Urte arteko KPIa hirugarren hilabetez jarraian jaitsi da, eta % 7,3an dago
Espainiar Estatuko Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) lau hamarren egin du gora urrian aurreko hilaren aldean, eta 1,6 puntu jaitsi da urte arteko tasa, % 7,3ra arte, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) gaur argitaratutako behin-behineko datuen arabera.
Urriko datua datorren hilaren erdialdean baieztatu beharko du INEk. Baieztatzen bada, uztailetik, 3,5 puntu jaitsi da urte arteko inflazioa. Izan ere, orduan, urte arteko KPIa % 10,8koa izan zen, 1984ko irailetik altuena.
1,6 puntuko beherakada kontuan hartuta, inflazioak hirugarren hilabetez jarraian behera egin du urte arteko tasan, abuztuan hiru hamarren jaitsi ondoren uztailetik, % 10,5era arte, eta irailean 1,6 puntu, % 8,9raino.
Batez ere, elektrizitatearen prezioen jaitsieragatik eta, neurri txikiagoan, gasaren merkatzeagatik jaitsi da urte arteko indizea % 7,3raino.
Azpiko inflazioa % 6,2an mantendu da
Energia eta elikagai freskoak kontuan hartu gabe kalkulatzen den azpiko inflazioan, ostera, ez da aldaketarik izan. Irailean % 6,2an kokatu zen, eta urrian, mantendu egin da.
Adierazle hori 1993ko urtarriletik izandako mailarik altuenera iritsi zen abuztuan: % 6,4.
Urrian, Kontsumoko Prezioen Indize Harmonizatuaren (KPI) urte arteko tasa % 7,3an kokatu da, aurreko hileko urte artekoa baino puntu eta erdi baino beherago. Hala ere, KPI harmonizatua % 0,1 igo da azken hilabetean.