Trenbideen sektorean gutxiengoa duten sindikatuek grebari eutsi diote eta gutxieneko zerbitzuak ematen ari dira
CGT, SF-Intersindical eta Alferro sindikatuek asteazkenera arte eutsi diote grebari. Semaf, CCOO eta UGT sindikatu nagusiek, bere aldetik, greba deialdia bertan behera utzi dute, Garraio Ministerioarekin segurtasunean inbertsio handiak egiteko akordioa sinatu baitute.
Trenbideen sektorean deitutako grebak gorabeherak eragiten jarraitzen du. Greba deialdia bertan behera utzi dute Semaf, CCOO eta UGT sindikatu nagusiek, Garraio Ministerioarekin akordioa sinatu ondoren. Gutxiengoa duten sindikatuek (CGT-SF-Intersindical eta Alferro), ordea, eutsi egiten diote lanuzteari, akordioa nahikoa ez dela iritzita.
Garraio Ministerioak eta sindikatu nagusiek sinatutako akordioaren arabera, segurtasunean inbertsioa handiak egingo dituzte. Guztira, 30 neurri adostu dituzte, tartean, mantenu lanetarako aurrekontuara 1.000 miloi euroko partida bat gehitzea 2030erako, eta Adif eta Renfen 3.600 langile kontratatzea.
CGT, SF-Intersindical eta Alferro sindikatuek ez dute negoziazioetan parte hartu, eta grebarekin jarraitzea erabaki dute. Gauzak horrela, grebak aurrera jarraitzen du, babes gutxiagorekin bada ere.
Testuinguru horretan, gaur eta bihar gutxieneko zerbitzuak besterik ez dira bermatuko.
Bilboko Abando geltokian, esaterako, dozenaka bidaiarik ezustekoa hartu dute beren trena aterako ez zela ikusi dutenean.
Hori guztia dela eta, geltokira joan aurretik Renferen webgunean eta WhatsAppeko kanalean ordutegiak kontsultatzeko gomendatu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela