Bederatzigarren lan-erregulaziorako espedientea aurkeztu du La Navalek
La Naval ontziolaren zuzendaritzak lan-erregulaziorako espediente berria aurkeztu dio enpresa-batzordeari. Bederatzigarren txostena izango da, 140 langile ingururi eragingo die, eta uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte iraungo du.
Ekainaren 30ean bukatuko da zortzigarren enplegu-erregulaziorako espedientea, eta ontziolaren zuzendaritzak asteazkenean aurkeztu zien sindikatuei berria egiteko proposamena. Enpresa-batzordearen iturrien arabera, "aurrikusita zegoen, nahiz eta ontzi berri bat kontratatuta izan".
Bizkaiko ontziolak ferry bat egiteko enkargua jaso zuen maiatzean TESO konpainia holandarraren eskutik, eta horrek bi urterako lan karga emango dio.
Ontziolaren zuzendaritzak enpresa-batzordeari esandakoaren arabera, lan-erregulaziorako txostena beharrezkoa da, izan ere, irailera arte ez omen dira hasiko xaflak mozten, eta urrian hasiko dira, gutxika-gutxika, ontzia eraikitzen. Ondorioz, abendura arte lan gutxi egongo da.
Hau azken enplegu-erregulaziorako espedientea izan dadin eskatuko dio enpresa-batzordeak zuzendaritzari hasi berri den 15 eguneko kontsulta epean. Bestalde, enplegu betea, lan karga gehiago eta ontzi berriak kontratatzeko eskatuko dio enpresari.
Kontratu berriak lortzeko zenbait armadorerekin negoziatzen ari dela jakinarazi dio ontziolaren zuzendaritzak enpresa-batzordeari. Halere, "konfidentzialtasuna" dela eta, ezin omen dute esan nola doazen negoziazioak.
Zure interesekoa izan daiteke
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako