Milaka lagun irten dira kalera pentsio eta lan duinak eskatzeko
Milaka lagun irten dira kalera Hego Euskal Herrian Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrarekin bat eginez. Gehiengo sindikalak (tartean ELA eta LAB) eta hainbat elkarte sozialek osatutako kolektibo horrek bultzatu dute greba, pentsio publiko duinak aldarrikatu eta eskubide sozialak babestea xede. Deialdiaren sustatzaileek azpimarratu dute grebaren jarraipena "oso arrakastatsua" izan dela, eta manifestazioak "masiboak" izan direla. Eusko Jaurlaritzak eta patronalak adierazi dutenez, berriz, deialdiak "porrot" egin du. Bestalde, 19 pertsona atxilotu dituzte protestetan, desordena publikoak egotzita.
Bilbon, eguerdiko manifestazio jendetsua hasi aurretik, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, "gure indarra kalean dago": "Soilik kaletik eta mobilizatuz irekiko ditugu gizarte justuago bat lortzeko behar ditugun aukerak. Hau esnatuta dagoen herri bat da, gizarte justuago baten protagonista izan nahi duen jendea duen herria", azaldu du.
Lakuntzak eskerrak eman dizkie grebalari guztiei, "noski, greba egin ezin duten horiek ahaztu gabe, esaterako pentsiodunen mugimendua; borroka-eredu bat dira", esan du.
Lakuntzaren esanetan, "jende arruntak bere arazoak ditu. Eta arazo horiek izena dute: nahikoak ez diren pentsioak, prekarietatea, soldata-arrakala, etxebizitza... Arazo horiek guztiek ezin dute agenda politikotik kanpo egon".
Lakuntzaren iritziz, "Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak herri honi begiratu behar diote, hemen gaudenei entzun eta aldarrikapen ezberdinak aintzat hartu". "Beste politika eta eredu sozial bat behar dugu, baina, jendeari soilik patronalaren betaurrekoekin begiratzen badiozu, gertatzen dena gertatzen da", azpimarratu du.
"Espainiako Gobernua ere ez dut ahaztu nahi. Ez da nahikoa musikarekin, letra behar dugu. Ezinbestekoa da bertan behera uztea lan- eta eta pentsio-erreformak", esan du ELAko idazkari nagusiak.
"Bihar jarraituko dugu, baina indartsuago. Bihar pentsio publikoekin tematzen jarraituko dugu, prekarietatearen aurka borrokan, enpresaz enpresa, sektorez sektore. Gaur kalera atera den jendea herri honek duen onena da, eta gaur berriz ere erakutsi dute", erantsi du.
"Gaurkoa baretuko den ekaitz bat dela uste badute, oso nahasita daude", ohartarazi die Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak patronalari eta gobernuei, eta mezu "oso argia" bidali die greba orokorra eragin duten eskakizunei baiezkoa emateko.
Horren esanetan, bi hilabete "zentsuzko epea" da eskakizunak onar ditzaten. "Epe hori igarota baiezko erantzunik ez badago, kalean aurkituko gaituzte berriz, eta borrokan diharduen udaberri gorri bat loratzen ikusiko dute", iragarri du.
Aranbururen arabera, mobilizazio egun hau "oso garrantzitsua" izan da: "Jendea modu masiboan irten da kalera, lantokiak hustu dira eta kaleak bete dira. Gaur, kapitalaren diktadurari aurre eginez, langileriaren kontraerasoa antolatzen ari gara".
Jardunaldia "indar-erakustaldi garrantzitsua" izaten ari dela ikusita, gobernuek eta patronalak "kontuan hartzea espero dut", esan du LABeko idazkari nagusiak; bestela, "udaberrian jarraituko dugu, mobilizazio gehiagorekin".
Bilbon ere, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren ordezkariek mobilizazio gehiago antolatuko dituztela ohartarazi die gobernuei, greba honetako aldarrikapenei heltzeko "premiazko neurririk" hartzen ez badute. Besteak beste, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa eta gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea aldarrikatzen dute.
Manifestazioan, Jon Fano pentsiodunen ordezkariak esan duenez, mugimendua "pozik" dago deialdiak izan duen erantzunarekin. Nolanahi ere, gogora ekarri du honakoa ez dela pentsiodunek bakarrik egiten duten aldarrikapena; izan ere, "langileek, emakumeek, ikasleek eta prekariotasunean dauden langileek ere" bat egin dute eskari horrekin, eta, ondorioz, egunak "dimentsio historikoa" izan du.
