EITB DATA: Euskal familiek ekonomian konfiantza berreskuratu dute
Euskal familien konfiantza ekonomikoak goranzko joera hartu du, urtebete baino gehiagoz oso maila baxuan egon ostean. Hala erakusten dute erakunde zenbaitek egindako azterketek, herritarrek baikortasunez begiratzen diotela etorkizunari ekonomia orokorraren eta langabeziaren arloetan.
EAEn Kontsumitzaileen Konfiantza Indizea, KKI gisa ezagutzen dena, 2an kokatu da 2021eko bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekotik 32 puntuko igoera nabarmenarekin. Hobetzeko itxaropena ekonomia orokorrari eta langabeziari dagokionez igo da gehien, 50 eta 58 puntuko igoerarekin hurrenez hurren. Aurrezteko gaitasunaren inguruko itxaropena 10 puntu igo da, 4 puntu positibotan kokatuz; negatiboan mantentzen den aldagai bakarra etxeko ekonomiarena da, 14 puntutan hobetu arren, -2an gelditu baita oraingoz.
Nafarroako Estatistika Institutuak ez ditu oraindik bigarren hiruhileko datuak publikatu, baina, 2021eko lehen hiruhileko joera baikorrak konfiantza asko igo dela erakusten du, 2020ko azken hiruhileko -41,1etik -25,2ra; horregatik, espero behar da Nafarroako KKIa ere gorantz joango dela hiruhileko honetan.
Duela urtebete EAEko, Nafarroako eta Europako kontsumitzaileek uste izan bazuten ere euren egoera ekonomikoa okerrera joango zela koronabirusaren krisiaren eraginez, 2021eko bigarren hiruhileko honetan ikusi denez, osasun egoera hobera doan heinean (eta irudipen hori dute herritarrek), etorkizun ekonomikoaren inguruko itxaropenak ere hobera egin du. Hori hala izanik, urtebetean lehen aldiz 0aren bueltan edo hortik gora kokatu da KKI indizea; bestela esanda, herritarren artean baikortasuna nagusitzen ari da berriro, Laboral Kutxa, Eustat, Nafarroako Estatistika Institutua, Eurostat edo EINren txostenetako datuek erakusten dutenez.
Iritzi emaileen egoera pertsonalari begiratuz gero, ikusten da konfiantza galera parekoa izan dela emakumezkoen eta gizonezkoen artean, baina azken horiek bizkorrago ari dira baikortasuna berreskuratzen. Gazteek nagusiagoek baino beranduago eta neurri apalagoan galdu zuten konfiantza. Halere, badirudi konfiantza hori berreskuratzea zertxobait gehiago kostatzen ari zaiela. Bestalde, langabezian dauden pertsonak izan dira ezkorrenak, eta itxaropenaren berrskuratze hori kasu guztietan gertatzen den arren, langabetuen kasuan txikiagoa da igoera hori.
Pandemiaren osteko igoera
2020ak, pandemia lehertzearekin bat, ziurgabetasun eta mugikortasun mugaz beteriko agertokian jarri zuen euskal jendartea, eta horrek hainbat adierazle modu esanguratsuan uzkurtzea ekarri zuen. Etxeetako kontsumoa, esaterako % 10,7 jaitsi zen Euskadin eta % 8,9 Nafarroan. Alabaina, 2021a hasi zenetik joera gorantz doala ikusten da. Eustaten arabera, etxeetako kontsumoa % 0,9 igo zen EAEn aurreko hiruhilekoarekin konparatuta, baina, pandemia aurreko (2019) maila baino % 8,9 baxuagoa da oraindik, hala eta guztiz ere.
Bestetik, etxebizitzen salerosketari ere kalte nabarmena egin zion pandemiak, % 15,0 jaitsi zen Euskadin eta % 17,5 Nafarroan. Datuek erakusten dutenez, adierazle hori ere hobera doa orain; izan ere, 2021eko lehen hiruhilekoan % 24,2 hazi zen aurreko hiruhilekotik, pandemia aurreko egoeratik % 1,8 gora. Nafarroan gorakada hau are nabarmenagoa izan da, % 40,6koa, pandemia aurreko egoera % 22,6an gaindituz.
