Milaka lagun irten dira kalera pentsio eta lan duinak eskatzeko
Milaka lagun irten dira kalera Hego Euskal Herrian Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrarekin bat eginez. Gehiengo sindikalak (tartean ELA eta LAB) eta hainbat elkarte sozialek osatutako kolektibo horrek bultzatu dute greba, pentsio publiko duinak aldarrikatu eta eskubide sozialak babestea xede. Deialdiaren sustatzaileek azpimarratu dute grebaren jarraipena "oso arrakastatsua" izan dela, eta manifestazioak "masiboak" izan direla. Eusko Jaurlaritzak eta patronalak adierazi dutenez, berriz, deialdiak "porrot" egin du. Bestalde, 19 pertsona atxilotu dituzte protestetan, desordena publikoak egotzita.
Bilbon, eguerdiko manifestazio jendetsua hasi aurretik, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, "gure indarra kalean dago": "Soilik kaletik eta mobilizatuz irekiko ditugu gizarte justuago bat lortzeko behar ditugun aukerak. Hau esnatuta dagoen herri bat da, gizarte justuago baten protagonista izan nahi duen jendea duen herria", azaldu du.
Lakuntzak eskerrak eman dizkie grebalari guztiei, "noski, greba egin ezin duten horiek ahaztu gabe, esaterako pentsiodunen mugimendua; borroka-eredu bat dira", esan du.
Lakuntzaren esanetan, "jende arruntak bere arazoak ditu. Eta arazo horiek izena dute: nahikoak ez diren pentsioak, prekarietatea, soldata-arrakala, etxebizitza... Arazo horiek guztiek ezin dute agenda politikotik kanpo egon".
Lakuntzaren iritziz, "Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak herri honi begiratu behar diote, hemen gaudenei entzun eta aldarrikapen ezberdinak aintzat hartu". "Beste politika eta eredu sozial bat behar dugu, baina, jendeari soilik patronalaren betaurrekoekin begiratzen badiozu, gertatzen dena gertatzen da", azpimarratu du.
"Espainiako Gobernua ere ez dut ahaztu nahi. Ez da nahikoa musikarekin, letra behar dugu. Ezinbestekoa da bertan behera uztea lan- eta eta pentsio-erreformak", esan du ELAko idazkari nagusiak.
"Bihar jarraituko dugu, baina indartsuago. Bihar pentsio publikoekin tematzen jarraituko dugu, prekarietatearen aurka borrokan, enpresaz enpresa, sektorez sektore. Gaur kalera atera den jendea herri honek duen onena da, eta gaur berriz ere erakutsi dute", erantsi du.
"Gaurkoa baretuko den ekaitz bat dela uste badute, oso nahasita daude", ohartarazi die Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak patronalari eta gobernuei, eta mezu "oso argia" bidali die greba orokorra eragin duten eskakizunei baiezkoa emateko.
Horren esanetan, bi hilabete "zentsuzko epea" da eskakizunak onar ditzaten. "Epe hori igarota baiezko erantzunik ez badago, kalean aurkituko gaituzte berriz, eta borrokan diharduen udaberri gorri bat loratzen ikusiko dute", iragarri du.
Aranbururen arabera, mobilizazio egun hau "oso garrantzitsua" izan da: "Jendea modu masiboan irten da kalera, lantokiak hustu dira eta kaleak bete dira. Gaur, kapitalaren diktadurari aurre eginez, langileriaren kontraerasoa antolatzen ari gara".
Jardunaldia "indar-erakustaldi garrantzitsua" izaten ari dela ikusita, gobernuek eta patronalak "kontuan hartzea espero dut", esan du LABeko idazkari nagusiak; bestela, "udaberrian jarraituko dugu, mobilizazio gehiagorekin".
Bilbon ere, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren ordezkariek mobilizazio gehiago antolatuko dituztela ohartarazi die gobernuei, greba honetako aldarrikapenei heltzeko "premiazko neurririk" hartzen ez badute. Besteak beste, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa eta gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea aldarrikatzen dute.
