Emilio Botin, bankari ukiezina
Emilio Botin bankaria gaur hil da, 79 urte zituela, finantza munduan ibilbide oparoa atzean utzita. Txikitik erraldoira eraman zuen Santander bankua; 80ko hamarkadan 100 milioi euro inguru kudeatzen zituen finantza-erakundea izatetik, euro-gunean bankurik handiena eta munduko hamargarrena izatera igaro zen. Handitasun horren adierazle, iazko datua: krisiak ekonomia bete betean harrapatuta zuen urtean, Santanderrek 4.370 milioi euroko irabaziak izan zituen.
Aitonak eta aitak utzitako lekukotzari, haiek ere Santanderreko presidente izandakoak, zorrotz heldu zion Botinek. Buruzagitza hartu zuenetik, hogei herrialde baino gehiagotan zabaldu zituen bulegoak. Europako politikan eta ekonomian eragin handiko gizon izatera iritsi zen.
Erretiroa hartzeko adina duela 12 urte igaro arren, Santanderren gidaritzari eutsi nahi izan zion. Presidente karguan egon zen 28 urtetan 73 aldiz handiago bihurtu zuen bere enpresa.
Nazioartean zabaltze politika 'gogorrak eta erasokorrak' ezartzea izan zen bere arrakastaren gakoetako bat. Besteak beste, Banesto, Central Hispano, Sovereign estatubatuarra, Banespa brasildarra edota Abbey, Alliance & Leicester eta Bradford & Bingley banku britainiarrak erosi zituen. Egun, Santander taldearen balioa 70.000 milioi eurokoa omen da.
Bere ibilbideko beste lorpen handietako bat historiako krisi ekonomiko gogorrenari diru publikoaren iturritik edan gabe aurre egin izana da. Krisiak krisi, Santanderren kontrolari eustea ere lortu zuen, Botin familia taldearen akzioen % 2ren jabe baino ez den arren. Gauzak horrela, bere alabetako bat, Ana Patricia Botin, da Santanderren presidente berria izateko hautagai nagusienetakoa.
Forbes aldizkariak argitaratu zuenez, 1.100 miloi dolarreko (846 milioi euro) ondasuna zuen Botinek 2011an.
Espainiako gobernuekin, beti, gertuko harremana izan du, sozialistekin nahiz popularrekin. Atzerriko hedabideek sarri kritikatu izan dute Botinek Espainiako komunikabideen aldetik jaso izan zuen mesede tratua. Financial Times-ek, esaterako, Espainiako finantzen erregetzat jo zuen bere artikuluetako batean. Heroi nazional bat zela gaineratu zuten, inoiz kritika txarrik jasotzen ez zuena. Zenbait adituren arabera, Santanderren publizitatea diru-iturri garrantzitsua da hedabide askorentzat, eta horregatik, ukiezinak dira Botindarrak. New York Times egunkariak ere, bat baino gehiagotan aipatu izan du Santanderko presidentearen ukiezintasuna.
Eskandaluak eta ustezko ustelkeria kasuak
Krisiari aurre egiteko abilezia berbera erakutsi zuen Botinek justizia parez pare izan zuenean ere. Suitzan dirua ezkutatzea egotzita auzipetu zituzten Botindarrak, baina 2012ko maiatzean, auzia artxibatzea erabaki zuen Auzitegi Gorenak, Ogasunaren aurrean egoera erregularizatuta zutela iritzita. Garai hartan, hainbat hedabidek zabaldu zutenez, 2.000 milioi euro baino gehiago ezkutatu zizkion Botin familiak Espainiako Ogasunari.
Urte berean, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko magistratu ohiak New Yorkeko Unibertsitatean emandako bi ikastaro diruz laguntzea leporatu zioten, baina ikerketa hura saihestea lortu zuen Botinek. Manuel Marchena Auzitegi Goreneko instrukzio epaileak diru-laguntza horien atzean ‘hartzaileari eskerrak emateko saiakera’ ikusi zuen arren, kasua artxibatzea erabaki zuen, ustezko delitua preskribatuta zegoelako.
Jose Maria Amusategi Santanderreko presidente ondokoa izandakoari eta Angel Corcostegui Santanderko kontseilari izandakoari emandako erretiro sarietan egon ziren ustezko irregulartasunak zirela eta, Botin ikertu zuten Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak, 2005 eta 2006 urteetan, baina, orduan ere, absolbitu egin zuten.
Urte berean, delitu fiskala egotzi zioten, Santanderrek egindako mailegu lagapenak zirela eta ( Ogasunari egin beharreko ordainketak ekiditeko finantza-produktuak). Auzitegi Nazionalak artxibatu egin zuen auzi hura.
Espainiako justizian ‘Botin doktrina’ delakoa jarri zen abian, mailegu lagapenen kasuaren ondotik. Horren arabera, epai-biderik ez da zabalduko, akusazio popularrak bakarrik egiten duenean eskari hori eta Fiskaltza eta kasuan zuzenean kaltetutako aldeak kontra agertzen direnean. Mailegu luzapenen auzian hala gertatu zen: ez fiskaltzak, ezta Estatuko Abokatutzak ere, ez zuten Botinen aurkako salaketarik jarri.
Aipatzekoa da, halaber, Alfredo Saez urtetan Emilio Botinen konfiantzazko gizona izandakoa 1994an hainbat enpresabururen kontrako salaketa faltsuengatik zigortu zutela, baina, ondoren, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak indultatu egin zuela.
Biografia
Santanderren jaio zen Emilio Botin, 1934ko urriaren 1ean. Deustuko Unibertsitatean egin zituen Zuzenbide eta Ekonomia ikasketak.
24 urte zituela hasi zen lanean Santander Bankuan eta ardura postuak izan zituen, hasiera hasieratik. 1960tik bankuko idazkaria izan zen eta 1986ko azaroaren 19an izendatu zuten presidente.
Paloma O’Shea Artiñanorekin zegoen ezkonduta, eta sei seme-alaben aita zen. Ana Patricia Botin bere alabetako bat da Santanderren hurrengo presidente izateko hautagai nagusienetako bat. Botindarren leinuak, beraz, ez du etenik.
Zure interesekoa izan daiteke
Talgok eta Renfek 132 milioiko akordioa sinatu dute eta Avril trenen kontratu polemikoa itxitzat eman dute
Akordioaren arabera, Talgok 200 milioi euro jasoko ditu hiru hilabeteko epean, eta Renferekin zuen zigorra 2032an hasiko da ordaintzen.
Gizarte Segurantzako afiliatuen kopuruak gora egin du Euskadin eta Nafarroan, baina langabeziak ere gora egin du
Gipuzkoak izan du langabeen kopuruan gehikuntzarik handiena, eta Bizkaia da nagusi kotizatzaile berrien esparruan. Arabak, aldiz, balantze negatiboa du bi adierazleetan.
Gaurtik aurrera eskatu ahal izango dute Euskadiko familiek seme-alabengatiko 200 euroko dirulaguntza
Seme-alabak 4 urte izan arte luzatuko da laguntza hori, eta lehen aldiz tutoretza- eta harrera-familiei zabalduko zaie. Guraso bakarreko familien kasuan, gainera, seme-alabak 4 eta 7 urte izan bitartean, hilero 100 euroko laguntza jaso ahal izango dute.
Aldundiek eskumena izango dute beste lurraldeetako ibilgailu gidaridunen zerbitzua ematen duten enpresak zigortzeko
Euskadiko Garraio Agintaritzak protokolo bat adostu du VTC zerbitzuetan ikuskapenak eta zehapenak koordinatzeko.
Uztailaren 7an sartuko da indarrean Tubacexen lan-erregulazioa, langile-batzordearekin akordiorik lortu gabe
Aldi baterako lan-erregulazioak 430 langileri eragingo die. ELA sindikatuak iragarri du helegitea prestatzen hasiko dela, eta LAB egoera aztertzen ari da bere zerbitzu juridikoekin.
Jainagak eta Tubacexek Tubos Reunidos erosteko interesa erakutsi dute
Bilboko enpresariak eta Laudioko konpainiak erosketa prozesuaren lehen izapidea bete dute; eskaintza bat aurkeztu aurretiko interesa agertu dute.
Greba mugagabea deitu dute Bergarako eta Zarauzko IAT zentroetan uztailaren 13tik aurrera
ELA eta LAB sindikatuek lanuztera deitu dute lan-hitzarmena berritzeko negoziazioaren "blokeoa" dela eta.
Eusko Jaurlaritzak hamarren bat igo du EAEko BPGaren hazkundearen 2027rako aurreikuspena, eta 2026koa mantendu du
Aurreikuspenen arabera, enpleguak gora egingo du, industria pixkanaka suspertuko da eta soldatek bilakaera positiboa izango dute. Adierazle horien arabera, euskal ekonomiak "hazkunde egonkorraren bideari" eusten dio.
Batasunetik kanpo erositako 150 eurotik beherako pakete txikien gaineko zerga kobratzen hasi da EB
Europak galga jarri nahi die batez ere Txinatik (Temu, Shein eta AliExpress enpresen bitartez) Europar Batasunean sartzen diren kostu txikiko inportazioei. Orain arte, 150 euroz azpiko pakete txikiak muga-zergak ordaintzetik salbuetsita zeuden.
Argindarra ekoiztearen gaineko zerga progresiboki murriztuko dute, eta 2028an desagertuko da
Prozesua 2026ko hirugarren hiruhilekoan hasiko da, % 30eko murrizketarekin.