Edozein modutan, kontuan izan behar da igoera honen arrazoia covid urtean atzeratuta gelditutako operazioak gauzatzea izan daitekeela. Beraz, adituek diotenez, ikusi beharko da datozen hilabeteetan zer gertatzen den, sektorearen argazki xeheago bat lortzeko.
Aurrezte historikoa
Aurrezte tasa historikoa izan da pandemiaren ondorioetako bat. Estatuko datu orokorrak erakusten du familiek euren errentaren % 12,3 aurreztu zutela, aurreko krisialdietako kopuruetatik oso gora (2009 eta 2013 artean % 8,7koa izan zen tasa) eta baita pandemia aurreko urteetako %5eko aurrezte tasatik gora ere.
Aurrezte hau hiru arrazoiengatik gertatu da: batetik, gastatu ezina edo nahitaezko aurreztea; bestetik, aurreikuspenezko eta badaezpadako aurreztea, ziurgabetasunak bultzatuta, eta, azkenik, "sartzen den guztia ez gastatzea" edo ohiko aurreztea.
Pentsatzekoa da egoera ekonomikoa eta enpleguarena hobetzeak aurrezki horiek askatzea (batez ere, nahitaezkoa eta badaezpadakoa) ekarriko duela, kontsumora bideratuz.
Hala ere, kontuan izan behar da euskal familiek aurrezten jarraitzeko asmoa edo itxaropena dutela eta, beraz, aurreztutako guztia ez dela, nahitaez, kontsumorako diru bihurtuko.
Inguruarekin konparaketa
EAEko eta Nafarroako herritarrek konfiantza EB-27 herrialdeetakoekin konparatzen bada, ikusten da, covid-19aren krisiaren aurrean jarrera ezkorragoa hartu bazuten ere, konfiantza bizkorrago berreskuratzen ari direla. Hala eta guztiz ere, ez da bistatik galdu behar gizarteak desberdinak direla, une desberdinetan daudela eta pertsonek modu desberdinean baloratu dezaketela egoera bakoitza.
Hala ere, honakoa atera daiteke datuetatik: EB-27ko herrialdeetako konfiantza indizea -17koa izan zen batez beste (-12 Alemanian, -14 Frantzian eta -6 Espainian); EAEn -30eraino jaitsi zen eta -38ra Nafarroan.
Nafarroako datuaren faltan, 2021ko bigarren hiruhileko datuek erakusten dute EAE dela konfiantza hori agudoen berreskuratu duen herrialdea, 32 puntu gora eginda (EB +9, Alemania +5, Frantzia +8 eta Espainia +15).
Zure interesekoa izan daiteke
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.
Espainiako Gobernuak diesela 20 zentimo jaitsiko du irailean, uztailean prezioak gora egin ostean
KPIa lau hamarren igo da uztailean, % 3,6raino Espainia osoan, erregaien eta elektrizitatearen garestitzeak bultzatuta. EAEn, hazkundea bost hamarrenekoa izan da, % 3,7raino. Nafarroan, aldiz, zazpi hamarrenekoa, % 3,4ra arte.
HLREk Megapark merkataritza-gunea saldu dio NEPI Rockcastleri, 254 milioi euroren truke
Akordio honek, NEPI Rockcastlek Europako merkataritza-zentroen sektorean duen presentzia indartuko du, eta Bizkaian erreferentziazko aktibo nagusietako bat gehituko dio bere merkataritza-ondareari.
Euskadiko ikuskizunetako teknikariek grebari eutsi diote, lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuta
Lanuzteek abuztuaren 14an eta 26an jarraituko dute, Donostiako eta Bilboko jaiekin bat eginez.
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.