Hazkunde ekonomikoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jaurlaritzak hamarren bat igo ditu hazkunde-aurreikuspenak: % 2,2koa izango da aurten, eta % 1,9koa 2026rako

Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak adierazi duenez, Euskadik "ekonomia indartsua du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest dago, eta nazioarteko edozein ziurgabetasunen aurrean egokitzeko gaitasuna du". Hazkunde horren gakoa barne-eskaria izango da.       

MAM-eko argazkia: industria_
Industrian lanean ari den pertsona baten irudia. Argazkia: EITB

Eusko Jaurlaritzak hamarren bat igo ditu aurtengo eta datorren urteko hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak , ekainean egindako aurreikuspenekin alderatuta. Horrela, EAEko ekonomia % 2,2 hasiko da aurten eta % 1,9 2026an, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak iragarri duenez.

Gobernu Kontseiluaren asteroko bileraren ostean komunikabideen aurrean Torresek azpimarratu duenez, Euskadi " etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest dago eta nazioarteko edozein ziurgabetasunen aurrean egokitzeko gaitasuna duen ekonomia indartsua da". 

2023ko eta 2024ko urteko kontuen berrikuspenak agerian utzi du euskal ekonomia aurreikusitakoa baino gehiago hazi zela: % 3,0 2023an eta % 2,5 2024an, hasierako zenbaketak baino hiru hamarren gehiago. Emaitza horrek, Ekonomia sailburuaren aburuz, "Euskadik nazioarteko ingurune zail batean pultsu ekonomikoari eusteko duen gaitasuna azpimarratzen du, batez ere gure esportazioetarako giltzarri diren herrialdeetan, hala nola Alemanian eta Frantzian".

Sailburuak adierazi duenez, hazkunde-aurreikuspenen goranzko berrikuspen horrek Euskadiko jarduera ekonomikoaren "sendotasuna islatzen du". "Euskadik jakin izan du nazioarteko testuinguru zalantzagarri batean norabidea mantentzen, eta gaur baiezta dezakegu konfiantzaz eta oinarri sendoz ekingo diegula hurrengo urteei, aukerak sortzen jarraitzeko".

Enplegua sortzea

Hazkunde horren eragile nagusia barne-eskaria izango da. Aurreikuspenen arabera, barne-kontsumoak % 2,7 egingo du gora 2025ean, enpleguaren hobekuntzari eta inflazio neurritsuagoari esker. Inbertsioa ere zifra positiboetan mantentzen da, % 3,1eko hazkunde estimatuarekin, finantza-baldintza hobeetan oinarrituta.   

Kanpo-sektorearen ekarpena mugatuagoa izango bada ere, esportazioek suspertze-zantzuak dituzte, 2025ean % 2ko eta 2026an % 3ko igoerak aurreikusi baitira.
   
Gainera, 2025erako lanaldi osoko 14.000 lanpostu sortuko direla aurreikusten da, eta horri esker langabezia-tasa % 6,4ra jaitsiko da. Torresen arabera, horrek "kohesio soziala eta herritarren ongizatea indartzen lagunduko du".

Ekonomiari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu