SDA Factoryk Gasteizko lantegia itxi eta bertako 55 langileak kaleratuko ditu
SDA Factory enpresan lanpostuak suntsitzeko lan-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia akordiorik gabe amaitu da gaur, eta, beraz, lantegia itxi eta bertako 55 beharginak kaleratuko dituzte.
SDA Factory lantegiko enpresa-batzordeak (garai bateko Ufesa, eta ondoren, BSH Bosch) azaldu duenez, enplegu-erregulazioko espedientearen bost bileretan azken urteetako zuzendaritzarekin izandako eztabaidak errepikatu dira, baina orain, itxiera egon da mahai gainean.
Batzordeak salatu duenez, "diru-kutxak hutsik dauden eta aktiboak saltzen ez diren bitartean", bertako langileek soldatak bermatzeko funtsera (Fogasa) jo beharko dute, dagokien gutxieneko kalte-ordaina eta 2024ko abendutik zor zaizkien soldaten zati bat kobratu ahal izateko.
Zuzendaritzak 2024ko apirileko akordioak "betetzeko asmorik ere ez" duela azpimarratu dute beharginen ordezkariek, kaleratze horiek gertatuz gero kalte-ordain gehigarriak adostu baitziren.
Erakundeak ere kritikatu dituzte, "bizkarrean zapladatxo asko eman dituztelako, baina laguntzarik ez. Zerbait egingo duzue? Egiten duzuena egiten duzuela, berandu izango da, baina ongi etorria, behintzat".
Gainera, enpresa-batzordean ordezkaritza duten sindikatuen zerbitzu juridikoak prozesu osoaren aurka egiteko prestatzen ari dira.
Zure interesekoa izan daiteke
LABek bertan behera utzi ditu Nafarroako ikuskizunen sektoreko bi greba egunak, negoziazioari berriro ekin ondoren
Gabonetako erosketen ondorioz, abenduan ohi baino % 23 gehiago gastatzen dute familiek
Itoiztik Erriberara: 354 milioi euro Nafarroako ubidearen proiekturako
Espainiako Gobernuak soldaten sekretuarekin amaitu du
Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen negoziazioa amaitutzat eman du, oposizioarekin akordiorik lortu gabe
Aurtengo iraila azken hamar urteetako onena izan da esportazioei dagokienez, Jaurlaritzaren arabera
Adifen arabera, grebak % 6,04ko eragina izan du Euskadin goizeko txandan, eta % 15,56koa gauekoan