"Norbaitek mobilizazio honekin kolektibo moduan nekatu egingo gaituela uste badu, oker dago", azpimarratu du. Horien aldarrikapen nagusien aurrean "premiazko neurriak" hartzen ez badituzte, "Euskal pentsionistek astelehenean berriz biltzea daukagu aurreikusita mobilizazio berrietan pentsatzeko", adierazi du Fanok.
"Gizarte Segurantzako diru-sarrerak hobetu ezean, soldatak eta enplegua hobetu ezean edo urperatutako ekonomiak eta lan beltzak aurrera atera ezean, ez dago zer eginik", nabarmendu du Fanok.
Manifestazioak, lau hiriburuetan
Langileek hainbat deialdi zituzten goizetik, baina eguerdiko manifestazioek bildu dituzte grebalari gehien, batez ere Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Deitzaileen arabera, 145.000 lagun irten dira kalera guztira manifestazio horietan: 50.000 bat Bilbon, 35.000 Donostian eta Iruñean, eta 25.000 Gasteizen.
Arratsaldean ehunka manifestazio antolatu dira hirietan eta herrietan. Inoiz ez dira hainbeste manifestazio egin greba bati ahalik eta oihartzun handiena emateko.
Bizkaian jarraipen handiena Durangaldean izan du. Bilbon, parte-hartzaileak 12:30ean abiatu dira Moyua plazatik udaletxerantz. Grebaren aldeko oihuak egin, eta lelo hau zuten pankartak eraman dituzte: "Pentsio duinak orain! Lan eta bizitza duina denontzat!". Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bere pankarta atera du, pentsiodunen elkarte batzuek ez baitute lanuztea babestu.
Gipuzkoan izan du jarraipen handiena grebak, Goierrin batez ere. Donostian, Artzain Onaren plazan batu dira manifestariak. Bertatik abiatu da martxa, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko liderra ere izan da bertan.
Nafarroan, jarraipena handiagoa izan da iparraldean. Iruñean, 35.000 bat lagun izan dira manifestazioan, antolatzaileen arabera, eta 12.000 bat, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera. Nafarroako hiriburuan ibili dira, hainbat bandera aldean eta erreibindikazio-oihuak botatzen. Sindikalistak, langileak, pentsiodunak eta faxismoaren aurkako mugimenduak izan dira martxan.
Manifestazioan, istiluak izan dira Iruñean. Poliziak karga egin du Sarasate Pasealekuan, txanodun batzuek agenteei harriak bota ondoren, eta inguru horretan, Comedias kalean, edukiontziak erre dituzte.
Gasteizen, halaber, milaka lagun atera dira kaleetara pentsio, lan eta bizitza duinak eskatzeko.
Urkullurentzat, "beste egun bat"
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du greba-egun hau "beste egun bat" dela berarentzat, ohi bezala, "euskal gizartearekin dudan konpromisoa" dela eta, arduraz lan egiteko beste egun bat.
Nafarroako Parlamentuko taldeek, berriz, era askotariko iritziak eman dituzte lanuzteaz. EH Bilduko parlamentariek bat egin dute deialdiarekin, eta ez dira Osoko Bilkurara joan; ondorioz, lege-proposamen baten eztabaida gai-zerrendatik kendu dute. Navarra Sumak gogor gaitzetsi du hori.
Javier Remirez Foru Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barne kontseilariak esan duenez, grebako lehen orduetan "normaltasuna" izan da nagusi, istilu batzuk izan diren arren. Foru Poliziak eta Estatuko segurtasun-indarrek azkar eman diete amaiera istilu horiei.
Zure interesekoa izan daiteke
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.
Espainiako Gobernuak diesela 20 zentimo jaitsiko du irailean, uztailean prezioak gora egin ostean
KPIa lau hamarren igo da uztailean, % 3,6raino Espainia osoan, erregaien eta elektrizitatearen garestitzeak bultzatuta. EAEn, hazkundea bost hamarrenekoa izan da, % 3,7raino. Nafarroan, aldiz, zazpi hamarrenekoa, % 3,4ra arte.
HLREk Megapark merkataritza-gunea saldu dio NEPI Rockcastleri, 254 milioi euroren truke
Akordio honek, NEPI Rockcastlek Europako merkataritza-zentroen sektorean duen presentzia indartuko du, eta Bizkaian erreferentziazko aktibo nagusietako bat gehituko dio bere merkataritza-ondareari.
Euskadiko ikuskizunetako teknikariek grebari eutsi diote, lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta
Lanuzteek abuztuaren 14an eta 26an jarraituko dute, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez.
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.