Euskadiko BPGk % 1,2 egin zuen behera 2013an, Eustaten arabera
Euskadiko BPGk % 1,2 egin zuen behera 2013an, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera. Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) ahotan, aldiz, EAEko BPGk % 1,9 egin zuen behera iaz.
INEren hitzetan, Euskadiko Barne Produktu Gordinak % 1,9 egin zuen behera 2013an, hirugarren beherakadarik handiena erkidegoen artean, baina biztanleko BPGrik handiena du EAEk, eta Estatuko batez bestekoa aise gainditzen du, % 34,5 batekin.
Bi erakundeetako datuen arteko desberdintasunak erabilitako estimazio metodoaren ondorioz ematen direla azaldu du Ogasun Sailak. Jaurlaritzaren arabera, Eustaten metodoa fidagarriagoa da.
Goranzko edo beheranzko metodoa
INEk beheranzko metodoa erabiltzen duela azaldu du Gasteizko Exekutiboak agiri batean. Hau da, INEk Espainia osoko BPG zenbatzen du aurrena, ondoren erkidegoetako datuak lortzeko.
Eustatek, ostera, goranzko metodoa erabiltzen du. EAEko ekonomiaren sektoreak banaka aztertzen ditu BPG kalkulatzeko.
Bi metodoak onartzen ditu Europako Kontu Sistemak, baina, Eusko Jaurlaritzaren ahotan, "goranzko metodoak zehaztasun eta koherentzia handiagoa bermatzen du, zalantzarik gabe".