Estatuan, EAEn sortu dira abuztuan enpresa berri gehien, % 24,1eko hazkundearekin
Guztira, 201 enpresa sortu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 9,7 milioi euroko kapitala izenpetu dute. Sozietate mugatu gisa sortu dira guztiak.
201 merkataritza sozietate berri sortu dira abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, % 24,1 hazi da enpresa berrien kopurua 2024tik 2025era. Espainiako Estatuan, EAE izan da abuztuan enpresa dinamismo handiena izan duen erkidegoa, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostiral honetan zabaldutako datuen arabera.
201 enpresa horiek 9,7 milioi euroko kapitala izenpetu dute, eta sozietate mugatu gisa sortu dira guztiak.
Bestalde, 69 konpainiak kapitala murriztu dute, eta 68 desegin dira: horietatik 52 borondatez desegin dira, 7 fusioz eta 9 beste arrazoi batzuengatik.
Espainiako Estatuan, orotara, 7118 sozietate sortu dira abuztuan, hau da, % 3,4ko igoera izan da 2024ko abuztuko datuekin alderatuta, eta 1.279 enpresa desegin dira, aurreko urtean baino % 6,2 gutxiago.