Sindikatuentzat greba "historikoa" izan bada ere, Osakidetzak dio % 9,14ko jarraipena izan duela
Astelehen honetarako Osakidetzan deitutako greba eguna "historikotzat" jo dute sindikatuek, nahiz eta ez duten jarraipenari buruzko datu zehatzik eman.
EAEko hiru hiriburuetan manifestazioak egin ostean, Satsek, ELAk, LABk, CCOOk eta UGTk salatu dute sindikatuei daturik ez ematea agindu duela Osakidetzako zuzendaritzak, horrek "gardentasun falta" erakusten duela iritzita.
Hala, sindikatuen arabera, % 100eko jarraipena izan du grebak Basurtuko Ospitaleko zenbait zerbitzutan: Anatomia Patologikoan, zaindarien artean eta traumatologia kontsultetan, hain zuzen ere. Halaber, Gurutzetako Ospitalean Larrialdi zerbitzuan eta traumatologiako kirofanoan jarduna eten dute, iturri sindikalen esanetan. Galdakaoko Ospitalean, berriz, fisioterapeuta eta sukaldeko zerbitzuan % 100eko jarraipena izan du lanuzteak, baita Zumarragako ospitaleko barne medikuntza zerbitzuan ere. Gainera, Txagorritxuko eta Zumarragako kirofanoak zarratu dituztela baieztatu dute.
Horrez gain, Lehen Arretan jarraipen garrantzitsua izan du grebak. Arangoitin, San Adrian eta Boluetan eta Gernika-Lumon, esaterako, itxi egin dituzte osasun-zentroak.
"Zerbitzu batzuetan % 100ean eten dute jarduna, osasun-zentro asko itxi egin dituzte, eta horrek guztiak gogoetara eraman behar du Osakidetza", esan du ELA sindikatuko Arkaitz Herreroresek Basurtuko elkarretaratzean.
"Jarraipen oso zabala izaten ari da lanuztea. Osakidetzan izan diren greben artean, historikotzat jo dezakegu gaurkoa, "langileak argi eta ozen esaten ari direlako nazkatuta daudela, egoera larria dela, urrunetik datorrela eta premiazko irtenbideak behar dituela"
Horregatik, Osasun sailburuari "dinamika aldatzea" eskatu diote; mahai sektoriala negoziatzeko asmotan ager dadila, eta proposamenak "idatziz" bidal ditzatela.
Osakidetzaren arabera, % 9,14ko jarraipena izan du grebak
Sindikatuek emandako datuetatik oso urrun, Osakidetzaren esanetan, % 9,14ko jarraipena izan du gaurko greba egunak. Osasun Sailak ohar barten bidez eman ditu datuok, eta zehaztu du Araban % 8,25ekoa izan dela jarraipena, Bizkaian % 10,35ekoa eta Gipuzkoan % 7,80koa.
Lan kategoriak kontuan hartuta, medikuen % 7,63k egin dute greba, erizainen % 8,61ek eta gainerako sailetan lanean diharduten beharginen % 11,10ek.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako