Osasuna
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Udan EAEko eta Nafarroako ospitaleetako 900 ohe itxiko dituztela salatu du Satsek

Erizainen sindikatuen arabera, osasun zerbitzu publikoek 'murrizketak' egingo dituzte uda garaian, eta horrek 'masifikazioa' ekarriko du larrialdietan.
Osasun langile bat gaixo bat artatzen, ospitale batean.
Osasun langile bat gaixo bat artatzen, ospitale batean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Satse erizainen sindikatuak salatu duenez, osasun zerbitzu publikoek "murrizketak" egingo dituzte uda honetan ere, eta, horren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako ospitaleetako 900 ohe baino gehiago itxiko dituzte horren erruz. Egoera horrek herritarren "segurtasunari kalte" egingo dio, sindikatuaren iritzian.

Uda sasoian administrazio publikoek duten jarrera kritikatu du Satsek ohar batean. Sindikatuak dioenez, "jendea oporretan doala aitzakia moduan hartu, eta oheak itxi eta zerbitzuak murrizten dituzte, osasun zentroetako erizain eta fisioterapeutak egoki ordezkatu barik".

Estatu osorako eta erkidego bakoitzerako dituen estimazioak kaleratu ditu Satsek bere oharrean. Espainiako Estatuan 12.700 ohe itxiko dituztela aurreikusi du sindikatuak; 730 baino gehiago EAEn, eta 170, Nafarroan. Valentzian zarratuko dituzte ohe gehien (3.000). Horren ostean, erkidego hauetan itxiko dituzte ohe gehien: Katalunia (1.900), Andaluzian (1.800) eta Madril (1.400). EAE zerrenda horretan seigarrena da.

Erizainen sindikatuaren ustez, uda itxaron zerrendak murrizteko balia lezakete administrazio publikoek, baina, horren ordez, luzatu egiten dira, kanpo-kontsultak, proba-diagnostikoak eta premiazkoak ez diren ebakuntzak "geldiarazi" egiten dituztelako.

Oheak ixteak larrialdi zerbitzuak "masifikatzea" ere badakar, Satseren arabera. Ondorioz, "gaixoak horretara bideratuta ez dauden lekuetan artatu behar ditugu, adibidez korridoreetan", salatu dute.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak sindikatuaren salaketari erantzun diote. "Uda guztietan arreta eskaerak behera egiten duenez" ospitaleetan ohe kopurua murrizten dela gogorarazi dute; izan ere, "pertsona gutxiago ospitaleratu behar dituzte". "Baliabide publikoak eraginkortasunez kudeatzeko" neurri bat dela azpimarratu dute, "osasun sistema publikoaren jasangarritasuna bermatzeko funtsezkoa".

Osakidetza: "Urtero egiten den sen oneko ekintza da"

Udaldian ospitaleetako oheen "erabilgarritasuna" mantentzen dela argitu du Eusko Jaurlaritzak. Horrela, "behar dutenen ospitaleratzea bermatzen da", erantsi du.

"Uda guztietan arreta eskaera murrizten da", eta Osakidetzak, "munduko osasun sistema guztiek bezalaxe", "beharrizanei egokitzeko" neurriak martxan jartzen ditu.

"Urtero egiten den sen oneko ekintza da: baliabideak Euskadiren osasun beharrizanei egokitzea da", nabarmendu du.

Zentzu horretan, Osakidetza oheen okupazio indizea urtean % 80 inguruan mantentzen saiatzen dela azaldu du. Horregatik, "ohe kopurua aldatu egiten da, aldi bakoitzeko eskaeraren arabera", gaineratu du.

"Neguan ohe kopurua areagotzen den bezala, udan kopuruak behera egiten du; izan ere, ospitaleratzea behar duten pertsonak gutxiago dira", zehaztu duenez.

"Baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra da, eta osasun sistema publikoaren beraren jasangarritasuna bermatzeko funtsezkoa", defendatu du. Azkenik, "Euskadin ohe bat behar duenari ez zaio faltako", adierazi dute Osasun Sailak eta Osakidetzak.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X