Ekonomia jasangarria
Gorde
Kendu nire zerrendatik

600 milioiko bonu jasangarria jaulkiko du Jaurlaritzak gizarte politika finantzatzeko

Laugarrenez jaulkiko duen bonu horren helburua da ekonomia jasangarriarekin lotutako proiektuak diruz laguntzea. "Merkatuen egoerak hobera egiten duenean iritsiko da", aurreratu du Ekonomia Sailak.
Pedro Azpiazu, Ekonomia eta Ogasun sailburua
Pedro Azpiazu, Ekonomia eta Ogasun sailburua. Argazkia: EiTB

Eusko Jaurlaritzak iragarri du "Euskadiko Bonu Jasangarria" jaulkiko duela laugarrenez, osasunarekin, hezkuntzarekin eta gizarte politikekin lotutako proiektuak finantzatzeko. 600 milioi euroko bonu horrekin "COVID-19ak eragindako ezohiko egoerari aurre egitea" da helburua.

Hain zuzen ere, helburu nagusia da ekonomia jasangarriarekin lotutako egitasmoak diruz laguntzea. Ildo horretan, Ekonomia eta Ogasun Sailak aurreratu du merkatuen egoerak hobera egiten duenean iritsiko dela bonua.

600 milioi horien % 49 gizarte politiketara bideratuko dute: etxebizitza sozialarekin zerikusia duten proiektuak, lanpostu berrien sorrera eta garapen sozioekonomikoa.

% 22, berriz, osasun arlora zuzenduko dute; osasun langile gehiago kontratatzeko, ospitaleetan eta osasun-zentroetan inbertitzeko eta farmaziako gastua finantzatzeko.

Bestalde, bonuaren % 15 jasoko du hezkuntzak. Horrekin, irakasle gehiago kontratatuko dituzte, COVID-19aren pandemiak agerian utzitako beharrak asetze aldera. Halaber, hezkuntza zentroetara ere bideratuko dute zati handi bat; haur-eskoletara, lanbide heziketara, beken finantziaziora eta EHUra.

Modu horretan, bonuaren % 86 jasoko dute gizarte politikek, eta gainerako % 14 ingurumenarekin lotutako programentzat izango da; besteak beste, energia berriztagarrientzat, garraio jasangarriarentzat, ingurumenaren babes eta kontrolerako eta uraren kudeaketarako.

Eusko Jaurlaritzaren zorpetze maila 1.374, 5 milioi hazteak ahalbidetu du laugarren bonu jasangarriaren jaulkipena.

Zure interesekoa izan daiteke

teknikariak protesta gasteiz
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin

Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X