Langabezia % 2,72 jaitsi da urte amaieran EAEn, eta % 5,13 Nafarroan, 2022arekin alderatuta
2023. urtearen amaieran 107.779 langabe zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urteko epe berean baino % 2,72 gutxiago, Espainiako Lan Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak gaur goizean zabaldutako datuen arabera. Nafarroan 29.988 pertsona zenbatu dituzte lanik gabe, eta iazko abenduarekin alderatuta, langabeziak % 5,13 egin du behera.
Azarotik abendura, langabezia % 0,34 jaitsi da EAEn (373 pertsona), eta % 0,57 Nafarroan (172 pertsona).
Iazko urte amaierarekin alderatuta, langabeen kopuruak behera egin du EAEn (3.019) eta Nafarroan (1.622).
Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, 1.018 langabe gutxiago daude Gipuzkoan (% 3,46), 2.057 gutxiago Bizkaian (% 3,30) eta 56 gehiago Araban (% 0,29). Azken hilabetean Bizkaian langabeziak behera egin du, 642 langabe gutxiagorekin (% 1,05). Araban eta Gipuzkoan, aldiz, 138 eta 131 langabe gehiago zenbatu dituzte, % 0,73 eta % 0,46 gehiago, hurrenez hurren. Guztira, 28.419 pertsona daude lanik gabe Gipuzkoan, 60.304 Bizkaian eta 19.056 Araban.
2.707.456 langabe zeuden Espainiako Estatuan 2023. urtearen amaieran, 2007tik izandako kopururik txikiena. Azarotik abendura 27.375 pertsona gutxiago zenbatu dituzte, eta 2022ko abendutik 2023ko abendura, 130.197 pertsona gutxiago (% 4,6).
EAEko afiliazioak marka historiko berri bat ezarri du: 1.012.947 pertsona
Gizarte Segurantzako afiliazioak marka historiko berri bat ezarri du Euskal Autonomia Erkidegoan, 1.012.947 pertsona baitaude izena emanda. EAEk duela urtebete baino 18.870 afiliatu gehiagorekin amaitu du urtea ( % 1,90), gaur goizean Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministerioak gaur goizean zabaldutako datuen arabera.
Abenduan azaroan baino 1.716 afiliatu gehiago erregistratu dituzte EAEn (% 0,17).
Nafarroan 2022ko abenduan baino 5783 afiliatu gehiago daude (% 1,93). Guztira, 2023ko urte amaieran Gizarte Segurantzan izena emandakoak 305.749 dira. Azken hilabetean, ostera, afiliatu kopuruak % 0,69 egin du behera (2.117 pertsona).
Kontratazioa
Kontratazioari dagokionez, azken hilabeteetako joera mantendu da EAEn. Guztira, 54.415 kontratu berri sinatu ziren 2023ko abenduan eta horietatik % 21,71 izan ziren mugagabeak (11.812 kontratu).
Nafarroan, 19.166 kontratu berri sinatu dira, horietatik 3.814, mugagabeak.
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren balorazioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak nabarmendu duenez, enplegu eta afiliazio datuek lan merkatuaren "sendotasuna" agerian uzten dute. Gizartearen zahartzearen ondorioz erretiratutako pertsonen kopuruak gora egin badu ere, inoiz baino pertsona gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda. "Adierazle horiek ekonomia sendoenak dira", gaineratu du.
Mendiak azaldu duenez, 2023an lehen aldiz milioi bat afiliaturen langa gainditu da eta "2024ak enpleguaren aldeko politika publikoak sendotzeko balio behar du".
Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gizarte Eskubideen eta Enplegu kontseilariak langabezia eta afiliazio datuen balorazio "oso positiboa" egin du. Gobernuak igorritako bideo batean kontratazioaren igoera ere nabarmendu du, batez ere kontratu mugagabeena.
Horrenbestez, "kalitate handiagokoa eta egonkorragoa izango den lan merkatu bat lortzeko pausoak ematen jarraitzen dugu", gehitu du. Dena den, 2024ko erronka nagusiak langabezia tasa murriztea eta enplegagarritasuna hobetzea direla onartu du. Horri lotuta, lanik gabe dauden hamar pertsonatatik zazpik ez dute prestakuntzarik.
Zure interesekoa izan daiteke
Tubos Reunidoseko langileek trafiko arazoak eragin dituzte Bilbon, Sabino Arana etorbidea moztuta
Tubos Reunidoseko langileek Sabino Arana etorbidea moztu dute. Argazkia: EITB Media
EBZk inflazioaren gorakada eta hazkundearen moteltzea aurreikusi ditu, Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz
Abenduko proiekzioekin alderatuta, aurten bereziki inflazioak gora egingo duela ohartarazi du Europako Banku Zentralak (EBZ), Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz energiaren prezioak nabarmen igo direlako.
Angularik ezin dela arrantzatu berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Gorenak
Iazko azaroan, 2025-2026rako aurreikusitako angularen kanpaina bertan behera geratu zen EAEn, Eusko Jaurlaritzaren txostenek espeziea egoera kritikoan zegoela egiaztatu baitzuen.
Diesel litroa 2 eurotik gora dago Hego Euskal Herriko gasolindegi askotan
Gasolioaren prezioa % 30,78 igo da martxoan, Irango gerrak eragindako ezegonkortasunaren ondorioz, eta maximo berria ezarri du, litroko 1,916 eurora iritsi baita EAEn, batez beste, 2022ko uztailetik izan duen preziorik garestiena.
Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela
Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.
Aste Santuan greba egingo dute Bilboko aireportuko Grounforceko lurreko asistentziako langileek
Lanuzteak martxoaren 27an hasiko dira eta apirilaren 1ean (asteazkena), apirilaren 3an (Ostiral Santua) eta 6an (Pazko Astelehena) izango lukete eragina. KPIaren diferentzialari eta erosahalmenari eustea aldarrikatzen dute langileek. Handling enpresa horrek zerbitzua ematen duen Estatuko aireportu guztietan izango dira greba-deialdiak.
Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Irango gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak aztertuko ditu
Nafarroako Gobernuak aurreratu du Ministroen Kontseiluak ostiral honetan iragarriko dituen neurriak arretaz aztertuko dituela Nafarroan aplika daitezkeen egiaztatzeko.
"Indarberriturik eta helburua lortzetik gertuago" atera dira langile klasea eta indar sindikala, ELAren eta LABen ustez
Sindikatuen ustez, greba orokorra "klase elkartasun erakustaldia" izan da. LGS propioa lortzeko bideak zabalik daudela adierazi dute (bai patronalarekin, bai Espainiako Kongresuan) eta Jaurlaritzari eta, bereziki, EAJri, eskatu diote argitu dezala Legebiltzarrean eta Espainian dituen jarrera kontraesankorrak.
Atzoko greba orokorra "indar erakustaldia" izan zen, LAB eta ELA sindikatuen aburuz
Radio Euskadin eta Euskadi Irratian egindako elkarrizketetan LAB eta ELAko idazkari nagusiek adierazi dutenez, atzokoak "oso mobilizazio jendetsuak izan ziren, 135.000 pertsona ere batu zirela". "Indarberrituta atera gara", azpimarratu du Garbiñe Aranburu LABen koordinatzaile nagusiak.
Albiste izango dira: Greba orokorraren balantzea, Iranek Ali Larijaniren heriotza eta Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen bigarren itzulia
Orain-ek gaur landuko dituen albiste nagusien laburpena.