Siemens Energyk 787 milioi euro galdu ditu lehen seihileko fiskalean
Siemens Energy alemaniar taldeak 204 milioi euroko galera garbiak izan ditu urtarrila eta martxoa bitartean —konpainiaren bigarren hiruhileko fiskala—. Horrek esan nahi du, aurreko urteko datuekin alderatuta, % 26,7ko galerak izan dituela denbora tarte horretan, multinazionalak berak jakinarazi duenez.
Negozio zifra, berriz, 8.028 milioi eurora iritsi da, iazkoa baino % 22 handiagoa. Eskaerek ere gora egin dute (% 56,3), 12.256 milioi euroraino.
Zehazki, gas zerbitzuetan % 24,6 hazi dira irabaziak, 2.842 milioi euroraino. Sare teknologien arloan, 1.743 milioi euro gehiago jaso dituzte (% 25,9). Bestalde, Siemensen eraldaketa industrialaren banaketa % 19,9 hazi da, 1,156 milioiraino.
Halaber, gora egin dute ekoizpen eta salmenta kostuek, baita orokorrek, administratiboek eta ikerketarekin eta garapenarekin lotutakoek ere, 8.047 milioi euroraino (% 18,8).
Lehen seihileko fiskalari dagokionez, 787 milioi euroko galera garbiak izan ditu Siemens Energyk —aurreko urtean baino % 131,8 gehiago—, negozio zifrak (% 20,4) eta salmentek (% 53,9) hazkundea izan bazuten ere. Gastuak ere igo egin dira, 15.610 milioi euroraino (% 20,9), urritik martxora.