Langabeziak gora egin du Nafarroan eta behera EAEn
Langabeziak behera egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoan, urteko lehen hiruhilekoan: 900 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe, biztanleria aktiboaren inguruan Estatistika Institutu Nazionalak gaur kaleratu dituen datuen arabera. Bertan jasotzen denez, 131.600 langabe zenbatu ziren EAEn, aurreko hiruhilekoan baino % 0,65 gutxiago. Langabezia tasa % 12,8koa zen.
Bestalde, 1.900 pertsona gehiago ari ziren lanean lehen hiruhilekoan, iazko datuekin alderatuta. Okupazio-tasa, beraz, % 56, 83koa zen Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian.
Nafarroan, berriz, gora egin zuen langabeziak; 2.600 pertsona gehiago zenbatu ziren lanik gabe. Kaleratu berri den inkestaren arabera, 43.700 langabe zeuden Foru Erkidegoan martxoan, aurreko hiruhilekoan baino % 5,63 gehiago.
Orain urtebeteko datuak kontuan hartuta baina, langabezia jaitsi egin zen Nafarroan. Duela urtebete baino 4.200 langabe gutxiago zeuden Foru Erkidegoan, % 8,86 gutxiago.
Estatua
Estatuan ere gora egin du langabeziak: 11.900 langabe gehiago zenbatu ziren urte hasieran. Langabezia-tasa % 21ekoa zen. Denera, 4.791.400 pertsona zeuden langabezian.