Manifestazioan, Jon Fano pentsiodunen ordezkariak esan duenez, mugimendua "pozik" dago deialdiak izan duen erantzunarekin. Nolanahi ere, gogora ekarri du honakoa ez dela pentsiodunek bakarrik egiten duten aldarrikapena; izan ere, "langileek, emakumeek, ikasleek eta prekariotasunean dauden langileek ere" bat egin dute eskari horrekin, eta, ondorioz, egunak "dimentsio historikoa" izan du.
"Norbaitek mobilizazio honekin kolektibo moduan nekatu egingo gaituela uste badu, oker dago", azpimarratu du. Horien aldarrikapen nagusien aurrean "premiazko neurriak" hartzen ez badituzte, "Euskal pentsionistek astelehenean berriz biltzea daukagu aurreikusita mobilizazio berrietan pentsatzeko", adierazi du Fanok.
"Gizarte Segurantzako diru-sarrerak hobetu ezean, soldatak eta enplegua hobetu ezean edo urperatutako ekonomiak eta lan beltzak aurrera atera ezean, ez dago zer eginik", nabarmendu du Fanok.
Manifestazioak, lau hiriburuetan
Langileek hainbat deialdi zituzten goizetik, baina eguerdiko manifestazioek bildu dituzte grebalari gehien, batez ere Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Deitzaileen arabera, 145.000 lagun irten dira kalera guztira manifestazio horietan: 50.000 bat Bilbon, 35.000 Donostian eta Iruñean, eta 25.000 Gasteizen.
Arratsaldean ehunka manifestazio antolatu dira hirietan eta herrietan. Inoiz ez dira hainbeste manifestazio egin greba bati ahalik eta oihartzun handiena emateko.
Bizkaian jarraipen handiena Durangaldean izan du. Bilbon, parte-hartzaileak 12:30ean abiatu dira Moyua plazatik udaletxerantz. Grebaren aldeko oihuak egin, eta lelo hau zuten pankartak eraman dituzte: "Pentsio duinak orain! Lan eta bizitza duina denontzat!". Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bere pankarta atera du, pentsiodunen elkarte batzuek ez baitute lanuztea babestu.
Gipuzkoan izan du jarraipen handiena grebak, Goierrin batez ere. Donostian, Artzain Onaren plazan batu dira manifestariak. Bertatik abiatu da martxa, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko liderra ere izan da bertan.
Nafarroan, jarraipena handiagoa izan da iparraldean. Iruñean, 35.000 bat lagun izan dira manifestazioan, antolatzaileen arabera, eta 12.000 bat, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera. Nafarroako hiriburuan ibili dira, hainbat bandera aldean eta erreibindikazio-oihuak botatzen. Sindikalistak, langileak, pentsiodunak eta faxismoaren aurkako mugimenduak izan dira martxan.
Manifestazioan, istiluak izan dira Iruñean. Poliziak karga egin du Sarasate Pasealekuan, txanodun batzuek agenteei harriak bota ondoren, eta inguru horretan, Comedias kalean, edukiontziak erre dituzte.
Gasteizen, halaber, milaka lagun atera dira kaleetara pentsio, lan eta bizitza duinak eskatzeko.
Urkullurentzat, "beste egun bat"
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du greba-egun hau "beste egun bat" dela berarentzat, ohi bezala, "euskal gizartearekin dudan konpromisoa" dela eta, arduraz lan egiteko beste egun bat.
Nafarroako Parlamentuko taldeek, berriz, era askotariko iritziak eman dituzte lanuzteaz. EH Bilduko parlamentariek bat egin dute deialdiarekin, eta ez dira Osoko Bilkurara joan; ondorioz, lege-proposamen baten eztabaida gai-zerrendatik kendu dute. Navarra Sumak gogor gaitzetsi du hori.
Javier Remirez Foru Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barne kontseilariak esan duenez, grebako lehen orduetan "normaltasuna" izan da nagusi, istilu batzuk izan diren arren. Foru Poliziak eta Estatuko segurtasun-indarrek azkar eman diete amaiera istilu horiei.
