Estauko aurrekontu orokorrak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Milaka zuzenketa Espainiako Gobernuak urte amaieran onartu nahi duen aurrekontuari

EH Bilduk bat egin du ERCrekin eta Podemosekin etxe kaleratzeak 2022ko abendura arte gutxienez bertan behera uztea eskatzeko. EAJk, berriz, dieselaren gaineko zerga kentzea eskatu du, besteak beste.
Maria Jesus Montero Ogasun ministro espainiarra. Argazkia: Efe
Maria Jesus Montero Ogasun ministro espainiarra. Argazkia: Efe

Espainiako 2021eko Estatuko aurrekontu orokorrak alderdi politiko ia guztien zuzenketak jaso ditu, tartean Gobernuko kideen soldatak izoztea, eta urte amaieran onartuta egon daiteke, urtarrilaren 1ean indarrean sartzeko.

Aurrekontuaren onarpenean edukiak edo jaso dezakeen babesak pisu handiagoa zerk duen eztabaidatzen ari diren bitartean, Ciudadanosek eta ERCk berretsi dute ez dutela elkarrekin bozkatuko eta Espainiako Gobernuak bataren edo bestearen alde egin beharko duela.

Astearte honetan amaitu da 2021ko aurrekontuari zuzenketak sartzeko epea, eta milaka aldaketa eskaera jaso dituzte, gehienak (1.500) PPrenak, baina ERCk, JxCATek eta Ciudadanosek 300dik gora aurkeztu dituzte, BNGk 200 bat, eta EAJk eta Mas Paisek 100dik gertu.

Alderdiek osoko zuzenketei buruzko eztabaidan agertu zituzten desadostasunak jaso dituzte emendakinetan, baina oraingoan PSOEk eta Unidas Podemosek ezustekoa eman dute Gobernuko kideen soldatak 2021ean izozteko ekimenarekin.

Hala, PP eta Ciudadanos turismoaren eta ostalaritzaren sektoreei laguntza zuzenak ematean zentratu dira, eta laranjek aldi baterako erregulazio txostenak 2021eko ekainaren 30era arte luzatzea ere eskatu dute. EH Bilduk, ERCk eta Unidas Podemosek, berriz, etxe kaleratzeak 2022ko abendura arte gutxienez atzeratzea, eta alarma egoeran argi, gas eta ur mozketarik ez egitea proposatu dute.

EAJk eta Ciudadanosek bat egin dute dieselaren gaineko zerga kentzeko eskaerarekin, eta Mas Paisek adierazi du bere "sentsazioa" dela Espainiako Gobernuak eutsi egingo diola neurriari.

Dena den, Maria Jesus Montero Ogasun ministro espainiarrak onartu du atzera egin beharko dutela zerbaitetan azken bozketan alderdi politikoen babesa eskuratzeko.

Zuzenketa horiek guztiak azaroaren 20tik 27ra eztabaidatuko dituzte Kongresuko Aurrekontuen Batzordean, azken egun horretan bertan bozkatuko baitute Kongresura bidaliko duten azken ebazpena. Kongresuan azaroaren 30etik abenduaren 3ra egingo dute bozketa.

Espainiako Gobernuaren esperantza aurrekontua urtea amaitu baino lehenago onartzea da, eta horretarako Meritxell Batet Kongresuko presidenteak urteko azken astean deituko du osoko bilkura, Senatuko izapideak bi aste irauten baitu.

Bien bitartean, Espainiako koalizio Gobernua babesak bilatzen ari da, eta osoko zuzenketak errefusatu zituzten 198 botoetara gerturatu nahi du.

Hala ere, oraingoz zaila dirudi Ciudadanosek eta ERCk bat egitea bozketan, bi alderdiek esan baitute ez direla bateragarriak ez ekonomikoki ez sozialki.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X