Ostalariek protesta egingo dute, "ezintasuna eta beldurra" sentitzen dituztelako
SOS Ostalaritza plataformako kideek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan protesta egitera deitu dute larunbat honetan, ostalaritza sektorea “desagertzeko arriskuan” dagoela salatzeko.
Mobilizazioak 17:30 aldera abiatuko dira Donostiako Boulevard zumarditik, Gasteizko Bilbo plazatik, Iruñeko Gazteluko plazatik eta Bilboko Moyua plazatik.
Urko Manzano Sustrai tabernako (Getxo, Bizkaia) jabeak elkarrizketatu du eitb.eus-ek. Sektoreari murrizketa gehiago ezartzea espero zutela onartu du Manzanok, baina ez itxiera. Ordutegiak edo aforoak gehiago mugatzea espero zutela azaldu du tabernariak.
Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren aurrean, ostalariak "ezintasuna, zalantza eta beldurra" sentitzen ditu. Manzanoren hitzetan, "ez dakigu bihar zer gertatuko den, zein izango den irtenbidea, aldi baterako erregulazioa bai ala ez, inolako dirulaguntzarik aurreikusi gabe erabakia hartu dutelako".
Asteburuko mobilizazioei begira, hornitzaile, ekoizle eta bezero askok manifestazioekin bat egingo dutela uste du Manzanok; izan ere, sare sozialetan parte hartzeko deiak egiten ari dira.
Sutrai tabernako jabearen ahotan, pandemiaren zortzi hilabete igarota eta COVID-19aren aurkako neurri politikoen emaitza eza ikusita, "herritarrak eta ostalaritza egoeraren erantzule" egin dituzte. Ostalaria eta herritarra "erruduntzat" jo dituzte, erantsi duenez. "Osasun krisia hasi zenetik zortzi hilabete igaro dira dagoeneko, eta ez dute Osakidetza sendotu, ez dituzte bilatzaile gehiago lanean jarri…", gogorarazi du. Zentzu horretan, erakundeei "seriotasun falta" egotzi die Manzanok.
COVID-19aren krisiak gehien astindutako sektoreetako bat da ostalaritza. SEA Ostalaritza, Bizkaiko Ostalarien Elkartea eta Gipuzkoako Ostalaritzako presidenteek azpimarratu dutenez, sektoreak 60.000 lanpostu ditu, eta "% 25 desagertuko dira erreskate neurriak berehala martxan jarri ezean".
"Panorama atsekabegarria da. Jendea oso kezkatuta dago. Etorkizunean ziurgabetasuna da nagusi", adierazi du Carlos Sobron SOS Ostalaritza Arabako bozeramaileak Radio Euskadin. "Beste herrialde batzuetan egin bezala, dirulaguntza zuzenak" ematea eskatu du Sobronek.
Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaileak Radio Euskadin nabarmendu duenez, taberna eta jatetxeek "gauzak ondo" egin dituzte birusa hedatzea saihesteko. "Ez dago datu zehatzik esateko ostalaritza ixtea dela arazoaren konponbidea. Katalunian 15 egun daramatzate itxita eta kutsatzeak ez dira txikitu; Madrilen, aldiz, hobera egin du osasun egoerak, eta ez dituzte tabernak zarratu", azaldu du.
"Guretzat, osasun arlotik zaila da erabaki batzuk eztabaidatzea, baina plan zehatz bat eskatzen dugu. Ez du balio esatea laguntzak aztertuko dituztela, horrek denbora eskatzen duelako eta sektoreko profesionalek ordainketei aurre egin behar dietelako", kritikatu du.
Era berean, uste du itxiera larunbat baterako ezartzea "Jaurlaritzaren sentsibilitate faltaren beste adibide bat" dela. "Ixtea erabakitzen bazen, neurria astelehenetik aurrera ezartzea eskatzen genuen guk, horrela astebururako salgaiak erosita zituzten horiek ez dituzte zakarrontzira bota beharko", deitoratu du.
Azkenik, azpimarratu du orain arte eskaini dizkieten finantzazio lerroak ez direla lagungarriak, "gehiago zorpetzea" dakartelako. Are gehiago, bankuek maileguak ematen ez dituztela salatu du, "ostalaritzako balantzeek ez dituztelako estandarrak betetzen".

Pertsona bat, itxitako taberna baten aurrean, Gasteizen. Argazkia: EFE
Mikel Aiestaran Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Kudeaketa zuzendariak Euskadi Irratian aitortu duenez, erabakiarekin "etsita eta haserre" daude, eta askorentzat "azken kolpea" izango dela nabarmendu du. Izan ere, Gipuzkoako ostalarien ustez, epe motzera 1.000 lokal itxiko dituzte, eta lanpostuen % 25 galduko da, hau da, 16.000 lanpostu.
Aiestaranek nabarmendu du osasun egoera dela lehentasuna da, baina "bidegabetzat" jo du erabakia, "frogatua" baitago taberna eta jatetxeek "segurtasun neurri guztiak bete" dituztela, eta ez direla kutsatzeen "foku garrantzitsuena" izan.
