Balantzea
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Iberdrolak 3.640 milioiko etekina lortu du urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz baino % 17 gehiago

Mozkin gordin operatiboa % 13 hazi da, 10.783 milioi euroraino irailean. Gainera, 11.000 milioi euro inguruko inbertsioen ondoren, konpainiak % 9 areagotu ditu sareen aktiboak, 41.300 milioi euroraino, eta 3.100 megawatt berriztagarri jarri ditu martxan.
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Iberdrolak 3.640 milioi euroko mozkin garbia lortu du 2023ko lehen bederatzi hilabeteetan, hau da, % 17ko hazkundea izan du iazko epe berarekin alderatuta, eta % 22koa, negozioaren zati bat Mexikon saltzearen ondoriozko aparteko etekina alde batera utzita, konpainiak ohar batean azaldu duenez.

Halaber, mozkin gordin operatiboa (Ebitda) % 13 hazi da, 10.783 milioi euroraino, irailean, "hazkunde-eredu dibertsifikatuak, proiektuen gauzatze sendoak eta finantza-sendotasun handiagoak" bultzatuta.

Gainera, 11.000 milioi euro inguruko inbertsioen ostean (10.842 milioi eurokoak izan dira azken 12 hilabeteetan), konpainiak % 9 areagotu ditu sareen aktiboak, 41.300 milioi euroraino, eta 3.100 megawatt berriztagarri jarri ditu martxan.

Ignacio Sanchez Galan konpainiako presidenteak negozioaren bilakaera positiboa azpimarratu du: "Joan den azaroan aurkeztutako estrategia aurrera eramateak hazteko, finantza-sendotasunari eusteko eta irabaziak areagotzeko aukera eman digu".

Horrela, multinazionalak irabazi garbien aurreikuspenak hobetu ditu 2023rako, "ekoizpen handiagoak eta berriztagarriek bultzatuta, merkataritza-jarduera normalizatuta eta sareen negozioan tarifak garestituta, testuinguru makroekonomikoa konplexua izan arren". Aktiboak 150.000 milioi eurora iritsiko dira urte amaieran.

Bestalde, konpainiaren esanetan, "negozioaren hazkundeak finantza-sendotasuna ekarri du". Hala, azken bederatzi hilabeteetan ia 6.000 milioi euroko finantzaketarekin bere balantzea indartu duela azaldu du. Gainera, 20.204 milioi euroko likidezia du, eta, horri esker, 21 hilabeteko finantza-beharrak ase ahalko ditu merkatura jo gabe.

Zure interesekoa izan daiteke

teknikariak protesta gasteiz
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin

Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X