Hegazti-gripea dela eta, gauritk aurrera milioi bat oilo baino gehiago konfinatuko dituzte Nafarroan eta Araban
Nafarroako 12 udalerritako eta Arabako 6 udalerritako etxeko hegazti konfinatuta egongo dira gaurtik aurrera, hegaztien gripeak Europan izan duen gorakadaren ondorioz. Nekazaritza Ministerioak lasaitasuna eskatu du, baina zuhur ibili behar dela azpimarratu du, kutsatzeak saihesteko eta birusa hedatzea geldiarazteko.
Gaurtik aurrera, Nafarroako eta Arabako hainbat eremutako etxeko hegaztiak konfinatuta egongo dira, hegaztien gripea kutsatzeko arriskua murrizteko. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ezarritako neurriak 1,1 milioi oilori eragiten die. Ondorioz, debekatu da aire zabalean hegaztiak haztea, instalazioek ez badute txori-oihalik edo beste gailurik basoko hegaztiekin kontaktua izatea eragozteko.
Arabako udalerriak hauek dira: Arratzua-Ubarrundia, Barrundia, Burgelu, Legutio, Gasteiz eta Zigoitia; Nafarroan, berriz, Pitillas, Tutera, Arguedas, Valtierra, Viana, Corella, Murchante, Cascante, Ablitas, Barillas, Zarrakaztelu eta Tafalla.
Instituzioen arabera, Arabako udalerri horietan ez dago mota horretako haztegirik.
Ministerioak gogorarazi duenez, Euskadi eta Nafarroako hegazti-ustiategietan ez da kasurik antzeman, baina azken asteetan agerraldiak ugaritu egin dira Europan, bereziki Frantzian eta Alemanian, hegaztien migrazioarekin eta tenperaturen jaitsierarekin batera.
Konfinamenduaz gain, araudiak debekatu egiten du basa-hegaztiak beita gisa erabiltzea eta ahate eta antzarak etxeko beste espezie batzuekin batera haztea. Halaber, hegazti-feriak eta kontzentrazioak debekatu egin dira, eta ura eta janaria eremu estalietan jartzera behartzen da, espezie basatiekin kontaktua izan ez dezaten.
Luis Planas Nekazaritza ministroak lasaitasunerako deia egin du, baina biosegurtasunari eustearen garrantzia azpimarratu du. "Neurri egokiak hartuz gero, birusa hedatzea galarazi dezakegu", ziurtatu du. Planasek gogorarazi du gizakiok ez gaudela arriskuan; izan ere, ezin gara kutsatu haragiaren, arrautzen edo ezein hegazti-produkturen bidez.
Zure interesekoa izan daiteke
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako