Abian da pentsio duinak eta eskubide sozialak aldarrikatzeko greba orokorra
Hasi da pentsioen, enpleguaren eta eskubide sozialen aldeko greba orokorra. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan jarraipen zabala izatea espero da. Sindikatuek eta gizarte mugimenduek osatutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu ditu lanuzteak, eta, besteak beste, pentsiodunen mugimendu garrantzitsuen babesa du deialdiak.
Antolatzaileek salatu dutenez, gaur egungo "eredu ekonomiko eta soziala jasanezina" da, agintariek "aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa eta bidegabeagoa" egin dutelako. Ildo horretatik, lan arloko "prekarietatea egiturazko arazoa" dela ziurtatu dute, eta 2012an bezala egindako erreformekin herritarren arteko desberdintasunak areagotzen ari direla. Izan ere, "erreformek langabezia, behin-behinekotasuna eta erosteko ahalmenaren galera eragin dute, besteak beste".
Gainera, pentsio publikoetan ere etengabe murrizketak egin direla gogorarazi du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, 2011 eta 2013ko pentsio erreformak aipatuz. Horrek, "pentsio berriak murriztea, erosteko ahalmena galtzea eta erretiratzeko adina atzeratzea ekarri du".
Hori dela eta, eguneroko bizitza bera ere arriskuan jartzen ari direla salatu dute, "egitura kolektibo eta publikoak prekarizatuz eta babes sozialerako sistema eraitsiz", adibidez, egungo osasun-sistema, prestazio sozialak, edo etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea.
Egoera hori konpontzeko, "lan-baldintzak duintzen lagundu dezaketen neurri zehatzak" eskatu dizkiete agintariei: Lanaldia asteko 35 ordura murriztea, hilabetean 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIaren arabera igotzea, besteak beste. Horrez gain, etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea, soldata-arrakalarekin amaitzea eta azpikontratazioetan enplegua eta lan-baldintzak bermatzea ere eskatzen dute.
Mobilizazioak: orduak eta tokiak
'Lana, pentsioak eta bizitza duinak!' lelopean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 101 mobilizazio deitu ditu, "kaleak jendez bete eta aldarrikapen horiek ozen entzun daitezen". Martxa nagusiak Hegoaldeko lau hiriburuetan egingo dituzte, goizez eta arratsaldez:
- Bilbo: Zutabeak 11:45ean abiatuko dira Errekalde Zumarkaletik, Deustutik eta Jesusen Bihotzetik, eta manifestazio nagusia 12:30ean hasiko da, Moyuan (Plaza Eliptikoa), eta udaletxe aurrean amaituko da. Arratsaldeko manifestazioa 18:00etan hasiko da, leku berean (Moyua).
- Donostia: Zutabeak Gros, Amara eta Antiguatik aterako dira, 11:45ean. Manifestazio nagusia 12:00etan hasiko da Artzain Onean, eta Boulevard Zumardian amaituko da. Arratsaldean, 18:30ean, Boulevard Zumardian hasiko da.
- Gasteiz: Manifestazio nagusia 12:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik. Arratsaldean, berriz, Andre Maria Zuriaren plazan hasiko da martxa, 18:00etan.
- Iruñea: 11:00etan abiatuko dira zutabeak Sanduzelai, Berriozar, Txantrea, Arrotxapea, Atarrabia, UPNA eta Barañaindik. Manifestazio nagusia Gazteluko plazatik aterako da, 12:00etan. Arratsaldez, 17:00etan, autobus geltoki zaharretik.


Pentsiodunen arteko desadostasunak
Dena dela, euskal pentsiodun guztiak ez datoz bat osteguneko grebarekin, eta kolektibo guztiek ez dute deialdia babesten. Horietako batzuek "guztien izenean hitz egin zuen pentsiodunen mugimenduaren korronte bat" salatu dute, haien ustez, ELA eta LAB sindikatuen babesa baitu.
UGT Euskadik, berriz, ez du bat egiten "ez edukiekin, ez greba egiteko aukeratutako unearekin". Dena dela, Euskadiko pentsiodunen mugimenduak deitutako pentsio sistema publikoaren aldeko mobilizazioei babesa eman die sindikatuak.
UGT Euskadiren iritziz, deialdiak "EAEko hauteskundeetarako kanpaina politiko baten lehen ekitaldia dirudi, gauzak aldatzeko ahalegin serioa izan ordez". Gainera, ez du ulertzen greba orain egitea, Espainiako Gobernuak 2013ko pentsioen erreforma eta lan erreformen alderdirik lazgarrienak bertan behera uztea proposatu duenean.
CCOO Euskadik ere ez du grebarekin bat egingo, deialdi horrek euskal pentsiodunen mugimendua zatitu egin duela uste baitu. "Gaur egun, greba presaka antolatu dela eta testuingurutik kanpo dagoela uste dugu, are gehiago mahai gainean gobernu aurrerakoi baten akordioa badago".
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuek, berriz, greba babesten dute, beste talde feminista, ekologista eta gazteekin batera.
Patronala eta alderdi gehienak, grebaren aurka
Bestalde, deialdia "ulertezina, bidegabea eta nahiko arduragabea" dela uste du Eduardo Zubiaurre Confebask enpresaburuen patronaleko presidenteak, eta "Euskadin dauden baldintza sozioekonomikoak" izanda "ez da beharrezkoa", horren arabera.
Halaber, EAJko, PSE-EEko, Elkarrekin Podemoseko eta PPko bozeramaileek "greba politikoa" dela esan dute, EAEn "hauteskunde urtea" baita. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren aburuz, berriz, "ez dago greba egiteko arrazoirik".
EH Bilduk, ostera, bat egin du greba orokorrarekin, kalera ateratzeko "hamaika arrazoi" daudela iritzita.
