Hego Euskal Herriko biztanleen erdiak baino gehiago etxebizitza-eremu tentsionatuetan bizi dira
Alokairuko etxebizitza. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak Gasteiz tentsionatutako eremuan sartuta, dagoeneko etxebizitza eremu-tentsionatuan bizi dira EAEko biztanleen % 47,7, eta aste gutxiren buruan % 50etik gorakoa izango da portzentajea, Lezo, Zestoa, Arrasate, Tolosa eta Hernani ere sartuko baitira.
Zenbait udalerri etxebizitza-eremu tentsionatuan sartzeko zain daude, eta Bilbok, Astigarragak eta Usurbilek, Gasteizekin batera, urriaren amaieran bat egingo dute Estatuko Aldizkari Ofizialak eguneratuko duen zerrendarekin. Zerrenda hori, oraingoz, Errenteriak, Lasarte-Oriak, Zumaiak, Irunek, Donostiak (Gipuzkoa) eta Barakaldok (Bizkaia) osatzen dute.
Nafarroaren kasuan, etxebizitza-eremu tentsionatuan bizi diren biztanleen ehunekoa handiagoa da, eta % 70era iristen da. Guztira 21 dira ofizialki tentsionatutzat jotako udalerriak: Iruñea, Tutera, Eguesibar, Burlata, Barañain, Zizur Nagusia, Lizarra, Aranguren, Berriozar, Tafalla, Antsoain, Atarrabia, Corella, Noain-Elortzibar, Cintruenigo, Baztan, Altsasu, Uharte, Berriobeiti, San Adrian eta Azkoien.
Eremu tentsionatu izendatzeak etxebizitza-parkearen gaineko kontrol publiko handiagoa dakar, eta hainbat neurri ezartzea aurreikusten da, hala nola alokairuaren prezioari muga jartzea eta onura edo laguntza fiskalak ematea.
Zure interesekoa izan daiteke