“Sektoreko langile guztiak babesteko neurriak” eskatu ditu LAB sindikatuak ohar batean. “Sektorearekin lotutako jarduera guztiak pandemiak bereziki astindutako jarduera gisa aitortzea eskatzen dugu. Eta ondorioz, sektorea defendatzeko ezohiko neurriak hartu behar dira”, azpimarratu du sindikatuak.
“Ostalaritza sektorearen kriminalizazioa" gogor kritikatu du LABek agirian. “Krisi egoera honetan ostalaritza behin eta berriro kolpatzen ari dira, mugak ezarriz edo positiboen erantzule eginez. Horren atzean gobernuen kudeaketa txarra ezkutatzeko asmoa dagoela argi dugu”, salatu du sindikatuak.
“Ostalaritza sektorearekin lotutako langile eta jarduerak ugari dira: ekoizleak, hornitzaileak, garbitzaileak edo aholkulariak. Murrizketek ondorio larriak dituzte langile askorentzat. Hala ere, erabaki politikoak debekuak eta isunak arautzera mugatu dira, eta sekula ez dituzte sektorea babesteko neurriak planteatu”, gogorarazi du.
Guzti horregatik, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin beharreko protestekin bat egin du LABek.”Ostalaritzaren kriminalizazioaren aurrean protesta egingo dugu, eta sektoreko beharginak babesteko neurriak aldarrikatuko ditugu”, errepikatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Tubos Reunidosek 71,3 milioi euroko galerekin itxi du behin-behinean 2025eko ekitaldia
Negozio-zifrak % 13 egin zuen gora, baina batez besteko salmenta-prezio txikiaren ondorioz, konpainiaren zorra 263,2 milioi eurora igo da. Amurrion (Araba) eta Trapagaranen (Bizkaia) lantegiak dituen enpresak ohar baten bidez adierazi duenez, AEBetako jardueraren beherakadak eragindako kaltea zenbatzea falta zaie.
Makinistek greba abiatu dute, tren zerbitzuaren krisiaren ostean
Jaurlaritzak % 50eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu puntako orduetan, eta % 25ekoak gainerako orduetan Bilboko eta Donostiako aldiriko bost lineetan, trenbide sektoreko sindikatuek otsailaren 9an, 10ean eta 11n deitutako hiru greba egunetarako.
Amurrioko Tubos Reunidoseko langileek 24 orduko lanuzteari ekin diote, enplegu-erregulazio prozesuari aurre egiteko
Igandeko 22:00etan hasi da lanuztea. Astelehen honetan bilduko da zuzendaritza Amurrioko zein Trapagarango lantegietako ordezkaritza sindikalarekin, eta enplegu-erregulazioko txostenaren berri emango die. UGT beldur da kaleratzeak 130 baino gehiago izango ote diren.
Talgok 1.332 milioi euroko kontratua lortu du Saudi Arabian, abiadura handiko 20 tren egiteko
Jose Antonio Jainaga urtarrilean tren-konpainia horretako presidente izendatu zutenetik sinatutako lehen kontratu handia da. 20 tren horiek Talgok 2018an hornitu zituen 35 trenei gehitu behar zaizkie.
Ertzaintzaren lan eskaintzarako lehen probak atzerapenarekin hasi dira, espero baino jende gehiago aurkeztu baita
Aurreikusitakoa baino ordubete eta laurden geroago hasi dira azterketak, leku eta proba gehiago prestatu behar izan dituztelako; izan ere, hautagaien % 70 aurkeztu ohi dira, eta % 85etik gora bertaratu dira gaurkoan. Segurtasun Sailak ohar bidez azaldu duenez, sindikatuei eman diete jada gertatutakoaren berri, baina Legebiltzarrean agerraldia eskatu du azalpenak emateko.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte datorren asteko trenbideen sektoreko grebari begira
Trenbideko sindikatu nagusiek (CCOO, UGT eta makinisten Semaf) datorren asterako deitutako grebari eutsiko diote, otsailaren 9tik 11ra.
Metal Groupek enpresa-batzordeekin eta administratzailearekin aztertuko du konkurtsoaren eta lantegien itxieraren ondorengo egoera
COOOko iturriek adierazi dutenez, egoera zaila da, eta, gainera, zaila da lantegien jarraitutasuna bermatuko lukeen erosle bat aurkitzea.
Elkarrekin Podemosek zuzenketak aurkeztuko dizkio turismo-zergari "progresiboa eta udalerrien errealitatera egokitua" izan dadin
Miren Echeveste Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak esan duenez, bere taldeak "jarrera ireki, arduratsu eta eraikitzailearekin" egingo dio aurre zerga honen negoziazioari, "aurreproiektua indartzeko eta herri eta hirietako bizitzarekin bateragarria den turismo eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko".
Adegi: "Absentismoak gizarte osoaren kezka izan beharko luke, ez bakarrik enpresariena"
Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiak positibotzat jo du Cebekek gai horretan neurriak hartzeko eskatu izana. "Eragile guztiok partekatu beharko genuke diagnostikoa, eta neurriak jarri beharko genituzke hori murriztu ahal izateko", gaineratu du.
Donostia da hiribururik garestiena: 6.107 euro metro karratuko
Donostia da, alde handiarekin, hiribururik garestiena, Madril, Bartzelona, Palma eta Bilboren aurretik, baina Gasteiz eta Iruñea ere Estatuko 10 hiri garestienen artean daude.