Lan Ikuskaritzak bi zehapen-espediente ireki ditu eta 147 errekerimendu egin ditu
Lan Ikuskaritzak 2020ko lehen seihilekoan garatutako jardueraren balantzea aurkeztu du gaur Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburuak, COVID-19aren pandemiaren ondorioz zabaldutako ezohiko kanpainak barne (Koronabirusarekiko Esposizio Arriskua eta ABEEi buruzko Txostenak).
2020ko lehen seihilekoan, guztira, 10.797 ikuskapen-jarduera egin dira, eta lan-iruzurraren aurkako borrokaren esparruan 5.682 kontratu berrikusi dira. Kontratu horietatik 1.959 eraldatu egin behar izan dira legezkotasunera egokitzeko, eta horrek % 34,5eko eraginkortasuna izan dutela esan nahi du.
San Jose sailburuak Lan Ikuskaritzak koronabirusarekiko esposizioaren arriskuari aurre egiteko garatutako kanpaina nabarmendu du, guztira 551 jarduera batu baititu: "551 jarduketa izan dira, 2 zehapen-espediente eta 147 errekerimendurekin soilik, eta horietan sindikatuek eta langileek enpresa-sektore guztietan egindako salaketa guztiak sartzen dira, enpresak COVID-19aren aurkako babesari buruzko araudia betetzen ez zuela iritzita".
Sei hilean behingo txostenaren aurkezpenean, Iciar Gonzalez Lan Ikuskaritzako zuzendariordearekin batera, Maria Jesus San Jose sailburuak legegintzaldiaren hasieran aktibatutako lan-iruzurraren aurkako kanpainaren emaitza bikaina adierazi du. Kanpaina horri esker, guztira, 18.300 kontratu eraldatu dira. "Oso emaitza onak dira –adierazi du–, lan-iruzurraren aurka jarduteko gure erabaki irmoak markatutako legegintzaldiaren ondorioz. Guztira, legez kanpoko 18.300 kontratu aldatu dira, eta horietatik 2.000 Lan Ikuskaritzak aurtengo lehen seihilekoan garatutako jarduerari dagozkio".