Nafarroak iruzurraren aurkako plana onartu du, NaTicket ezarrita
Foru Gobernuak NaTicket izeneko programa aplikatuko du hurrengo hiru urteetan, Euskadiko TicketBAI sistemaren antzekoa, fakturazioa unean-unean kontrolatzeko.
Nafarroako Gobernuak iruzur fiskalaren aurkako plana onartu du, hurrengo hiru urteetarako. Berrikuntza nagusia NaTicket da, Euskadiko TicketBAIren baliokidea, eta horren bidez kontrolatu nahi da enpresen eta entitateen fakturazio guztia.
Jose Luis Arasti Ogasun sailburuak azpimarratu duenez, proiektua aurretiko fasean dago oraindik, eta ez da ezartzeko data zehatzik jarri, baina lurraldeari egokitutako berezitasunak izango ditu.
Sistema berriaz gain, planak kudeaketa erraztu nahi die edozein irregulartasun borondatez zuzendu nahi dutenei, iruzurra prebenitzeko modurik onena zergadunaren lankidetza delakoan.
Era berean, ikuskapenak indartzea eta delitu informatikoen ikerketan eta kriptoaktiboen kontrolean aurrera egitea aurreikusten du Foru Gobernuak. "Iruzurraren aurka borrokatzea funtsezko tresna da zerbitzu publikoei eusteko", azpimarratu du Arastik.
Oraingoz, ez da jakitera eman zer aurrekontu izango duen iruzurraren aurkako planak, ezta zenbat ikuskatzaile eta baliabide erabiliko diren zergak kontrolatzeko plana indartzeko.