EAEko BPGa %2,3 hazi da hirugarren hiruhilekoan, eta 13.450 enplegu sortu dira
Euskadiko ekonomiak apur bat bizkortu du hazkunde-erritmoa, eta 13.000 lanpostu baino gehiago sortu dira, nahiz eta kanpo-sektorearen bultzada moteldu den esportazioen beherakadaren ondorioz.
Eustaten datuen arabera, EAEko BPGak % 2,3 egin du gora, urtetik urterako datuak hartuta, 2025eko hirugarren hiruhilekoan. Zifra hori urrian egindako aurreikuspena baino hamarren bat hobea da. Hiruhilekoen artean, hazkundea % 0,6koa izan da. Enpleguak ere portaera positiboa izan du, duela urtebete baino 13.450 lanpostu garbi gehiago baitago EAEn, hau da, urtearteko % 1,4ko hazkundea, eta aurreko hiruhilekoaren aldean, % 0,2koa.
Bilakaera, lurralde eta sektoreka
Hazkundea orokorra izan da hiru lurraldeetan. Bizkaiak izan du urtearteko gehikuntzarik handiena (% 2,5), ondoren Arabak (% 2,3) eta Gipuzkoak (% 2,2). Bigarren hiruhilekoaren aldean, Bizkaiak % 0,7ko hazkundea izan du, Arabak, % 0,5ekoa, eta Gipuzkoak, % 0,4koa.
Sektoreka ere joera positiboa izan da: Industriak % 0,2 egin du gora urtetik urtera, eta eraikuntza ere suspertu da, % 5eko aurrerapenarekin aurreko urteko aldi beraren aldean. Zerbitzuek eutsi egin dute, % 2,9ko igoerarekin. Nabarmentzekoa da Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioaren indarra, % 3,5 igo baitira.
Nota negatibo bakarra lehen sektorekoa da, urtearteko % 1,5eko eta % 0,9ko jaitsierak izan baititu aurreko hiruhilekoaren aldean.
Kontsumoa eta inbertsioa, ekonomiaren gainetik
Eskariaren ikuspegitik, kontsumo pribatua % 2,8 hazi da urterik urte, eta kontsumo publikoa, % 2,2. Oro har, azken kontsumoko gastua % 2,7 igo da.
Inbertsioak ere nabarmen egin du aurrera: Kapitalaren eraketa gordina % 4,9 hazi da, ekipamenduko ondasunek (% 4,8) eta eraikuntzari lotutako gainerako inbertsioek (% 4,9) bultzatuta.
Portaera horrekin, barne-eskaria % 3,2 handitu da, BPGaren gainetik, eta horrek azaltzen du kanpo-sektoreak hazkundea murriztu izana.
Esportazioek, behera
Eustaten arabera, esportazioek % 1,8 egin dute behera iazko aldi berarekin alderatuta, eta inportazioek, % 0,6. Ondorioz, kanpo-saldoak ekarpen negatiboa egin dio hazkunde ekonomikoari.
Enpleguak gorantz jarraitzen du
Lan-merkatuak sasoiari eutsi dio: 13.450 enplegu garbi sortu dira urtebetean, eta enpleguak hobera egin du eraikuntzan (% 2) eta zerbitzuetan (% 1,7).
Eustaten arabera, hirugarren hiruhilekoko datuek Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen makroekonomikoko datuak berretsi zituzten eta zertxobait hobetu zuten urrian argitaratutako aurreikuspena. Horrela, EAEko ekonomiak hazkunde moderatuari eutsi dio, kanpo-merkataritzako tentsioak gorabehera.