Novagalicia, Catalunya Caixa eta Banco de Valencia, jomugan
Europar Batasunak (EB) arazoak dituzten bankuak ixtea eskatuko dio Espainiari, 100.000 milioi euro arteko erreskatea jasotzeko baldintza gisa, betiere itxiera horiek ekonomiarentzat kaltegarri ez badira, Europako goi-funtzionario batek Europa Press agentziari jakinarazi dionez.
"Ez dugu zertan banku guztiak erreskatatu, behar-beharrezkoa ez bada", nabarmendu du pertsona horrek.
Hori horrela, Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteorde eta Lehia komisarioak hiru izen aipatu ditu: Novagalicia, Catalunya Caixa eta Banco de Valencia.
"Oker ez banago, hirurotako bat likidatzea da Espainiako agintarien asmoa", azaldu du, Reuters agentziak egindako elkarrizketan.
Espainiako Ekonomia Ministeriotik ukatu egin dute hori, eta helburua nazionalizatutako erakundeak "onbideratzea, berriz kapitalizatzea eta pribatizatzea" dela gaineratu dute.
Nolanahi ere, Europa Pressek aipatutako goi-funtzionarioak ohartarazi du "hainbat erakunde" likidatu egin beharko dituztela: "Europar Batasunak ahal duen beste galarazi nahi du diru publikoaren erabilera, eta, beraz, hainbat erakundek porrot egin behar badute, egin egingo dute".
Arazoak dituzten bankuek ez dute erreskatearen dirua berregituratze plan bat aurkeztu arte jasoko. Halaber, finantza erakundeek ordaindu beharko duten interesa % 8,5ekoa izango da gutxienez (Europak Estatuari ezarritakoa % 3-4koa izango da).
Interes tasa "garesti" horrekin, bankuen kapitalizazioa merkatuan lortzea dute helburu, hau da, finantza erakundeek bat-egiteak adostea eta aktiboak saltzea sustatu nahi dute.
BEZa eta beste hainbat "betebehar"
Kinka larrian dauden bankuak ixtea ez ezik, Bruselak beste hainbat "betebehar" ere jarriko dizkio Espainiari, hala nola BEZa igotzea, etxebizitzaren desgrabazioa kentzea eta Administrazio Publikoa "argaltzea".
"Eta dena 2013 urtea baino lehen", ohartarazi du Alejo Vidal-Quadras Europako Parlamentuko presidenteorde eta PPko eurodiputatuak, Gestiona Radio irrati-katean egindako elkarrizketan.
Dena dela, Joaquin Almuniak gogorarazi du oraindik ez dituztela zehaztu erreskatearen baldintzak.
Zure interesekoa izan daiteke
Etxebizitza arloko neurri fiskalak adostu dituzte EAJk eta PSEk, tartean, alokairurako pizgarriak eta jabe handientzako zergak
Jauregik ohartarazi du Tubos Reunidosentzat arrisku kritikoa dagoela SEPIren zorragatik, eta alternatibak bilatuko ditu Vicinayko enpleguetarako
Nafarroak 27 etxebizitza erosiko dizkio inbertsio funts bati
Tubos Reunidosek ez du lotesletzat jo SEPIren zorraren kitapenari buruzko Europako txostena
Errentaren mapa auzoz auzo eta kalez kale Hego Euskal Herrian
Hondarribiko Udalak kereila penala jarri du Zaldunbordako outletaren enpresa sustatzaileen aurka
Bizkaiak aurreikusitakoa baino diru gehiago bilduko du, eta Euskadiko hazkundearen buru izango da 2027an
Euskal Herriko sindikatuek "espekulazioari ez!" esango diote azaroaren 11n eta soldata igoerak eskatuko dituzte
Vicinayren zuzendaritzak aldi baterako enplegu espedientea egin eta 60 lagun kaleratzeko asmoa du