Unai Rementeria, BBK Fundazioaren presidente berria, Xabier Sagredoren ordez
Erakundearen Patronatua asteazken honetan bildu da, Bilbon, erabakia berresteko, ohar bidez jakinarazi duenez.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi ohia BBK Fundazioaren presidente izendatu dute asteazken honetan, 2013ko azarotik karguan zen Xabier Sagredoren ordez.
Erakundearen Patronatua asteazken honetan bildu da, Bilbon, erabakia berresteko, ohar bidez jakinarazi duenez.
Rementeria (Mundaka, 1973), Zuzenbidean lizentziatua eta Ekonomian diplomatua (Deustuko Unibertsitatea), Mundakako alkate, legebiltzarkide ohi eta Bizkaiko ahaldun nagusi izan da bere ibilbide politikoan, 2015 eta 2023 artean.
2023tik gaur arte, foru eta udal funtzionarioen BGAEak kudeatzen dituen Elkarkidetza borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen presidentea izan da.
Rementeriaren hautaketa "onartezina" dela uste du EH Bilduk
Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak kritikatu duenez, Rementeriaren izendapenarekin, EAJk "Batzokian bezala jokatzen jarraitzen du", eta deitoratu du "onartezina" dela Bizkaiko ahaldun nagusi ohiaren izendapen "erabat politikoa".
Koalizio abertzaleko buruzagiak Hamaika Telebistan egindako elkarrizketa batean salatu duenez, "ez daude onenak, alderdi jakin batekin harremana dutenak baizik".
"BBK fundazio bat da. Beste profil batzuk behar dira, profesionalagoak, independenteagoak. BBK guztion ondarea da, eta ezin da erabili alderdi baten ondare pribatu gisa", amaitu du.