Donostiako Udalak uztailean itxiko du San Martin kalea, urtebetez
'Topo'aren trenbide-pasagunearen lanak egiteko, San Martin kalea 2020ko uztailerako osorik ixtea aurreikusi dutela jakinarazi du Donostiako Udalak, eta urtebete izango dela itxita. Hori dela eta, Donostiako Udalaren Mugikortasun eta Garraio Departamentuak plana prestatu du aipatutako mozketak Artzain Onaren parean sortuko dituen eraginei aurre egiteko.
Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak aurkeztu du plana, Espazio Publikoaren batzordean egindako agerraldian. Bertan azaldu duenez, "hiru fase izango ditu", eta hainbat aukera aurreikusi dituzte, "bai garraio publikorako eta larrialdietako ibilgailuetarako, bai garraio pribaturako; hala ere, gomendio nagusia da ibilgailu pribatua ez erabiltzea eta hirian zehar garraio publikoan mugitzea".
Lehen fasea
Aranaren hitzetan, Mugikortasun Departamentua plan horren hiru faseetako lehenengoan murgilduta dago duela zenbait astetatik. Horrela, 2020ko urtarrilaren 31ra arte, San Martin kaleak errei bat gutxiago du, eta irekita jarraitzen du ibilgailu pribatuentzat zein garraio publiko eta larrialdietarako ibilgailuentzat.
Era berean, Easora iritsi aurretik ezkerreko erreitik doazen ibilgailuek kale horretara jo beharko dute nahitaez, eta Urbieta kaletik San Martinera bira egitea debekatu dute, oinezkoentzako pasabidearen erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.
Horrez gain, Easoko eta San Martingo lanak abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra bitartean geldituko dituzte, inguruko merkatarien Gabonetako kanpainari ahalik eta kalte gutxien eragiteko asmoz.
Bigarren fasea
Otsailaren 1etik aurrera hasiko da bigarren fasea, eta uztailaren 15era arte iraungo du. Denbora tarte horretan, Urbieta eta Hondarribia arteko San Martin kaleak errei bakarra izango du, eta garraio publikoa, larrialdietako ibilgailuak, taxiak eta motoak bakarrik ibili ahal izango dira bertatik.
Fase horretarako, Mugikortasun Departamentuak gomendio hauek egin ditu: Antigua-Amara bidea edo saihesbidea erabili hiriaren mendebaldetik ekialderako joan-etorrietarako; erdialdetik Urbieta kalera iristen diren ibilgailuentzat, berriz, bertan bira egin eta Parke kaleraino joan, hortik Gernikako Arbola pasealekura bira egin ahal izateko.
Gaur egun, bira hori ezin da egin, ibilgailuak Mundaiz zubitik joaten direlako mendeurreneko plazarako norabidean, eta horrek ere eragina izango du, ezingo baitute zuzen jarraitu eta Gernikako Arbolaren pasealekurantz bira egin beharko baitute. Bertan, Araba parkearen eta Mundaiz zubiaren arteko oinezkoentzako pasabidea kenduko dute.
Halaber, bigarren fase horretan, Artzain Onaren ondoan dauden San Martin kaleko Dbus eta Lurraldebus autobusen geltokiak beste toki batean jarriko dituzte, aurrerago.
Hirugarren fasea
Hirugarren fasean (2020ko uztailaren 15etik 2021eko uztailera), Urbieta eta Hondarribia arteko San Martin kalea erabat itxiko dute. Epe horretan, ibilgailu pribatuen trafikoari jarritako murrizketak aurreko faseko berberak izango dira; garraio publikoa eta larrialdietako ibilgailuak, berriz, Easo kaletik Askatasunaren hiribideraino desbideratuko dituzte, eta bertan kokatuko dituzte San Martinen kenduko dituzten geltokiak.
Obrak egiten dituzten bitartean, oinezkoen zirkulazioak ez du ia eraginik izango, baina Loiola kaleko oinezkoen pasabidea laster kenduko dute, eta, ondorioz, oinezkoek arkuen azpitik ibili beharko dute, bai Urbiarantz joateko, bai Hondarribia kalerantz joateko.
Gainera, bigarren eta hirugarren faseetan, Artzain Onaren espaloiaren zati bati eragingo diote lanek, baina Katedralaren aurreko pasabidea eta bertara sartzeko bidea bermatuta egongo dira.
Oinezkoak
Obrak bukatu arte, oinezkoen zirkulazioak ia ez du aldaketarik izango. Hala ere, Loiola kaleko oinezkoen pasabidea laster kenduko dute, eta horrek arkuen azpitik ibiltzera behartuko du, bai Urbietarantz joateko, bai Hondarribia kalerantz joateko. Espaloiaren bidegurutzea ondo egingo da Urbieta ondoan edo Hondarribia ondoan.
Zure interesekoa izan daiteke
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.
Bazka erosketa bateratua aztertuko du Euskadik, lehorteak eragindako larre-eskasia dela eta
ENBA sindikatuko eta UAGA Arabako nekazarien elkarteko ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Lakuan, beroak eta euri faltak lehen sektorean eragindako kalteak aztertzeko.
Tubos Reunidosek 88,19 milioi euroko galera ekonomikoa izan du 2026ko lehen seihilekoan
Konpainiak nazioarteko arantzelek eragindako beherakadari eta enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioan zehar lantegietan izandako mobilizazioei egotzi die emaitza negatibo hori.
Etxebizitza-salerosketen kopurua % 8,2 igo da Nafarroan, eta % 13,6 jaitsi da EAEn, maiatzean
Notariotzaren Kontseilu Nagusiaren arabera, etxebizitzaren prezioa % 13,5 garestitu da Nafarroan eta EAEn, berriz, egonkor mantendu da.
BBVAk 6.051 milioi irabazi ditu ekainera arte, iaz baino % 11 gehiago, diru-sarrera errepikariek eta kredituen igoerak bultzatuta
Erakundeak akzioak berrerosteko ezohiko programa berri bat iragarri du, 2.000 milioi eurokoa. Lehenengo tartea, 1.000 milioikoa, abuztuaren 5ean hasiko da.
Urte arteko KPIa % 3,5eraino igo da uztailean Espainian, erregaien eta argindarraren igoeragatik
Azpiko inflazioa (energia eta elikagai freskoak kontuan hartzen ez dituena) hamarren bat igo da uztailean, % 3raino.