PENTSIODUNEN MUGIMENDUA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pentsiodunek mobilizazioei berrekin diete, "arazoak ez baitira hauteskundeekin desagertu"

Udako geldialdiaren ostean, ehunka pentsiodun bildu dira berriz ere Bilboko udaletxearen aurrean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko. "Mobilizazioa da gure helburuak lortzeko akuilu nagusia", defendatu dute.
Bilboko udaletxearen aurrean pentsionistek egindako kontzentrazioa baten artxiboko irudia.
Bilboko udaletxearen aurrean pentsionistek egindako kontzentrazioa baten artxiboko irudia.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak berriro ekin die Bilbon egin ohi dituen elkarretaratzeei. Bi mezu nagusi zabaldu dituzte: pentsiodunen arazoak ez direla hauteskundeen ondoren desagertu eta bizitzaren garestitzea euren bizi-baldintzak okertzen ari dela.

2018ko urtarrilaren 15etik aurrera astelehenero egin ohi duten gisan, Bilboko udaletxe parean elkartu dira pentsio "duinak" eskatzeko.

1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu dute, eta azaldu dute konpromiso hori hartzeko eskatuko diotela hurrengo gobernuari. Era berean, "hurrengo aurrekontuetan pentsionisten gutxieneko soldata kopuru horretaraino osatzeko" eskatu dute, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Nafarroan, eta abendurako "ordain berezia" berrezartzeko eskatu dute, "galdutako erosahalmena konpentsatzeko".

Uztailaren 23ko hauteskunde orokorren ostean, etorriko den exekutibo berriari euren proposamenak gobernu-programan jasotzeko eskatzen diote pentsiodunek. "Hauteskundeak egon dira, baina pertsona pentsiodunen arazoak ez dira desagertu", nabarmen dute.

"Bizitzako kostuek izan duten gorakadak izugarri okertu ditu bizi-baldintzak", salatu dute: "Gero eta zailagoa da elikadura osasuntsu bat izatea, botikak erostea eta mugikortasun zein tenperatura egokiak bermatzea, baita menpekotasunerako zerbitzu soziosanitarioak lortzea ere".

Gogoratu dutenez, urtearteko KPIa % 5ekoa da, eta 2023ko urteazpikoa % 6,2. Datu horiek ikusita, zalantza dute nola den posible "gure bizi-baldintzei eustea eta hobetzea gutxieneko pentsioa 743 eurokoa bada eta EAEn 167.718 pertsonak (emakumeak batez ere) eta Nafarroan 51.306k 1.080 euro baino gutxiago kobratzen dutenean".

Horregatik, politikariak interpelatzen jarraituko dutela nabarmendu dute. "Berehala Kongresuko talde politikoekin egongo gara gure eskarien berri emateko. Nafarroako eta EAEko parlamentariei, berriz, 1.080 eurorainoko osagarriaren inguruan eman diegun txostenaren aurrean euren jarrera argitzeko galdegingo diegu. Badakigu mobilizazioekin jarraitzea dela helburuak lortzeko dugun akuilu onena, eta horrela jarraituko dugu", azaldu dute.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 01/04/2026.- El delegado de ESK en Tubos Reunidos, Gorka Abascal, muestra el escrito que han entregado en las oficinas de la acería en Bilbao, en el que el Comité de Empresa reclama a la dirección la retirada del ERE que afecta a 285 trabajadores. EFE/Jon Ander Santamaria
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Tubos Reunidoseko enpresa batzordeak "inplikazioa" eskatuko dio Jaurlaritzari, asteazkenean egingo duten bileran

Gorka Abascal ESK sindikatuko ordezkari eta enpresa batzordeko kideak adierazi duenez, bilerara jarrera positibo eta arduratsuarekin joango dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak nola doazen ezagutzeko asmoz. Enpresak bere zorraren erdia Espainiako Gobernuarekin dauka, zehazki, SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearekin. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X