Greba mugagabea Aguraingo eta Legasako Arcelor lantegietan, uztailaren 1etik aurrera
Enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultarako aldia amaituta dago, eta aldeek ez dute lortu elkarrekin ados jartzea. ELA sindikatuak salatu du EEE horren ondorioz zuzendaritzak 33 langile kaleratu eta Legasako lantegia itxi egingo duela.
ArcelorMittalek Agurainen (Araba) eta Legasan (Nafarroa) dituen faktorietako langileen batzarrek "ia aho batez" erabaki dute greba mugagabea hastea uztailaren 1etik aurrera, apirilean iragarri zuten enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) salatzeko.
ELA sindikatuak ohar batean azaldu duenez, erabaki horren ondorioz, "33 langile kaleratuko dituzte gutxieneko kalte-ordaina emanda eta Legasako lantegia itxiko dute".
Enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultarako epea joan den astelehenean amaitu zen, aldeen arteko akordiorik gabe. ELAren arabera enpresak ez ditu frogatu espedientea zabaltzea eragin duten arrazoiak, eta, beraz, sindikatuak bi lantegiak bideragarriak direla defendatzen du.
Era berean, zuzendaritzari sindikatuen ordezkariei entzun nahi ez izana aurpegiratu dio. Halaber, jakinarazi du langileen ordezkariek "irtenbide hobea ekarriko luketen eta enpresak egin ahal izango lituzkeen hainbat aukera" proposatu dituztela.
Egoera horren aurrean, Legasan eta Agurainen egin dituzten batzarretan, "langileek ia aho batez erabaki dute greba mugagabera jotzea".
Gainera, sindikatuak jakinarazi du Auzitegi Nazionalean helegitea jarriko duela, enplegu-erregulazioko espedientearen aurka.
Zure interesekoa izan daiteke