Interes-tasak % 2an mantendu ditu EBZk, bosgarren aldiz, merkatuek espero bezala
Europako Banku Zentraleko (EBZ) Gobernu Kontseiluak joera aldatu gabe jarraitzea erabaki du, 2025eko ekainean malgutze-zikloa eten ondoren. Ziklo horrek oinarrizko 200 puntu murriztu zuen diruaren prezioa, beheranzko zortzi doikuntzen bidez.
Interes-tasak azken hilabeteen modura mantentzea erabaki du Europako Banku Zentralaren (EBZ) Gobernu Kontseiluak, aldaketarik egin gabe, ostegun honetan. Horrela, gordailu-tasak (DFR) % 2an jarraituko du, birfinantzaketa-eragiketa nagusietakoa (MRO) % 2,15ean eta mailegu-erraztasun marjinalarena (MLF) % 2,4an.
Merkatuek ziurtzat jotzen zuten bezala, EBZk aldaketarik egin gabe jarraitzea erabaki du, 2025eko ekainean malgutze-zikloa gelditu ondoren. Ziklo horrek oinarrizko 200 puntutan murriztu zuen diruaren prezioa, beheranzko zortzi doikuntzen bidez, azken zazpiak jarraian.
"EBZren hiru interes-tasa ofizialak aldaketarik gabe mantentzea erabaki du gaur Gobernu Kontseiluak. Bere ebaluazio eguneratuak berretsi egiten du inflazioa % 2ko helburuan egonkortu beharko litzatekeela epe ertainera", azaldu du erakundeak ohar batean.
Hala ere, banku zentralak azpimarratu du aurreikuspenak "oraindik zalantzazkoak"direla, merkataritza gerrekin eta tentsio geopolitikoekin lotutako ziurgabetasuna dela eta. EBZk berretsi du inflazioa % 2ko helburuan egonkortzeko "erabakia" duela epe ertainera, eta, horretarako, datuen bilakaera izango dute oinarri erabakiak hartzeko orduan.
Euroguneko inflazio-tasa urte arteko % 1,7koa izan zen urtarrilean, abenduan izandako % 2ko datua baino hiru hamarren txikiagoa, hau da, 2024ko irailetik izandako bizi-kostuaren igoerarik txikiena.
Energiaren eragina kenduta, inflazioa hamarren bat murriztu zen, % 2,3raino. Jakien, alkoholaren eta tabakoaren kostua alde batera utzita, azpikoa hamarren bat apaldu zen, % 2,3ra.
EBko herrialdeen artean, hazkunderik handienak Eslovakiak ( % 4,2), Kroaziak ( % 3,6), Greziak eta Lituaniak ( % 2,8) izan zituzten. Aldiz, igoera txikienak Frantzian ( % 0,4), Finlandian eta Italian ( % 1) eta Belgikan ( % 1,4) izan dira.