Autobus gidarien greba jarraipen zabala izaten ari da Bizkaian eta Gipuzkoan eta txikiagoa, Araban
CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba eguna dute gaur Hego Euskal Herriko autobus gidariek. Ilara luzeak sortu dira goizeko lehen orduetan, batez ere Bilboko eta Donostiako autobus geltokietan. Bi sindikatu deitzaileen arabera, grebaren jarraipena handia izan da Bizkaian (Bilbobus eta Bizkaibus) eta Gipuzkoan (Dbus), eta txikiagoa, berriz, Araban. Hala ere, ez da aparteko intzidentziarik izan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Guztira, 10.000 autobus gidari daude grebara deituta Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 1.000tik gora Nafarroan, eskola garraioan dabiltzanak tartean. Erretiroko adina aurreratzea dute aldarrikapen nagusi. ELAk eta LABek, baina, ez dute deialdia babestu, eta ez dezatela grebarik egin eskatu diete autobus gidariei.
Grebaren jarraipena
UGT Euskadiren arabera, Dbusen grebaren jarraipena "zabala" izan da, % 50 ingurukoa goizeko txandan. Bizkaian, langileek erantzun are hobea eman diote deialdiari, eta Bilbobusen eta Bizkaibusen jarraipena "ia erabatekoa" izan dela adierazi du sindikatuak. CCOOren arabera, Bizkaibusen ia %100eko jarraipena izan du grebak, Enkarterrietan eta Durangon izan ezik.
Ohikoa den moduan, enpresek emandako datuak oso bestelakoak izan dira. Bilboko Udalak zabaldutako datuen arabera, grebaren jarraipena % 31koa izan da Bilbobus zerbitzuaren goizeko txandan. Bizkaibusen kasuan, grebaren jarraipena % 40ekoa izan da goizeko txandan, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, grebaren eraginez Dbus hiri barruko 13 autobus linea bertan behera gelditu dira (17, 21, 23, 24, 27, 29, 31, 33, 38, 41, 42, 43 eta 46 lineak). Dbusek zabaldu duenez, gidarien % 32k egin dute bat grebarekin. Mikel Castro Dbuseko enpresa batzordeko presidentearen (UGT) arabera, gidariek greba deialdiari emandako erantzuna % 45-50 bitartekoa izan da, hots, ezarritako gutxieneko zerbitzuak baino % 15-20 autobus gehiago ibili dira.
Lurraldebus zerbitzuari dagokionez, kontzesioa duten zazpi enpresetatik hiru % 100ean ari dira lanean, bitan % 90eko zerbitzua ematen ari dira eta eragin handiena ibilbide luzekoetan (Debagoiena eta Donostia-Bilbo) eta Tolosa-Buruntzaldean izaten ari da (% 70-80), Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera. Enpresa batzordearen esanetan, grebari emandako erantzuna "txikia" izan da.
Bestalde, UGT Euskadik azaldu duenez, grebaren eragina "nabarmena" izan da eskola garraioan ere. Hala ere, ez dute datu zehatzik eman zerbitzu hori ematen duten enpresa asko dauden heinean neurtzea zaila dela iritzita. CCOOk eskola autobusen zerbitzuan ere jarraipena nabarmena izan dela azpimarratu dute.
Sindikatuek eurek onartu dute eragina nabarmen txikiagoa izan dela Araban.
Gasteizko hiri garraioari dagokionez, 72 gidarietatik 5ek egin dute bat greba deialdiarekin goizeko txandan. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, grebaren jarraipena txikia izaten ari den heinean, Tuvisako autobusak ia normaltasunez ari dira lanean.
Iruñeko autobus publikoetan (Billabesa) 10 autobusetatik 6 lanean ari dira, nahiz eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak % 40koak izan. David Marcalain Nafarroako CCOO sindikatuko ordezkariaren esanetan, grebaren eragina "masiboa" izaten ari da, gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla salatu duen arren.
Deitzaileen arabera, lanuztearen jarraipena "zabala" izaten ari da Espainiako Estatuan, nahiz eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla uste duten.
Gutxieneko zerbitzuak
CCOOk eta UGTk lau greba egun deitu dituzte (urriaren 28 eta azaroaren 11, 18 eta 29rako) eta greba mugagabea abenduaren 23tik aurrera. Deialdiak kontuan hartuta, gutxieneko zerbitzuen inguruko agindua kaleratu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak.
Mikel Torres sailburuak sinatutako oharraren arabera, egunean programatutako zerbitzu arrunten % 30 izango dira gutxieneko zerbitzuak.
Dena den, ehuneko hori banatzerakoan, lehentasunezkoak izango dira ordezko garraio-zerbitzurik ez duten lineak edo osasun-zentroetara doazenak. Era berean, arreta berezia jarri beharko zaie lantokietan sartzeko eta irteteko ordutegiei.
Horri lotuta, Donostiako Udalak Dbusen indarrean izango diren gutxieneko zerbitzuen berri eman du. Horren arabera, linea hauetan ez da zerbitzurik egongo: 17, 21, 23, 24, 27, 29, 31, 33, 38, 41, 42, 43 eta 46. Beste hauetan, berriz, moldaketak eta murrizketak egon daitezke: 5, 8, 9, 13, 14, 16, 18, 19, 25, 26, 28, 32, 35, 36, 37, 40 eta 45.
