Europar Batasunean gutxieneko soldata "egoki" bat ezartzeko irizpidea adostu du Bruselak
Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak behin-behineko akordioa erdietsi dute Europar Batasunean (EB) gutxieneko soldata "egoki" bat ezartzeko. Horrek ez du esan nahi 27 estatuetan gutxieneko soldata bakar eta komuna ezarriko dutenik, baizik eta EBn lege esparru zehatz bat izango dela langile guztiek baldintza minimo batzuekin lan egin dezaten.
Europar Batzordeak 2020ko abenduan egindako proposamena bat izan dute bi erakundeek abiapuntu, eta bi urtez negoziatzen ibili ondoren, gaur iragarri dute ituna. Adostutako agiriak estatuen eredu "aniztasuna" onartu, eta negoziazio kolektiboaren garrantzia azpimarratzen du.
Orain Europako Parlamentuak eta Batzordeak babestu behar dute testua, eta behin indarrean sartzen denean, estatu kideek bi urte izango dituzte irizpideok euren araudietan txertatzeko.
EBko estatu batzuetan, herrialde eskandinaviarretan esaterako, negoziazio kolektiboaren bidez ezartzen dute gutxieneko soldata. Beste batzuetan (Espainiako Estatuan, kasu), aldiz, legez ezarrita dago.
Negoziazio kolektiboa sustatzeko neurriak
Hain justu, hainbat jarraibide eman dizkiete gutxieneko soldata legez ezarrita duten estatu kideei. Hasteko eta behin, soldatak ezartzeko prozedura zehatza adostea, eta irizpide argi batzuen bidez eguneratzea eskatu diete.
Eguneratze horiek, gutxienez bi urtean behin eta gehienez lau urtean behin egin beharko dituzte. Halaber, sindikatuek prozesu horietan parte hartu beharko dute.
Izan ere, negoziazio kolektiboa "tresna garrantzitsua" dela uste dute bi erakundeek eta, hortaz, gizarte eragileen parte hartzea sustatu beharra dagoela ondorioztatu dute. Hori horrela, negoziazio kolektiboaren tasa % 80tik behera dagoenean, hura sustatzeko egitasmoak jarri beharko dituzte martxan estatu kideek.
"Akordio honekin, Europako historia sozio-politikoa idazten ari gara. Lehen aldiz, EBko araudiak langileei soldata bidezko eta hobeak bermatzen lagunduko du", azpimarratu du Dennis Radtke Europako Alderdi Popularraren taldeko txostengileak.
Agnes Jongerious eurodiputatu sozialista eta txostengilea ere pozez agertu da. "Lege honi esker soldata arloan dauden ezberdintasunak murriztuko ditugu eta presio egiten dugu Europan okerren pagatuta dauden langileek soldata altuagoak izan ditzaten", aldarrikatu du.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako