Tapiak gizarte bonu bat proposatu du, "gaizkien pasatzen ari diren pertsonentzat"
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren arabera, pobrezia energetikorako gizarte bonu bat dagoen era berean, "agian, gaizkien pasatzen ari diren pertsona horientzako gizarte bonua da hartu beharreko neurria". Espainiako Gobernuaren prezioak mugatzeko proposamenaz ari zen, eta azpimarratu du egoerak ezin diela "ekoizleei eragin", ezta "Euskadin ditugun ustiategietako batzuk aurretik eraman" ere.
Nekazal sindikatuetako eta arrantzaren munduko ordezkariekin bildu da sailburua astelehen honetan, sektoreak unean bizi duen egoera aztertzeko. Bilera horretan, Euskadiko Kontingentzia Energetikorako Planak jasotzen dituen neurri nagusiak aztertu dituzte horiek elikaduraren sektorera eraman ahal izateko moduarekin batera. Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak oinarrizko produktuei ezarri nahi dien muga ere izan dute hizpide, baita neurriak Euskadiko ustiategietan izan dezakeen eragina ere.
Bileraren ondotik, industria sektorearen antzera, nekazaritzak eta abeltzaintzak egungo testuinguruaren zailtasunei aurre egin behar dietela azpimarratu du Tapiak. Horrela, gogorarazi duenez, "energiaren prezioa guztientzat berdina da, eta eurak ere energia behar dute ustiategietan; gasolioa behar dute".
"Azken kontsumitzaileei" prezioak mugatzeko ideiaren inguruan, "batez ere, okerren pasatzen ari direnei, egoeraren pairatzaile ez bihurtzeko", "modu ezberdinean egiterik" badagoela uste du sailburuak. "Ekoizleek egoera ez pairatzea", defendatu du Tapiak.
"Salneurriak mugatzen direnean, katearen azkenean dagoena ahulena da, gure ekoizleak, alegia", ohartarazi du.
Horregatik, pobrezia energetikoari aurre egiteko bonu sozial bat dagoen bezala, "baliteke okerren pasatzen ari diren pertsonentzako neurri egokiena bonu sozial bat izatea", nabarmendu du.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako