Greba, masiboa sindikatuentzat eta porrota Gobernuarentzat eta patronalarentzat
Ostegun honetako EAEko greba orokorrak "jarraipen masiboa" izan du sindikatuen arabera. Eusko Jaurlaritzarentzat, patronalarentzat eta EAJrentzat, berriz, "porrota" izan da.
Mobilizazioak goizean izan dira garrantzitsuak bereziki. Milaka pertsona irten dira kalera hiriburuetan.
Hori dela eta, sindikatuek esan dute greba "oso arrakastatsua" izan dela, eta mobilizazioak "masiboak" izan direla. Sindikatuen esanetan, eguerdiko martxetan 140.000 pertsona batu dira hiriburuetan, grebaren jarraipena oso zabala izan da sektore publikoan, eta nabarmentzekoa izan da denda, zerbitzu eta enpresetan.
Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak, patronalak eta EAJk eragina txikiagotu dute, eta "porrota" izan dela adierazi dute.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du grebak 2013ko irailekoak baino hamar puntu gutxiagoko jarraipena izan duela langile publikoen artean.
"Norbaitek Administrazioaren etsipen orokorra lortu nahi izan badu, ez du bere helburua lortu", esan du Erkorekak.
SEA Arabako patronalaren esanetan, greba "porrota" izan da (EAJk erabili duen hitz bera erabili du), eta jarraipen "oso mugatua" izan du, sektore publikoan zein pribatuan.
Greba orokorraren jarraipena, sindikatuen arabera
11:00ak jota, sindikatuek eta lanuztea deitu duten erakundeek nabarmendu dute Euskal Eskola Publikoan greba % 65eko jarraipena izaten ari zela, eta Osakidetzan Lehen Mailako Arretan eragin "oso handia" izan duela. Gainera, ziurtatu dutenez, zerbitzu publikoetan eta merkataritzan jarraipena gero eta handiagoa izan da, egunak aurrera egin ahala. Industrian, aldiz, goizetik izan du eragin nabarmena.
Sindikatuen esanetan, industria-sektorean ekoizpena geldirik izan da, eta grebaren hasieratik zenbait enpresa handi eta hainbat industrialde itxita izan dira. Gipuzkoan, jarraipena "ia erabatekoa" izan da, eta jarraipena handia izan da Beasaingo eta Irungo CAF, Jaso, Irizar, ABB NIESSEN, Elay, Indar, Bellota, GKN Legazpi, Sapa, Murias eta Olaberriko eta Bergarako Arcelor Mittal enpresetan.
Bizkaian, Lucart, Ormazabal, Onduline, Tecnichapa, Cementos Lemona, Eika, Cikautxo, Gestamp, Cie Automotive eta Aludium enpresetan nabaritu da gehien.
Bilbo Handian, halaber, hainbat langilek egin dute bat grebarekin enpresa hauetan: Eldu, Construcciones Olabarri, Tecnia, Navacel, Lamincer, Arisawa, Mesa eta Arteche.
Araban, hauek nabarmendu dituzte: Condesa, Inauxa, Amurrio Ferrocarril, Envases Metalurgicos, Jez, Auria, SDA, Laminaciones Arregui, Guardian, Sidenor Legutio, Arcelor Agurain eta Froneri.
Sindikatuek adierazi dutenez, zerbitzu pribatuetan ere izan da jarraipen zabala. Udalerri askotan, merkataritza txikiak itxi egin du, eta gauza bera egin dute EAEko eskola- eta enpresa-jantoki askok.
Hainbat merkataritza-zentro handik, Donostiako Garberako Eroskik kasu, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako beste batzuek ere, ez dute ireki. Araban ere eragina handia izan da sektore horretan. Bilboko eta Pasaiako portuetan, "jarduera oso txikia da".
Bestalde, zehaztu dutenez, garraio publikoko "linea askotan" gutxieneko zerbitzuak izan dira, "guztiz gehiegizkoak". Ildo horretan, enpresek "neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak" ezarri dituztela salatu dute: "Grebarekin bat egiteko asmoa zuten hainbat jarri dituzte gutxieneko zerbitzutan". Eta osasun publikoan ere gertatu omen da.
Herri-administrazioan, Gipuzkoan, dozenaka udaletxe itxi dituzte, Beasain, Tolosa, Andoain, Lasarte-Oria, Arrasate eta Bergarakoak, esaterako, eta Bizkaiko eta Arabako batzuetan ere "jarraipen handia" izan du; Bilbon, Getxon, Agurainen eta Laudion, besteak beste. Donostian, jarraipena % 40koa izan da, gutxi gorabehera.
Haurreskolak Partzuergoan, langileen % 80k babestu dute greba, eta ikastoletan % 90ek baino gehiagok. EHUn, jarduera gehienak bertan behera utzi dituzte, eta Mondragon Unibertsitatean Enpresa Fakultatea eta Gizarte Zientzietako Fakultatea itxi dituzte.
EiTBn, telebista eta irrati publikoetan, "albistegiak eta grabatutako saioak bakarrik" eman dituzte, eta Gara, Berria eta Deia egunkariek ez dute alerik kaleratu.
Deitzaileek salatu dute Ertzaintza eta beste polizia-indar batzuk "debekuak, isunak eta oztopoak" jarri dizkietela "greba orokorrean parte hartu dutenei". Kargak izan dira Gasteizen, manifestari batzuen kontra, eta Basaurin ere erabili dute indarkeria hainbat grebalariren aurka, horien esanetan.
Halaber, gaitzetsi dutenez, hainbat erakundek "manifestazio- eta bilera-askatasunaren aurka" egin dute, "mobilizazio batzuetarako baimenik ez baitute eman", eta, besteak beste, Bilbon aurreikusita zeuden zutabe batzuen kasua nabarmendu dute.
Horien arabera, "greba orokor honen sendotasuna indargabetzeko saiakera politikoa izan da hori, baina erantzun jendetsua hori eragozten ari da".
Greba orokorraren jarraipena, administrazioaren arabera
Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Administrazio Orokorrean izandako jarraipena % 16,9koa izan da; lanuztearen babesak, beraz, 10 puntu egin du behera 2013an egin zen azken greba orokorreko datuekin alderatuta. Josu Erkoreka bozeramailearen esanetan, "norbaitek desmobilizazio orokorra nahi bazuen, ez du lortu".
Jaurlaritzak adierazi duenez, Osakidetzan, goizeko txandan, langileen % 7,5ek babestu dute greba. Medikuen % 4,6k egin dute bat lanuztearekin, erizainen % 8,7k eta gainerako kategorietako langileen % 12,1ek. Nolanahi ere, Erkorekak nabarmendu du osasun-zentro guztiak egon direla zabalik.
Arratsaldean, jarraipena % 8,5era igo da. % 12,03koa izan da Araban, % 10,68koa Gipuzkoan eta % 6,47koa Bizkaian. Jarraipen handiena medikuena izan da (% 12,67) eta txikiena erizainena (% 5,5). Gainerako kategorietan, % 12,2k babestu dute greba.
Eusko Jaurlaritzaren mendekoak diren Justizia langileen artean, jarraipena % 3koa izan da.
Hezkuntza Sailaren esanetan, irakaskuntza publikoko irakasleen % 48,3k egin dute greba. Datu horiek ikastetxeen % 48ri dagozkie, arazo informatiko batek datuak "normaltasunez" jasotzea eragotzi baitu.
Bizkaiko metalaren sektorean (Bizkaiko sektore garrantzitsuena da, 48.000 langile baititu), grebaren jarraipena % 12koa izan da, patronalaren arabera.
SEA Arabako patronalaren esanetan, lurralde horretako enpresetan, langileen % 6k egin dute bat grebarekin. Beraz, deialdiak "porrot" egin duela esan du SEAk.
Nafarroako datuei dagokienez, Administrazioko langileen % 8,13k babestu dute greba orokorra, Foru Gobernuaren datuen arabera.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun Sailak esan du Lurraldebus zerbitzuen % 68,70 eman dituztela. Metro Bilbaok esan du normaltasuna izan dela nagusi metroan, eta etengabe ibili direla gutxieneko zerbitzuetan jasotako unitateak baino gehiago (% 30eko gutxieneko zerbitzua ezarri dute).
Zure interesekoa izan daiteke
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.
Espainiako Gobernuak diesela 20 zentimo jaitsiko du irailean, uztailean prezioak gora egin ostean
KPIa lau hamarren igo da uztailean, % 3,6raino Espainia osoan, erregaien eta elektrizitatearen garestitzeak bultzatuta. EAEn, hazkundea bost hamarrenekoa izan da, % 3,7raino. Nafarroan, aldiz, zazpi hamarrenekoa, % 3,4ra arte.
HLREk Megapark merkataritza-gunea saldu dio NEPI Rockcastleri, 254 milioi euroren truke
Akordio honek, NEPI Rockcastlek Europako merkataritza-zentroen sektorean duen presentzia indartuko du, eta Bizkaian erreferentziazko aktibo nagusietako bat gehituko dio bere merkataritza-ondareari.
Euskadiko ikuskizunetako teknikariek grebari eutsi diote, lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta
Lanuzteek abuztuaren 14an eta 26an jarraituko dute, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez.
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.