664 pertsona edo enpresak 322,4 milioi euroko zorra dute Nafarroako Ogasunarekin
Nafarroko Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Sailaren egoitza.
Nafarroako Gobernuak 2024ko abenduaren 31an Ogasunarekin zorrak zituzten pertsona eta enpresen zerrenda argitaratu du. Guztira, 664 zordun dira, aurreko urtean baino 11 gehiago. Guztien artean 322,4 milioi euro zor dituzte, 2,8 milioi gehiago.
Foru Gobernuak azaldu duenaren arabera, 42 zordun lehen aldiz agertu dira zerrenda horretan. Aldiz, 31 zerrendatik atera dituzte hainbat arrazoi medio, besteak beste, hartzekodunen lehiaketa amaitu delako, zorra 120.000 eurotik jaistea lortu dutelako edo ordainketen epeak luzatu direlako.
Zerga motari dagokionean, BEZa da zorrik handiena pilatzen duena: 105,1 milioi euro. Ondoren datoz zigorrak (60,3 milioi) eta epe barruan erantzun ez diren atzerapen-espedienteak (50,3 milioi).
Jarduera sektoreei begiratuta, eraikuntza/promozioa, merkataritza eta ostalaritza dira Ogasunarekin zor handiena dutenak. Sektore horietan dago zor guztiaren % 55a, 178,3 milioi euro.
219 zordun eraikuntza sektorekoak dira. Halaber, zor duten kantitatea jaitsi egin da aurreko urtearekin alderatuta eta 107,5 milioitan gelditu da. Merkataritza eta ostalaritza sektoreetan 147 zordun daude eta 70,7 milioi euro zor dituzte.
Zordun mota eta helbidea kontuan hartuta, aldiz, % 76,31 pertsona juridikoak dira eta % 90,83k Nafarroan du egoitza.
Guztien % 9,64 (64 zordun) hartzekodunen lehiaketan daude.
Zordunen zerrenda argitaratuta, Nafarroako Ogasunak Zergen Foru Lege Orokorra betetzen du. Honen arabera, derrigorrezkoa da 120.000 eurokoa baino zor handiagoa duten pertsonen eta enpresen berri ematea; beti ere, zor irmoa bada eta abenduaren 31n bertan behera utzita edota atzeratuta ez badaude.
Zure interesekoa izan daiteke
Anthropic Burtsara aterako da gaur eta historiako burtsaratze handiena izango da: 85.670 milioi eurotik gora
LABek bertan behera utzi ditu Nafarroako ikuskizunen sektoreko bi greba egunak, negoziazioari berriro ekin ondoren
Gabonetako erosketen ondorioz, abenduan ohi baino % 23 gehiago gastatuko dute familiek
Itoiztik Erriberara: 354 milioi euro Nafarroako ubidearen proiekturako
Espainiako Gobernuak soldaten sekretuarekin amaitu du
Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen negoziazioa amaitutzat eman du, oposizioarekin akordiorik lortu gabe
Aurtengo iraila azken hamar urteetako onena izan da esportazioei dagokienez, Jaurlaritzaren arabera
Adifen arabera, grebak % 6,04ko eragina izan du Euskadin goizeko txandan, eta % 15,56koa gauekoan