Espainiako Gobernuak ez du onartu aireportuen kudeaketa osoa Euskadira transferitzea
Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez, Eusko Jaurlaritzak erabaki estrategikoetan iritzia eman ahal izatea proposatu du Espainiako Gobernuak, baina osorik eskualdatzea baztertu du, Estatuaren eskumen esklusiboa delako.
Eusko Jaurlaritzak urriaren 1ean Madrilen egingo duen bileran planteatuko du Loiuko, Forondako eta Hondarribiko kudeaketan parte hartzeko asmoa, baina Espainiako Gobernuak, Diario Vascok berri eman duenez, ez du onartu eskumena osorik eskualdatzea, eta Euskadik inbertsioetan, aireportu-planetan edo konektibitatean iritzia eman ahal izateko atea ireki besterik ez du egingo.
Maria Ubarretxena Gobernantzako sailburuak astelehenean Radio Euskadin aurreratu zuenez, aireportuen kudeaketa da transferentzien negoziazioko hurrengo paketea, baina aitortu zuen horretarako bidean hainbat oztopo dagoela. EAEren eskarien artean daude slotei eta inbertsioei buruz erabaki ahal izatea eta aerodromoetako akzioetan parte hartzea.
Hala ere, Espainiako Gobernuak azpimarratu du intereseko aireportuak, EAEko hirurak, Estatuaren eskumen esklusiboa direla. Gainera, gogorarazi du Aenak, aireportuen kudeatzaileak, kapital pribatua duela (% 49), eta horrek zaildu egiten duela Euskadiri osorik eskualdatzea.
Uztailean Pedro Sanchezek eta Imanol Pradalesek lortutako akordioa da datorren asteko hitzordurako oinarria. Horretan jasot zen ez zela transferentziarik egongo, baina Eusko Jaurlaritzak erabaki estrategikoetan parte hartzeko aukera aztergai utzi zen.
Datorren asteazkenean aireportuen arloko lehen azpibatzordea egingo da, Madrilen. Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa joango da forora, eta kudeaketa partekaturako formula baterantz aurrera egiten saiatuko da, urtea amaitu aurretik egiteke dauden transferentziak osatzeko ezarritako egutegiaren barruan.