Bizkaiko metalgintzako lehen greba 'arrakastatsua' izan dela esan dute sindikatuek
Bizkaian, metalgintza sektoreko 50.000 langile greba egitera deituta daude gaur. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bost greba egun deitu dituzte, sektoreko lan hitzarmen berri baten alde. Gaurkoa, lehendabiziko lanuztea izango da, eta gainerako laurak ekainean izango dira: hilaren 6an, 7an, 20an eta 21ean.
Sindikatuek esan dute grebaren jarraipena % 70-80koa izan dela eta, ondorioz, lanuztea "arrakastatsua" izan dela. Halaber, FVEM patronala gogor kritikatu dute, "sindikatuen arteko plataforma bateratuak egindako aldarrikapenak kontuan hartu gabe, langileak mespretxatzen ari delako".
Goizean, manifestazio jendetsua egin dute Bilboko kaleetan barrena, 'Hitzarmen duin baten alde, Bizkaiko Metala greban' goiburupean.
Martxa Jesusen Bihotza plazatik abiatu da, 11:30ean, eta Euskadi plazan amaitu da, Bizkaiko metalaren patronalaren egoitzaren aurrean. Manifestazioan 10.000 langile inguruk hartu dute parte.
Mikel Etxeberria sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuko bozeramaileak adierazi duenez, "jarraipena handia izaten ari da, baina lehen balorazio gisa, esan beharra dago langileen erantzuna handia izan dela Bizkaian tamaina eta ezaugarri askotariko enpresak daudela kontuan izanda".
"Sektorean erreferente diren enpresa asko gelditu dira, baita lantegi txiki asko ere", adierazi du. Eta izen batzuk ere aipatu ditu: Petronorreko azpikontratak, Ormazabal eta Arteche taldeak eta Estampaciones Bizkaia fabrika.
Etxeberriak gogora ekarri du azken urte eta erdian patronalak negoziazioari uko egin diola eta ez duela "inolako ekarpenik egin". Hori dela eta, hurrengo bilerara –ekainaren 3an- lan baldintza "duinak" bermatuko dituen eta "langileei esker izandako irabaziak hobeto banatzeko" edukiak eraman ditzala eskatu dio.
"Konponbidea nahi badute, greba gehiagorik ez izatea nahi badute, lau sindikatuok modu bateratuan helarazi genion dokumentuak biltzen dituen hamar puntuei erantzun behar diote", erantsi du.
Iker Gonzalo CCOO sindikatu ordezkariak nabarmendu du Bizkaiko Metalgintzakoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen hitzarmenik "indartsuena". "2012an horretaz harro egoteko moduan ginen, baina egun, lan baldintzek okerrera egin dute, eta Araba, Burgos edo Kantabriako hitzarmenekin alderatuz gero, oso atzean geratu gara", ohartarazi du.
Horrez gain, hitzarmena azkenekoz berritu zenetik zortzi urte igaro direla salatu du: "Langileak nazkatuta, baina indartsu daude, gaurko grebak erakutsi duenez; patronalak atzera egingo duela eta benetako lan hitzarmen duin bat negoziatzeari ekingo diola espero dugu".
Eulate Zilonizaurrekoetxea LAB sindikatuko ordezkariak ere beharginek gaur egin duten indar erakustaldia azpimarratu du. "Asko daukagu irabazteko; gaurkoa egun historikoa izan da, baina hau guztia hitzarmen berriaren sinadurarekin amaituko da, eta hori ere historikoa izango da", adierazi du.
Jose Maria Rojo UGT sindikatuko ordezkariak ere antzeko adierazpenak egin ditu: "Bizkaian egun historikoa da gaurkoa, beste garai batzuetan bezala mobilizatu gara Metalgintzako langileak, eta hori harro egoteko modua da".
Sindikatuen esanetan, gutxienez 250 enpresa baino gehiagoko beharginek egin dute bat deialdiarekin. Azken unean, aste honetan, CNT sindikatuak ere bat egin du borrokarekin eta mobilizazioekin, nahiz eta deitzaileen artean ez izan.
Negoziazioa, blokeatuta
Hitzarmen berriaren negoziazioa ez aurrera ez atzera dagoela salatu dute sindikatuek. Greba deialdia eginagatik, ordea, patronalarekin bilerak egiteko asmoa agertu dute hitzarmena negoziatzen jarraitzeko. 2011koa da Bizkaiko metalgintza sektoreko azken ituna.
Aldarrikapenen artean, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera atzerapenak jasotzea eta soldata igotzea eskatzen dute.
Patronalak, bere aldetik, gezurtatu egin du sindikatuek esandakoa.
Gaurko greba egunaren ostean, ekainaren 3an egingo dute lan hitzarmena berritzeko hurrengo bilera. Aurrerapausorik ezean, beste lau greba egun egingo dituzte ekainean: hilaren 6an, 7an, 20an eta 21ean.
Zure interesekoa izan daiteke
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.
Espainiako Gobernuak diesela 20 zentimo jaitsiko du irailean, uztailean prezioak gora egin ostean
KPIa lau hamarren igo da uztailean, % 3,6raino Espainia osoan, erregaien eta elektrizitatearen garestitzeak bultzatuta. EAEn, hazkundea bost hamarrenekoa izan da, % 3,7raino. Nafarroan, aldiz, zazpi hamarrenekoa, % 3,4ra arte.
HLREk Megapark merkataritza-gunea saldu dio NEPI Rockcastleri, 254 milioi euroren truke
Akordio honek, NEPI Rockcastlek Europako merkataritza-zentroen sektorean duen presentzia indartuko du, eta Bizkaian erreferentziazko aktibo nagusietako bat gehituko dio bere merkataritza-ondareari.
Euskadiko ikuskizunetako teknikariek grebari eutsi diote, lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta
Lanuzteek abuztuaren 14an eta 26an jarraituko dute, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez.
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.