Nafarroako Gobernuak, berriz, % 40ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu greba deituta dauden astegunetan, % 30ekoak larunbatetan eta % 20koak jaiegunetan.
Eskola garraioan eta ezgaitasunak dituzten pertsonen garraioan, baina, zerbitzu osoa bermatu beharko dute.
Euskotrenek ere gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu
Euskotrenek iragarri du bidaiariek bermatuta izango dituztela gutxieneko zerbitzuak. Ohar batean, gogora ekarri du Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek emandako agindua, alegia, "oinarrizko autobus zerbitzua bermatzeko beharra".
Halaber, aurreratu du Gernikako Urriko Azken Asteleheneko jaia tarteko, Bilbo, Gernika-Lumo eta Bermeo lotzen dituen E4 lineako zerbitzua indartuko dela. Horrek aldaketak ekarriko ditu E1 eta E4 lineetan.
% 30eko gutxieneko zerbitzuak Arababusen hiriarteko lineetan
Arabako Foru Aldundiak % 30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Arababusen hiriarteko lineetan. Gainera, grebaren kariaz, bidaiariek ezingo dituzte bidaiak erreserbatu, ezta txartelak aurretiaz erosi ere, gutxieneko zerbitzuetan salbu.
% 60ko gutxieneko zerbitzuak Iruñerriko hiri autobusetan
Iruñerriko hiri autobusetan % 60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte jende gehien ibiltzen den orduetan, eta % 40koak gainerakoetan.
Hiriarteko garraioak, berriz, % 40ko gutxieneko zerbitzua izango du, Foru Gobernuak agindutakoaren arabera.
Zure interesekoa izan daiteke
Tubos Reunidoseko Amurrioko eta Trapagarango batzordeek bilera egingo dute gaur, EEEaren inguruko jarrera erabakitzeko
Enplegu Erregulazio Espedienteak bi lantokiri eragiten dien arren, enpresak espediente bakar gisa negoziatu nahi du. Horregatik, jarrera komun bat ezarri nahi dute bi batzordeek.
Tubos Reunidos: Trumpen muga-zergek bultzatutako krisiaren gakoak
Konpainiak produkzioaren % 40 galdu du, bere merkatu nagusia (% 45eko kuota) AEB baita. Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea zuhur bezain kezkatuta agertu da, "Tubos Reunidos motor ekonomikoa baita eskualde osoan".
Nafarroako Volkswagenek ohartarazi du 93 langile finko egiteak lan-erregulazioko espediente batean amaitu dezakeela
Enpresak "legezkotasuna zorrotz beteko" duela ziurtatu dio batzordeari bilera batean, Lan Ikuskaritzak behin-behineko 93 langile finko egitea agindu ostean. Sindikatuek akordiorako proposamena egin dute.
32 urteko langile bat hil da Zumaiako enpresa batean, pieza handi batek jota
Estaños Matiena enpresan jazo da ezbeharra, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Enpresa horrek hainbat salaketa zituen prebentzio-araudia ez betetzeagatik, sindikatuak salatu duenez.
UGT, CC. OO. eta USO sindikatuek akordioa sinatu dute Arabako garbiketa-hitzarmenerako
ELA eta LAB sindikatuek, aldiz, baztertu egin dute aurreakordioa, "amore ematea" delakoan, eta "atzerakada nabarmena" dakarrela iritzita. Uste dute "langileak erosteko ahalmena galtzeko arriskuan" egongo direla, "azken bost urteetan gertatu den bezala".
Tubos Reunidosek enplegu-erregulazioko espediente bat proposatuko du Amurrio eta Trapagarango lantegietan
Tubos Reunidoseko zuzendaritza bi lantegietako enpresa-batzordeekin bildu da gaur goizean, lan-erregulazioko espedientea iragarri ondoren. Sindikatuetako iturrien arabera, bileran, zuzendaritzak planteatuko dituzten neurriak aurkeztu ditu. Kontsulta aldiak, paraleloak eta bi lantegietarako, otsailaren 9an hasiko dira, eta asmoa da negoziazioa bi enpresa batzordeekin negoziazio mahai bakar batean garatzea.
EAEn batez besteko soldata % 3,6 haziko da 2026an, KPIaren gainetik beste urte batez
LKS Nextek egindako ikerketa baten arabera, profil profesional teknikoak, industrialak, digitalak eta AAri eta datuen analisiari lotutakoak dira gehien behar direnak.
KPIa bost hamarren moteldu da espainiar estatuan urtarrilean, % 2,4raino
Hiru hilabetez jarraian jaitsi da KPIa, 2025eko urrian azken 16 hilabeteetan izandako igoerarik handiena ( % 3,1) jasan ostean.
Lanbide arteko gutxieneko soldata % 3,1 igotzea adostu du Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin
CEOE eta Cepyme patronalek ez dute igoera babestu. Lanbide arteko gutxieneko soldata hilean 1.221 eurokoa izango da (14 paga), 518 euro gehiago urtean, eta neurriak atzerako eragina izango du 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Traktoreak kalera atera dira gaur Bilbon, Iruñean eta Gasteizen, EBren eta Mercosurren arteko akordioaren aurka
Bilbon San Mameseko zabalgunean elkartu dira 10:00etan, Gasteizen 10:30ean irten dira Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik, eta Iruñean manifestazioa egingo dute, 17:00etan, Baluarteko plazatik abiatuta.