LAN-GATAZKA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Villavesetako langileek greban jarraitzearen alde egin dute, oso bozketa estu batean

Garraio publikoko langileen % 50,6k egin dute grebaren alde; sei botoko aldeagatik gailendu da aukera hori. TCC enpresak ohartarazi du ez duela negoziatuko lanuztea bertan behera utzi arte.

villavesa huelga greba EITB

Villavesa bat. Argazkia: EITB

Iruñerriko Villavesako langileen % 50,6k greban jarraitzearen alde egin dute ostiral honetan egindako bozketa batean. Sei botoren aldearekin erabaki dute lanuzteekin jarraitzea, 450 lagunek parte hartu duten bozketan.

Langile batzordeak astelehenean egingo du gertatu denaren inguruko balorazioa. Zuzendaritzak atsekabetuta hartu du emaitza, eta ohartarazi du ez duela berriz langileekin negoziatuko lanuzteak bertan behera utzi arte.

Langile batzordean gehiengoa duten UGT eta CCOO zuzendaritzaren azken proposamena babestearen alde agertu ziren, eta, gero, hura bozkatzearen alde, afiliatuek eskatuta; ELA, LAB eta ATTU, berriz, proposamen horren aurka agertu ziren eta mobilizazioekin segitzeko beharra aldarrikatu zuten.

Iruñerriko autobus zerbitzua esleitua duen TCC enpresa kataluniarra 2009tik ari da Villavesak gidatzen, eta ordutik nabarmen hazi da erabiltzaileen kopurua: 140.000 bidaiari egunero. Lanuzteek 83.000 bidaiariri eragiten die egunero.

Enpresaren azken proposamenak, besteak beste, puntu hauek jasotzen zituen: KPI orokorrari lotutako soldata igoera onartzea, aurreko hitzarmena amaitu ondorengo atzerapenak ordaintzea, jaiegunetako plusa eta gaueko plusa handitzea, kontingentzia arruntengatiko prestazioak hobetzea, norberaren gauzetarako laugarren egun bat jasotzea 2026an eta bosgarren bat 2029an, eta urteko lanaldia 1.658 ordukoa izatea. Horiei familia kontziliazioan eragina duten egutegiak hobetzea gehitu zion.

Proposamen hori onartuz gero, enpresak emandako datuen arabera, kontratu berria duten gidariek urtean 36.000 eurotik gorako soldata izango dute (40.000 eurokoa batez beste) eta astean 37 ordutik beherako lanaldia; baldintza berriak onartuta, langile horien soldatak % 30 gaindituko luke sektoreko hitzarmen probintzialeko soldata eta 100 lanordu gutxiago izango lituzkete.

Zure interesekoa izan daiteke

Laborarien protesta A-63an Baionan
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

A63ak itxita jarraitzen du Baionako tartean nekazarien protestengatik baina auto-ilarak desegiten doaz

Pirinio Atlantikoko Prefeturak jakinarazi duenez, 02:00etan 80 nekazari asindikalek, 60 traktore erabilita, A63 autobidea blokeatu dute Baiona iparraldeko lotunearen parean eta goizetik arazo handiak izan dira  inguruetan. Gainera, Prefeturak Biriatuko muga itxi du 7.500 kilotik gorako kamioientzat bi noranzkoetan. Jaurlaritzak EAEko errepideetatik igarotzeko debekatu die 7.500 kilotik gorako kamioiei Frantzia aldera. 

Alberto Martínez
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Alberto Martinez, medikuen grebari buruz: "Bi urteren eta 12 zirriborroren ondoren, akordio batera iristeko unea da"

Alberto Martinez Osasun sailburuak gogorarazi duenez, langile estatutarioen harremanen esparrua ezartzen duen Estatutu Markoa "Osasun Ministerioaren eskumen esklusiboa da, eta Ministroen Kontseilura eta, ondoren, Kongresura eraman behar du, onar dezan". Horren ildotik, Osasun Saila "Estatutu Markotik kanpo ateratzen den guztia" negoziatzeko moduan dagoela esan du.

Traktoreen protesta Gasteizen
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Nekazariek eta abeltzainek ohartarazi dute EBren eta Mercosurren arteko balizko akordioaren aurkako mobilizazioak "areagotuko" dituztela

Hala iragarri du Raul Beitia Atacako presidenteak (Trebiñuko eta Arabako nekazarien eta abeltzainen elkarte independentea), Nekazaritza Politika Komun berriaren aurkako bigarren protesta egunean. 50 bat traktorek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gasteizen, Gobernuaren Ordezkariordetzara eramango dituen beste martxa bat egin aurretik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X