"Prekarietatearen aurrean, bizi-baldintza duinak aldarrikatzen ditugu. Urtarrilaren 30ean kalera aterako gara erabaki politikoen erdigunean bizitza jartzeko eta hauek ez egoteko elite ekonomikoen interesen menpe. Kalean izango gara herri duin batean bizitza duin bat aldarrikatzeko", esan zuen Asier Iza EH Bilduko ordezkariak.
Horren hitzetan, oraindik "lan asko dago egiteko" herritarrek "bizi-baldintza duinak" lor ditzaten. Koalizio subiranistaren zinegotziak Eusko Jaurlaritzaren datuak aipatu zituen horren erakusle: "Pobrezia % 46 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan azkeneko urteetan, eta 200.000 pertsona pobrezia arriskuan daude. Pentsionisten erosteko ahalmenak % 6 egin du behera. Sinatzen diren kontratuen % 92 behin-behinekoak dira eta hainbat herritan, Sestaon adibidez, langabezia tasa % 18koa da".
Gutxieneko zerbitzuak
1.500 langile batzordek baino gehiagok bat egin dute jada deialdiarekin, eta Eusko Jaurlaritzak aurreko lanuzteen antzeko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Horrela, garraiobide publikoetan gutxienez % 30 ibiliko dira. Osasun arretari dagokionez, ospitaleetan jaiegunetako zerbitzua emango dute, eta anbulatorioetan, larunbatetakoa. Hezkuntza arloan, ikastetxe ez unibertsitarioetan gutxienez bi behargin egon beharko dira (eskolak zabalik daudela bermatu beharko dute), eta EHUn, langile bat.
Osasun arretari dagokionez, ospitaleetan senda-agiriak eman ahalko dituzte, eta aurretik hitzartutako edota atzeraezinak diren dialisi eta tratamendu onkologikoak emango dira. Larrialdi, sukalde eta garbiketa zerbitzuetan, "bakarrik beharrezkoak diren langileak" egongo dira.

Zure interesekoa izan daiteke
Renferen aldiriko trenak Hendaiara iritsiko dira urrian eta Frantziako abiadura handikoak Irunera, urtarrilean
Brinkola-Irun lineako trenak Hendaiara iristea ahalbidetuko duen akordioa sinatu berri dute Espainiako Garraio Ministerioak eta SNCF Frantziako tren konpainiak, Parisen. Era berean, TGV konpainiako tren lasterrak Gipuzkoako udalerrira arte helduko dira datorren urtetik aurrera.
Talgok eta Renfek 132 milioiko akordioa sinatu dute eta Avril trenen kontratu polemikoa itxitzat eman dute
Akordioaren arabera, Talgok 200 milioi euro jasoko ditu hiru hilabeteko epean, eta Renferekin zuen zigorra 2032an hasiko da ordaintzen.
Gizarte Segurantzako afiliatuen kopuruak gora egin du Euskadin eta Nafarroan, baina langabeziak ere gora egin du
Gipuzkoak izan du langabeen kopuruan gehikuntzarik handiena, eta Bizkaia da nagusi kotizatzaile berrien esparruan. Arabak, aldiz, balantze negatiboa du bi adierazleetan.
Gaurtik aurrera eskatu ahal izango dute Euskadiko familiek seme-alabengatiko 200 euroko dirulaguntza
Seme-alabak 4 urte izan arte luzatuko da laguntza hori, eta lehen aldiz tutoretza- eta harrera-familiei zabalduko zaie. Guraso bakarreko familien kasuan, gainera, seme-alabak 4 eta 7 urte izan bitartean, hilero 100 euroko laguntza jaso ahal izango dute.
Aldundiek eskumena izango dute beste lurraldeetako ibilgailu gidaridunen zerbitzua ematen duten enpresak zigortzeko
Euskadiko Garraio Agintaritzak protokolo bat adostu du VTC zerbitzuetan ikuskapenak eta zehapenak koordinatzeko.
Uztailaren 7an sartuko da indarrean Tubacexen lan-erregulazioa, langile-batzordearekin akordiorik lortu gabe
Aldi baterako lan-erregulazioak 430 langileri eragingo die. ELA sindikatuak iragarri du helegitea prestatzen hasiko dela, eta LAB egoera aztertzen ari da bere zerbitzu juridikoekin.
Jainagak eta Tubacexek Tubos Reunidos erosteko interesa erakutsi dute
Bilboko enpresariak eta Laudioko konpainiak erosketa prozesuaren lehen izapidea bete dute; eskaintza bat aurkeztu aurretiko interesa agertu dute.
Greba mugagabea deitu dute Bergarako eta Zarauzko IAT zentroetan uztailaren 13tik aurrera
ELA eta LAB sindikatuek lanuztera deitu dute lan-hitzarmena berritzeko negoziazioaren "blokeoa" dela eta.
Eusko Jaurlaritzak hamarren bat igo du EAEko BPGaren hazkundearen 2027rako aurreikuspena, eta 2026koa mantendu du
Aurreikuspenen arabera, enpleguak gora egingo du, industria pixkanaka suspertuko da eta soldatek bilakaera positiboa izango dute. Adierazle horien arabera, euskal ekonomiak "hazkunde egonkorraren bideari" eusten dio.
Batasunetik kanpo erositako 150 eurotik beherako pakete txikien gaineko zerga kobratzen hasi da EB
Europak galga jarri nahi die batez ere Txinatik (Temu, Shein eta AliExpress enpresen bitartez) Europar Batasunean sartzen diren kostu txikiko inportazioei. Orain arte, 150 euroz azpiko pakete txikiak muga-zergak ordaintzetik salbuetsita zeuden.