Tentsio uneak Nafarroako Parlamentuan, nekazari talde bat barrura indarrez sartzen saiatu denean
Nekazari eta abeltzain talde bat indarrez sartzen ahalegindu da Nafarroako Parlamentuan eta tentsio uneak bizi izan dira. 2024rako foru aurrekontuen proiektua eztabaidatu eta bozkatu da gaurko osoko bilkuran, eta hori aprobetxatu du F6 Plataformak protesta bertara eramateko.
Traktoreekin elkarretaratzea egin dute ganberaren kanpoaldean, goizean goizetik, eta saioa hasi denean, hainbat nekazari ateraino hurbildu dira. Foruzainekin tirabira gogorrak izan eta gero, agenteek atea ixtea lortu dute eta manifestariek ezin izan dute barrura sartu.
Foruzaingoak jakitera eman duenez, 12 pertsona identifikatu dituzte gertakariarekin lotuta, eta desordena publikoak eragiteagatik izapideak zabalduko zaizkie. Horiek bide administratibotik edo judizialetik zabalduko diren ez dute argitu.
Aurrekontuen eztabaidan, nekazarien egoerarekin zerikusia duten bi zuzenketa aurkeztu dituzte, UPNk batetik, eta gobernuko bazkideek (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin), bestetik. Lehendabizikoa atzera bota dute, eta bigarrena, berriz, tramitera onartu da. Une jakin horretan ahalegindu dira nekazariak barrura sartzen.
Aurrez hala adostuta, baserritarren ordezkaritza batek (UAGN, EHNE, UCAN eta F6) gonbidatuen tribunatik bilkura jarraitzeko aukera izan du. Horietako batzuei hainbatetan kargu hartu die Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak, euren jarreragatik.
Ramon Alzorriz PSNren bozeramaileak hitza hartu duenean, hainbatek aretoa utzi dute haserre, eta kanpoko protestara batu dira. Aurretik, horiek beraiek UPNko Javier Esparza txaloka hartu dute.
Saioa amaitu denean, 15:00ak aldera, nekazariak eraikinaren atzeko eta aurreko irteeretara hurbildu dira, eta horietatik atera diren ordezkari politikoak iraindu dituzte. Berriro, tentsio uneak bizi izan dira polizien eta nekazarien artean.
15:30 aldera traktoreak erretiratzen hasi dira, eta protesta amaitutzat eman dute.
Izapideak
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak irmo gaitzetsi du gertatutakoa, eta kezka agertu du "gorrotoaren diskurtsoa" hartzen ari den indarrekin. Esan duenez, "desadostasuna eta kritika guztiz zilegiak" dira, baina azkenaldiko protestek marra gorria igaro dutela iritzi dio. "Nafar guztiak ordezkatzen gaituen erakundea erasotu dute, erakunde demokratiko bat", azaldu du. "Okerrena da ez dakigula noraino hel daitekeen zenbait egitura politikoetatik hauspotutako mugimendu hau".
Gertatutakoa gogor salatu du, baita ere, Amparo Lopez Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak eta Nafarroako Gobernuko eledunak. "Onartezinak eta oso larriak dira gertakariak", bere hitzetan, eta Foru Exekutiboak izapideak zabalduko ditu, erasoa argitzeko. Erantsi duenez, irudiak jasota daude eta horiek ondo aztertuko dira, zein delitu egon den zehazteko.
"Gaur Nafarroako Parlamentuan izandako gertakari onartezin eta larria salatzen dugu: indarrez sartzen ahalegindu dira Parlamentura, eta Foruzaingoaren esku-hartze azkarrari esker lortu da geldiaraztea. Horiei egindako lana eskertu nahi diet. Lehen aldiz gertatu da halako zerbait Nafarroako Parlamentuan", esan du, hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Testa funtsak 500 familia kalean utzi nahi dituela salatzeko manifestazioa deitu dute Iruñean
Etxebizitza horiek parke publikoaren parte izatera pasatzeko eskatzen dute bizilagunek. Manifestazioa urriaren 17an izango da, 17:30ean, Baluartetik abiatuta.
497 milioi euro bideratuko dituzte Loiu, Foronda, Hondarribia eta Noaingo aireportuak berritzera
Aireportuen bolumena handitzea, eraginkortasuna zein segurtasuna indartzea eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea dira helburuak.
Confebaskek ituna eskatu du Euskadiko lehiakortasuna hobetzeko
Confebaskeko presidente Tamara Yaguek Pradalesi eskatu dio herrialde-itun bat bultzatzea lehiakortasuna eraldatzeko eta erronka demografikoari eta talentu faltari aurre egiteko.
Sarriguren handitzeko planak 6.000 etxebizitza aurreikusten ditu, horietatik % 70 eta % 80 bitartean babestuak
Foru Gobernuak hirigintza planak desblokeatzeko eta arintzeko duen lan lerroari jarraikiz ari dira garatzen plana. Horrekin asmo dute "arrazoizko prezioa duten etxebizitzak eraikitzea, gizartearen beharrizanak eta eskariak kontuan izanda", nabarmendu du Chivitek.
Donostiako Udalak eguzki planta berri bat eraikiko du Martutenen, 11 udal eraikin hornitzeko
Arantzazuko Ama instalazioak urtean 90.000 kWh baino gehiago ekoitziko ditu, eta ekipamendu publikoen autokontsumoa zabalduko du, Iñigo Garcia Donostiako Ingurumen eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez.
Greban dauden Zarauzko eta Bergarako IATetako langileek salatu dutenez, "inguruko herriak kolapsatzear daude"
Duela 68 egun ELAk deitutako greban dauden IAT zentro horietako langileek. "Gatazkan esku hartzeko" eskatu diote Jaurlaritzari, "zerbitzu publikoa izanik, erantzukizuna berea ere badelako".
KPIa % 4,5eraino igo da abuztuan Euskadin eta % 4,2raino Nafarroan
Espainiar Estatuan azken 3 urteetako mailarik altuenean dago urte arteko indizea: % 4,3an. Batez ere erragaien igoerak eragin du KPI-aren gorakada. Elikagaiak eta energia kontuan hartzen ez dituen azpiko inflazioa zertxobait apaldu da; %2,9an dago.
Petrolioaren prezioak gora egiten jarraitzen du, eta Brenta 107 dolarretik gora iritsi da
Saudi Arabiako oliobide garrantzitsu bat itxi ostean, egoerak okerrera egin du, eta erregaiek ere garestitzen jarraitzen dute, litroko 1,9 euro inguruko batez besteko prezioarekin.
Oiartzunen izandako istripuan hildako gizona lanean ari zen ezbeharra gertatu zenean
Biktima 61 urteko azpeitiar bat da. Antza, gasolindegiko zutoin baten kontra talka egin zuen laneko furgonetarekin.
Ondarroako itsas zabaleko flotak berehalako irtenbideak eskatu dizkio Espainiako Arrantza Ministerioari
"Gasolioaren prezioaren igoerak blokeatuta uzten gaitu, gaur egun itsasora ateratzeak dirua galtzea baitakar", esan du Ondarroako itsas zabaleko flotaren gerente Mikel Ortizek, eta zehaztu du, batez beste, astean 20.000 euro inguru ari direla galtzen arrantzara ateratzen diren itsasontziak.