % 78,32koa izan da; Osakidetzan, % 49,91koa; Justizian, % 77,64koa; eta Herrizaingoko langileen artean, % 67,44koa.
Sektorez sektore, grebak Garraioan izan du jarraipen zabalena: % 77. Industria sektorean, parte-hartzea % 63koa izan da; Zerbitzuetan, % 33koa; eta Komertzioan, % 67koa.
Lurraldez lurralde, Gipuzkoan nabarmendu da gehien lanuztea: Garraioan, langileen % 69k egin dute bat grebarekin; Industrian, % 62k; Zerbitzuetan, % 42k; eta Komertzioan, % 26k.
Arabako datuak, ostera, hauek izan dira: Garraio sektorean jarraipena % 57koa izan da; Industrian, % 56koa; Zerbitzuetan, % 32koa; eta Komertzioan, % 41ekoa.
Bizkaian, berriz, parte-hartze handiena Komertzio sektorean izan da: langileen % 98k egin dute greba; Garraioan, % 79k; Industrian, % 69k; eta Zerbitzuetan, %29k.
PARTE-HARTZEA: SINDIKATUEN DATUAK
Sindikatu abertzaleen datuen arabera, grebak %87ko jarraipena izan du industrian, eta ia erabatekoa garraio publikoan, zerbitzu minimoak soilik bete direlarik. Osakidetzan, sekulan izan den jarraipen zabalena izan omen da gaurkoa, eta Administrazio publikoan ere 10 langiletik 8k greba egin omen du, ELA eta LABen esanetan.
Bestalde, UGTk eta CCOOk emandako datuen arabera, langileen % 95ek egin dute bat grebarekin Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 90ak Nafarroan.
MANIFESTAZIOAK
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia politikariei zuzendu zaie eta "kalera begiratzeko" eta "lan-erreformaren aurkako gizartearen aldarria entzuteko" eskatu die.
Adierazpen horiek Bilboko manifestazioan egin ditu. ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek euskal hiriburuetan deitutako martxarik jendetsuena izan da Bilbokoa, 25.000-30.000 langileren parte-hartzearekin.
Politikariek 'ezetz' esaten jakin behar dutela eta gizartearen interesak lehenetsi behar dituztela azpimarratu du: "Horrela jokatuz gero, Islandiaren bidea hartuko genuke eta ez Greziarena; politika elkartasunaren zerbitzura jartzea eskatzen ari gara".
"Erasoak" jarraituko duela ohartarazi ostean, sindikatuek lanari eutsi behar diotela esan du. "Gure agendarekin segi behar dugu; gugan konfiantza izan behar dugu, konfiantza borrokan eta konfiantza mobilizazioan; hori da gure bidea", erantsi du.
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak gaurko greba egunaren arrakasta nabarmendu du, "benetan orokorra eta zabala izan delako", eta, egungo boterea 'botinokrazian' oinarritzen dela kritikatu du, Emilio Botin Banco Santanderreko presidenteari aipu eginez.
Sindikatu abertzaleek milaka lagun bildu dituzte Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioetan ere.
Bestalde, UGTk eta CCOOk ere milaka lagun bildu dituzte euskal hiriburuetan egindako manifestazioetan, ‘Greba orokorra. Guztiarekin amaitu nahi dute’ lelopean.
CCOO Euskadiko idazkari nagusiak esan duenez, ‘arrakasta istorikoa’ izan da gaurko greba deialdia. Unai Sordoren esanetan, 1988ko grebaz geroztik ez da izan gaurko grebaren parekorik. Bere ustez, geldialdia arrakastatsua izan da alor eta iharduera guztietan.
Damaso Casado UGT-Euskadiko buruak, berriz, zera azpimarratu du, gaur ‘miloika lagun’ ari direla mobilizatzen, ‘eta gehienek greba egitea erabaki dute lan erreformarekin haserre daudelako’.
‘Langile aktibo guztiak daude gaur greban: gazteak, langabetuak, erretiroa hartu dutenak... zera esateko: Rajoyk ez duela ordezkatzen gizartearen gehiengoa. Botua eman zizuten, baina egiten ari zarena jendearen eskubideen aurka doa, beraz, aldatu politika eta eser zaitez sindikatuekin’, esan du Casadok.
Gizonezko bat, larri
Ertzaintzak zortzi lagun atxilotu ditu goizean Euskal Autonomi Erkidegoan, bost Araban eta hiru Bizkaian. Gainera, beste hamar lagun inputatu egin ditu euskal poliziak.
Gasteizen jazotako istiluetan lagun bat larri zauritu da, buruan kolpea hartuta. Ertzaintzaren arabera, poliziarekin izandako istiluetan, gizonezkoa ihes egiten ari zela lurrera jausi eta buruan kolpea hartu du. Horren ondorioz, Zainketa Berezien Unitatean ingresatu behar izan dute. Edizio hau isteko orduan (18:00), gaztea larri zegoen.
Beste bi ertzain ere zauritu dira greba egun honetan. Bilboko epaitegia zaintzen ari zirela, manifestari talde batek kezko poteak jaurti ditu kanpoaldean. Ertzainak zer gertatzen ari zen ikustera irten direnean, harriak eta bestelako gauzak jaurti dizkiete. Horietako batek buruan kolpatu du ajente bat, eta horren ondorioz buruko hezurra apurtuta du.
Horretzaz gain, Ertzaintzak etxean egindako lehergailu bat indargabetu du Lanestosan. Erasotzaileek Bizkaibus baten azpian jarri dute lehergailua, baina ez du eztandarik egin. Berangon, ezezagun batzuk molotov-koktela bota dute Iberdrolaren estazio baten aurka, nahiz eta kalte arinak eragin dituen.
Greba, Nafarroan
Nafarroan ere sindikatuek arrakastatsutzat jo dute gaurko deialdia, eta jarraipen ‘oso zabala’ izan dela azpimarratu dute. Istilu txiki batzuk besterik ez direla jazo adierazi dute UGT sindikatuko Juan Goyenek eta CCOOko Jose María Molinerok.
Volkswagen enpresak Landabenen duen faktorian, esate baterako, grebak langile guztien babesa izan du.
ELA-k ere Foru lurraldeko zerbitzu publikoetan deialdiak izan duen jarraipena azpimarratu du, besteak beste Osasunbidean baita Hezkuntza alorrean, Justizian eta bestelako administrazioetan ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere geldialdia ia erabatekoa izan da. LAB-ek jakinarazi duenez, garraio publikoan geldialdia ia erabatekoa izan da, eta zerbitzu minimoak besterik ez dira bete.
Nafarroako enpresarien elkarteko presidenteak, Jose Antonio Sarriak, onartu egin du grebak babes zabala izan duela, ‘baina akaso espero baino eskasagoa izan da’, bere ustez. Enpresarien buruak piketeen eragina salatu egin du. Ildo beretik, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak gaitzetsi egin du ez dela errespetatu lan egin nahi zuen jendearen eskubidea ‘eta gainera zenbait komertzioetan erasoak eta kalteak eragin dira’.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadiko ikuskizunetako teknikariek grebari eutsi diote, lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta
Lanuzteek abuztuaren 14an eta 26an jarraituko dute, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez.
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.