AHTaren lanak bertan behera utz ditzatela eskatu du martxa batek Azkoienen
250 pertsona inguru bildu dira larunbat honetan Abiadura Handiko Trenaren kontra Azkoienen izandako martxan. AHTaren lan-eremuraino egin dute ibilbidea, lan horiek bertan behera utz ditzatela eskatzeko, ekitaldiaren antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
Musika-ekipoa zeraman triziklo batek ireki du martxa. AHTaren aurkako leloak izan dira irakurgai manifestariek zeramatzaten pankartetan.
2,5 kilometro egin dituzte, AHTaren lan-eremuraino eta, bertan Guardia Zibileko patruila bat zegoela, agiria irakurri dute azpiegitura horren lanak bertan behera utz ditzatela aldarrikatzeko.
Martxa deitu duten elkarte sozialen eta sindikalen aburuz, datozen foru-hauteskundeei begira, "Tren Soziala edo Abiadura Handiko Trenaren aldeko apustuak zehaztuko ditu bi Gobernu-ereduak: bata progresista, ezkertiarra, Aldaketaren Gobernua; bestea, ordea, Gobernu klasista-elitista, eskuindarra".
Agirian antolatzaileek azpimarratu dutenez, "aldaketaren Gobernua ezin da oinarritu diru publikoaren xahutzea dakarren AHTaren garapenean". Horien esanetan, AHTak "gizartea zatitzen du, eta ingurugiroa hondatu".
Manifestua irakurri ostean, lan-eremuaren beste parte batean, 20 batek osatutako talde batek helio-globoak zituen pankarta bat eraman du eta, jarraian, 15 zuhaitz landatu ditu.