Petronorren Muskizko findegiko unitate guztiak geratu dituzte hornidura elektrikorik ez dagoelako
17:15ean segurtasun-neurri guztiak aktibatu dira automatikoki, eta ke beltza atera da hiru tximinietatik.
Petronorrek Muskizko findegiko unitate guztiak gelditu ditu igande arratsaldean, 17:15ean, hornidura elektrikorik ez zegoelako.
Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, segurtasun-neurri guztiak aktibatu dituzte automatikoki, eta ke beltza atera da hiru zuzietatik.
Halaber, lantegia gelditu dute "segurtasun-baldintzak ziurtatuz, eta larrialdi sistema guztiak behar bezala funtzionatzen ari dira".
Petronorrek azaldu duenez, zuziak "ezinbestekoak diren segurtasun-gailuak" dira industria-instalazioetan, egoera jakin batzuetan presioa askatzeko. Zuziak etengabe monitorizatzen dira, emariak, tenperatura eta sugarraren itxura neurtzen dituzte, eta elementu guztiak aldiro-aldiro ikuskatzen dira. Horiek edozein gorabeheraren ondorioz sortutako gasak erretzeko eginkizuna dute, atmosferara isurtzea saihesteko.
Enpresaren arabera, zuziak "nahiko deigarriak izan daitezke batzuetan, ke-laino beltza botaz, baina ez da kezkatzeko arrazoia. Aitzitik, ondo funtzionatzen ari direla eta instalatutako funtzioa betetzen dutela frogatzen du".
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela