Michelin Gasteizko behargin bat koma egoeran, plataforma batek harrapatu ostean
Michelin Gasteiz lantegiko behargin bat ospitaleratu dute, eta koma egoera eragin diote, plataforma igogailu eta hesi baten artean harrapatuta geratu ostean. ESK sindikatuak eman du ezbeharrren berri gaur goizean ohar batean.
Zentralak jakinarazi duenez, istripua igande goizeko 09:30ean gertatu zen. CGN tailerreko mantentze-taldeko langilea da. Egosketa-prentsa batean lan bat egitera zihoan, hainbat metroko altueran.
Plataforma igogailua prestatzen ari zela, 43 urteko gizona harrapatuta geratu zen, makinaren eta hesi baten artean, ESK-k azaldu duenez. "Istripuaren tokia estua eta maniobratzeko zaila da", gaineratu du sindikatuak.
ESK-ko hainbat ordezkari "segituan" bertaratu ziren, eta gertatutakoa ikertzen hasi ziren.
Langileen ordezkarien esanetan, asteartean bilduko dira enpresarekin, "istripua eragin zuten arrazoiak argitzeaz gain, beharrezkoak diren neurri prebentiboak hartzeko".