Euskadiko hazkundea % 4,5ekoa izango da aurten, gerraren aurretik aurreikusitakoa baino 2 puntu gutxiago
Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomiarako hazkunde-aurreikuspenak berrikusi eta 2,2 puntu jaitsi ditu, Ukrainako gerraren ondorioek eraginda; horren arabera, 2022an EAEko ekonomia % 4,5 haziko da, aurreko aurreikuspena baino 2,2 hamarren azpitik, eta 2023an % 4,1 haziko dela aurreikusten du.
Enpleguari dagokionez, 2022an langabezia tasa % 9,5ekoa izango da, eta 16.600 enplegu sortuko dira. Aurreko datuek % 9,2ko langabezia tasa eta 11.500 enplegu sortzea planteatzen zuten, eta 2023an, berriz, langabezia % 9,1ekoa izatea eta 8.000 enplegu sortzea aurreikusten da.
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, "pandemiak eragindako arazoak bideratzen hasita zirenean eta konfiantza eragile ekonomikoengana itzultzen ari zen une batean, Errusiak Ukraina inbaditu izanak erabat aldatu du 2022-2023 aldirako mundu osoko egoera".
Nolanahi ere, "alarmistak" ez izateko eskatu du, urte honetarako eta hurrengorako EAEko BPGaren hazkundeak "sendoak" direlako eta enpleguarekin batera etorriko direlako. Azaldu duenez, gerrak "atzeratu" egingo du covid-ak eragindako krisiaren ondoren espero zen susperraldia.
Euskadi ez dago krisian, eta gerra aurretik adierazle guztiak "oso positiboak" zirela azpimarratu du, baina egia da Ukrainaren inbasioak egoera "zaildu" duela eta hazkunde ekonomikoa espero zena baino txikiagoa izango dela.
Gerraren eta Errusiari jarritako zigorren ondorioz, euskal ekonomiak "kalte ugari eta handiak" pairatzen ari dela gaineratu du. Adibidez, petrolioaren, gasaren eta elektrizitatearen prezioak "izugarri igo dira", eta horrek "energiaren erabilera intentsiboa egiten duten euskal enpresei eragiten die".
Jarduera kaltetuenen artean garraioa, metalurgiak, altzairutegiak, arrantza eta paperaren fabrikazioa daude. Zenbait enpresak "jarduera eten behar izan dute prezioaren igoera ezin izan dutelako bere gain hartu", deitoratu du sailburuak, eta "berehalako neurriak" eskatu ditu "kalte handiagoak saihesteko".
Inflazioaz gain, gerrak lehengaien eta metal industrialen eskasia ere ekarri du, nikela eta paladioa kasu, eta Errusia "erreferentziazko esportatzailea" da. Ez da ahaztu behar Ukrainak zerealak ematen dizkiela Europa eta Afrikako zati handi bati, eta, beraz, "manufakturak eta nekazaritzako elikagaien industria kaltetuta geratuko direla".
Nolanahi ere, gehien kaltetutako sektorea industria izango da, haren hazkunde-aurreikuspena % 6,6tik % 3,9ra murriztu baita. Gainerako jarduerak ere kaltetuko dira: eraikuntzak "intentsitatea galduko du" lehengaien eta zerbitzuen (batez ere familientzako zerbitzuen) garestitzearen ondorioz, "kontsumoaren moderazioa nabarituko da".
Hala, sailburuak azaldu duenez, gerrak sortutako ziurgabetasunak "gastuari eustera bultzatzen du", eta inflazioak ere mesede egiten dio, erosteko ahalmena kentzen baitie familiei. Horrela, pandemian pilatutako aurrezkiak denbora gehiago beharko du zirkulatzeko.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak uste du kontsumo pribatuak ia bi puntu egingo duela behera aurten, % 4,8ra arte, baina gastu publikoak "hedapen-tonuari eutsi" beharko dio, eta, beraz, lau hamarren igoko da aurten, % 3,2ra arte.
Inbertsioa (kapital-eraketa gordina) txikiagoa izango da, % 6,7tik % 5era igaroko baita antzeko arrazoiengatik: ziurgabetasuna, lehengaien garestitzea, eskariaren murrizketa eta eskaeren atzerapenak.
Esportazioei dagokienez, kanpo-eskari txikiagoa, ziurgabetasun handiagoa, inflazio handia eta botila-lepoak direla eta, "pentsatzen dugu merkataritza-saldoa negatiboa izan daitekeela aurten, eta positiboa, baina txikia, datorren urtean", azaldu du Azpiazuren Sailak ohar batean.
Horrenbestez, datozen hilabeteetako bilakaera ekonomikoa gatazkaren iraupenaren eta Europar Batasunak zergen eta monetaren arloan ematen duen erantzunaren araberakoa izango da, sailburuak ondorioztatu duenez.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak premiazko finantzaketa-neurriak prestatu ditu gerraren ondorioak arintzeko, horietako bat Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) eta Elkargiren arteko hitzarmen bat, Ukrainako, Errusiako edo Bielorrusiako enpresak bazkide komertzial gisa mantentzen dituzten enpresa txiki eta ertainentzako 10 milioiko finantzaketa-lerro bat aktibatzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Abeltzainak haserre, Bazka Mahaia irailera atzeratu duelako Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak bazkaren beharrei buruz egindako inkestan 435 ustiategiren erantzunak jaso ditu eta horiekin hartuko ditu erosketa bateratuaren kopuruari eta hornitzaileei buruzko erabakiak. UAGAk eta ENHEk lan egiteko modu eraginkorragoak eskatu dituzte. Hala ere, guztiak ados daude, etorkizunera begira bazkari buruzko plangintza bat behar dela esatean.
Hoteletako sarrerak % 7,7 igo dira uztailean EAEn, eta gaualdiak % 6,7
Sarrera guztien % 58,8 eta gaualdien % 59,9 atzerritar jatorriko pertsonenak izan ziren, 2025eko uztailean baino % 11,1 eta % 11,7 gehiago, hurrenez hurren.
Txakolinaren mahats-bilketa aurreratu dute, beroagatik
Txakolinaren mahats-bilketa ohi baino lehenago hasiko da beroaldien ondorioz. Ekoizleen arabera, data hauek ez dira ohikoak mahats-bilketari ekiteko. Etengabe egiten dituzte analisiak mahastietan, mahatsak azukre eta garraztasun puntua noiz hartuko dituen zehatz-mehatz jakiteko, eta biltzeko une egokiena heldu da.
Bazka eroste bateratua eta lehorte deklarazioa berehala gauzatzeko eskatzen dute abeltzainek
Bi aste dira Bazka Mahaia elkartu eta erakundeek hainbat konpromiso hartu zituztela. Abeltzain asko euren kontura belarra eta lastoa erosten hasi dira, eta erakundeei neurriak berehala hartzeko deia egin diete.
Euskotreneko langileek Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jarri izana salatu dute
Arriaga plazan gaur goizean egindako elkarretaratzean, Euskotreneko langileek balio publikoekin koherentea den eta animalien ongizatea errespetatzen duen publizitatea exijitu dio enpresari.
Mingain urdin kasu bat atzeman dute Barrundiako artalde batean
Gaitzaren aurka txertatutako 200 ardi baino gehiagoko artalde bateko animaliak eman du positibo mingain urdinaren 3. serotipoan.
Eusko Jaurlaritzak Administrazio Orokorreko 461 lanpostu betetzeko EPEan izena emateko epea ireki du
Izen-emate telematikoa irailaren 16an amaituko da, eta lehen azterketak 2027ko urtarrilean egitea aurreikusi da.
Milioi bat euroko zigorra ezarri diote AVIS enpresari, trafiko isunengatik bezeroei kudeaketa gastuak kobratzeagatik
Autoak alokatzen dituen enpresak 33,88 eta 45 euro arteko errekargua aplikatzen du isunaren ordainketa kudeatzeagatik eta administrazioari arau-hauslearen nortasuna jakinarazteagatik.
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.