2026rako EAEko aurrekontuak "neurrizko" hazkundea izango du, eta funtsezko arloak indartuko ditu
2026ko EAEko aurrekontuetarako lehentasunak osasuna, enplegua, hezkuntza, etxebizitza eskuragarria, segurtasuna eta zerbitzu sozialak izango dira.
Eusko Jaurlaritzaren 2026rako aurrekontuek "neurrizko" hazkundea izango dute aurtengoekin alderatuta, eta horrek politika publikoen "funtsezko" arloak indartzea ahalbidetuko du, "finantza egonkortasuna arriskuan jarri gabe", Noel d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak jakinarazi duenez; izan ere, aurrekontu proiektua urriaren 28an onartuko dute Gobernu Kontseiluan.
Sailburuak agerraldia egin du hedabideen aurrean, 2026ko kontuen oinarri izango diren jarraibide ekonomikoak onartu ondoren. Azaldu duenez, proiektua "euskal herritarren ongizatea eta hazkunde ekonomikoa bermatzera" bideratuta egongo da, "ziurgabetasun globalek markatutako testuinguru batean".
Gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzak "inbertsioaren eta hazkundearen eragile" izaten jarraituko du epe luzera. "Helburua da Euskadi jasangarriago bat eraikitzea, digitalagoa, eta herritarren ongizatea ardatz izango dena, genero ikuspegitik begiratuta", esan du.
Horren harira, azpimarratu du astearte honetan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko aurrekontu orokorretan genero ikuspegia txertatzeko estrategia bat onartu dela.
Gainera, iragarri du Jaurlaritzak eskura dituen baliabide guztiak aktibatuko dituela, "lankidetza publiko-pribatua indartzeko helburu irmoarekin", eta "Kontzertu Ekonomikoak ematen dituen aukerak aztertu eta ahalik eta gehien aprobetxatuko" dituela.
2026ko aurrekontuen gidalerroak 2025erako BPGaren % 2,1eko eta 2026rako % 1,8ko hazkundea aurreikusten duten aurreikuspen ekonomikoetan oinarrituta egin dira, Jaurlaritzak joan den apirilean egindako kalkuluetan jasotako zifra berak.
Enpleguari dagokionez, 2026an 12.000 enplegu inguru gehiago sortuko dira, hau da, % 1,2ko hazkundea izango da. Langabezia-tasa, batez beste, lau hamarren jaitsiko da 2025ean, % 7,0raino, eta espero da urtean zehar maila horren azpitik mantentzea, 2026an zehar utzi gabe, % 6,7an egotea aurreikusten baita.
Aurreikuspen horiek oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzak landuko duen aurrekontu proiektua "pertsonen bizitza hobetzera, hazkunde ekonomikora, ongizatera eta eraldaketa energetikora, jasangarritasunera, elkarbizitza eredu sendo eta justu batera, eta autogobernua hobetzera" bideratuta egongo da.
Hala, osasuna hobetzera, kalitatezko enplegua sustatzera, hezkuntza inklusiboa bermatzera, etxebizitzarako sarbidea erraztera, segurtasuna hobetzera, eta zerbitzu sozialak indartzera bideratutako neurriak lehenetsiko dituzte kontuek.
Arlo ekonomikoan, helburua da "gizarte aberatsagoa, baina baita berdinzaleagoa ere" lortzeko bidean aurrera egitea. Sailburuak ohartarazi duenez, "ezin dugu gure testuingurua alde batera utzi"; izan ere, "ziurgabetasunak markatutako garaia da, eta partekatzen ez ditugun mugimendu politikoen hazkundea dago". Eusko Jaurlaritzak "hazkunde ekonomikoa eta ongizate soziala uztartu nahi ditu", gaineratu du.
Gainera, aurrekontuan talentua erakartzeko, industria indartzeko eta berrikuntza babesteko neurriak jasoko dira. Helburu horrekin, I+G+Baren aldeko apustua gutxienez % 6ko hazkundearekin sendotuko da, eta "estrategia giltzarria izango da gero eta teknologikoagoa eta digitalagoa den mundu batean lehiatzeko".
D'Anjouk ohartarazi duenez, GOIDIa eta horren gisako fenomeno klimatikoek eta Estatu osoan zabaldu zen itzalaldiaren kasuak "gogorarazten digute eraldaketa energetikoa eta jasangarritasuna jada ez direla aukera bat", baizik eta "premiazko behar bat". Hori dela eta, "trantsizio energetiko justu eta jasangarria erdiesteko ahaleginak areagotzea" eskatu du, "ekoizpen-sektorea eraldatuz eta lehiakortasuna irabaziz".
Bestalde, Jaurlaritzak elkarbizitza-eredu "sendo eta justu" baten alde lan egingo du, "errespetuan, bizikidetzan eta giza eskubideetan" oinarrituta, balio horiek "ez baitira gure nortasunaren parte soililk, baizik eta gure demokraziaren oinarri ere".
Sailburuak nabarmendu duenez, "gure eskumenen eta indarrean dagoen legediaren esparruan, gure autogobernua indartzen aurrera egin behar dugu", eta, aldi berean, "Euskadi nazioartean ezagun egiteak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu behar dira".
D'Anjouk iragarri du horiek izango direla 2026ko aurrekontua egiteko oinarriak. Aurrekontu horren lehentasunen artean "finantza publikoen iraunkortasunari eustea" egongo da. Ildo horretan, ohartarazi du beharrezkoa izango dela "zorroztasun fiskala eta inbertsio estrategikoak uztartzea".
Epeak
Eusko Jaurlaritzak espero du 2026ko aurrekontua "moderatua" izatea 2025eko kontuetan hasieran aurreikusitako zenbatekoarekin alderatuta (15.728 milioi euro), eta horrek "funtsezko arloak indartzea ahalbidetuko du, Jaurlaritzaren finantza-egonkortasuna arriskuan jarri gabe".
D'Anjouk gogorarazi du jarraibide ekonomiko horiek prozesu baten hasiera direla, eta abenduan amaituko dela prozesu hori, aurrekontuen legea onartutakoan. Sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritzak "lan gogorra du aurretik", eta irailaren amaieran lehen aurrekontu-zirriborroa izango du, eta hori Finantzen Euskal Kontseilutik eratorritako ondorioekin osatuko da.
Aurrekontuen aurreproiektua urriaren 28an onartuko da Gobernu Kontseiluan, eta urriaren 31 baino lehen bidaliko da Legebiltzarrera, eta bertan kontuak onartuko dituzte, berme osoz, Jaurlaritzako alderdiek (EAJk eta PSE-EEk) osatzen duten gehiengoari esker.
D'Anjouk, nolanahi ere, adierazi du Eusko Jaurlaritzak baduela oposizioarekin akordioak lortzeko borondatea, eta, beraz, Legebiltzarreko taldeekin bilduko dela Gobernu Kontseiluan proiektua onartu aurretik kontuei buruz hitz egiteko.
Bestalde, aitortu du zaila dela ekonomiaren eta diru-bilketaren bilakaerari buruzko aurreikuspenak egitea egungo "ziurgabetasun" testuinguruan. Hala ere, sailburuak adierazi du foru ogasunen diru-sarreren bilakaera "norabide onean" doala, baina gogorarazi du joerak bere horretan jarraituko duela bermatzeko urrira arte itxaron beharko dela, orduan egingo baitu Finantzen Euskal Kontseiluak urteko diru-bilketa ixteko aurreikuspena.
Era berean, D'Anjouk azaldu du Gobernuak ez duela aurreikusten zorraren maila murriztea datorren urtean, egungo testuinguruan "alde publikoari dagokiolako ekimenez jardutea, kapital pribatua mobilizatzeko", egin beharreko eraldaketei aurre egiteko.
Nolanahi ere, gogorarazi du Euskadiren zorpetzea araubide komuneko autonomia-erkidegoen batez bestekoaren "erdia" dela.
Zure interesekoa izan daiteke
Txakolinaren mahats-bilketa aurreratu dute, beroagatik
Txakolinaren mahats-bilketa ohi baino lehenago hasiko da beroaldien ondorioz. Ekoizleen arabera, data hauek ez dira ohikoak mahats-bilketari ekiteko. Etengabe egiten dituzte analisiak mahastietan, mahatsak azukre eta garraztasun puntua noiz hartuko dituen zehatz-mehatz jakiteko, eta biltzeko une egokiena heldu da.
Bazka eroste bateratua eta lehorte deklarazioa berehala gauzatzeko eskatzen dute abeltzainek
Bi aste dira Bazka Mahaia elkartu eta erakundeek hainbat konpromiso hartu zituztela. Abeltzain asko euren kontura belarra eta lastoa erosten hasi dira, eta erakundeei neurriak berehala hartzeko deia egin diete.
Euskotreneko langileek Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jarri izana salatu dute
Arriaga plazan gaur goizean egindako elkarretaratzean, Euskotreneko langileek balio publikoekin koherentea den eta animalien ongizatea errespetatzen duen publizitatea exijitu dio enpresari.
Mingain urdin kasu bat atzeman dute Barrundiako artalde batean
Gaitzaren aurka txertatutako 200 ardi baino gehiagoko artalde bateko animaliak eman du positibo mingain urdinaren 3. serotipoan.
Eusko Jaurlaritzak Administrazio Orokorreko 461 lanpostu betetzeko EPEan izena emateko epea ireki du
Izen-emate telematikoa irailaren 16an amaituko da, eta lehen azterketak 2027ko urtarrilean egitea aurreikusi da.
Milioi bat euroko zigorra ezarri diote AVIS enpresari, trafiko isunengatik bezeroei kudeaketa gastuak kobratzeagatik
Autoak alokatzen dituen enpresak 33,88 eta 45 euro arteko errekargua aplikatzen du isunaren ordainketa kudeatzeagatik eta administrazioari arau-hauslearen nortasuna jakinarazteagatik.
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.
Espainiako Gobernuak diesela 20 zentimo jaitsiko du irailean, uztailean prezioak gora egin ostean
KPIa lau hamarren igo da uztailean, % 3,6raino Espainia osoan, erregaien eta elektrizitatearen garestitzeak bultzatuta. EAEn, hazkundea bost hamarrenekoa izan da, % 3,7raino. Nafarroan, aldiz, zazpi hamarrenekoa, % 3,4ra arte.
HLREk Megapark merkataritza-gunea saldu dio NEPI Rockcastleri, 254 milioi euroren truke
Akordio honek, NEPI Rockcastlek Europako merkataritza-zentroen sektorean duen presentzia indartuko du, eta Bizkaian erreferentziazko aktibo nagusietako bat gehituko dio bere merkataritza-ondareari.