Zure interesekoa izan daiteke
Talgo % 9,7 igo da burtsan Sidenorrek konpainiaren % 30 erosi ondoren
Talgoren kotizazioa ordubete inguru egon da etenda ostiraleko saioan, konpainiak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari Sidenorrek akzio-pakete hori erosi duela jakinarazi aurretik.
Sidenorren arabera, Talgok "etorkizuneko proiektu sendo batekin" ekin ahalko dio etapa berriari
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuaren esanetan, euskal partzuergoak Talgoren % 29,76 erosteko sinatutako akordioa "mugarri oso garrantzitsua" da urtea amaitu aurretik operazioa gauzatu ahal izateko. EAJk euskal industriaren aldeko apustuaren erakusgarri gisa ospatu du operazioa; EH Bilduk, berriz, albiste ontzat jo du, nahiz eta izen aldaketa eskatuko duen eta beheranzko joera hartua duen euskal ekonomiarentzat lagungarria izatea espero du.
Talgo eta Sidenor, euskal industriaren bi erraldoi
Lehenengoa erreferentea da tren-sektorean; bigarrena, berriz, liderra da siderurgian.
Sidenor buru duen partzuergoak Talgoren % 29,76ren erosketa itxi du 156 milioiren truke
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV) behin-behinean eten du Talgoren kotizazioa, Sidenorrek gidatutako partzuergoak Pegasorekin sinatutako akzioen salerosketa-kontratua sinatu ondoren. Eragiketak otsailean lortutako aurreakordioa berretsi du, eta erosketaren azken faseari ekin dio.
Bizkaiko hegoaldeko trenbide-saihesbidearen obrak urtea amaitu baino lehen hasiko dira
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana Garcia Chuecak azaldu duenez, obrak amaitutakoan merkantzia-trenek ez dute Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldo zeharkatu beharko. "Aldiriko trenek bakarrik zirkulatuko dute, iberiar zabalera baitute trenbide horiek", gaineratu du.
Angula-arrantza denboraldia hastear, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak lehorrean
Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du aurtengo angularen arrantza-kanpaina, espeziea galtzear dagoela argudiatuta. Hala, urtebetean, gutxienez, ezingo da angularik harrapatu Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaietan. Euskadiko Anguleroen Elkarteak salatu du Europa osoan arrantzatuko dutela angula, Euskal Autonomia Erkidegoan izan ezik.
“Ipar Euskal Herrian, Asturiasen, Kantabrian… Europa osoan ari dira angula arrantzatzen, EAEn izan ezik”
Angula denboraldia hastear den honetan, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek ezin izango dute angula arrantzatu, Jaurlaritzaren debekua dela eta. Unai Eizagirre Anguleroen Elkartearen lehendakariak onartu du angularen egoera ez dela ona, baina kritikatu du debekua Euskal Autonomia Erkidegoan soilik ezarri dela, eta, bien bitartean, Asturiasen, Galizian... angula arrantzatzen ari direla. Eurak soluzioaren parte direla nabarmendu dute, eta, Frantziako eredua jarri dute mahai gainean.
Gobernantza Sailak 167,5 milioi bideratuko ditu 2026an Administrazioa arinagoa izan dadin
Gainera, Ubarretxena sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak 2023, 2024 eta 2025eko Lan Eskaintza Publikoak batuko ditu, eta guztira 1.700 plaza aterako ditu Administrazio Orokorrean, baina ez da deialdi bakarra egingo, eskalen arabera deituko dira.
Eusko Jaurlaritzak 8 ikuskatzaile gehiago kontratatuko ditu etxebizitza turistikoen gaineko kontrola areagotzeko
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak bere sailari dagokion datorren urteko aurrekontu-proiektua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Guztira, 56,5 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten baino % 2 gutxiago.
Mikel Jauregi: "Hidrogeno berdeak menpekotasuna galtzea ekarriko digu"
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak "Egun On" saioan adierazi duenez, "garai batean Errusiarekiko genuen menpekotasuna amaitu da, baina, orain, Ipar Amerikarekiko menpekotasuna sortzen ari gara". "Egin dezagun europar energia bat", gaineratu du sailburuak