Euskal inbertsore talde batek interesa izan lezake Azpeitiko Elmubas Petfood Group erosteko
EITBk jakin duenez, negoziazioak oso aurreratuta daude, eta baliteke, epe laburrean, enpresaren jabeak Euskadikoak izatea berriro. 300-400 milioi euro inguruko operazioa litzateke.
Elmubas Petfood Group enpresaren fatxada, Azpeitian. Argazkia: EITB
Azpeitiko (Gipuzkoa) Elmubas Petfood Group enpresa erosteko interesa izan lezake euskal inbertsore talde batek. Maskotentzako janaria egiten Europako lider da, eta funts baten esku dago egun.
Mende erdiko ibilbidea duen enpresa da. Azpeitiko familia batek sortu zuen, Bastida Pentsuak izena jarrita, eta 2019an, Portobello inbertsio funtsak erosi zuen. Orain, azken horrek saldu egin nahi du.
EITBk jakin duenez, euskal inbertsore talde bat konpainia erosteko prest legoke, eta negoziazioak oso aurreratuta omen daude. Azken urteotan asko hazi da enpresa, eta salerosketa 300-400 milioi euroan itxi daiteke, Portobellok ordaindutakoa halako bi.
200 langile inguru ditu Elmubas Petfood Groupek, eta 28 mila metro karratu inguru hartzen dituzten instalazioak. Txakurrentzako eta katuentzako pentsua ekoizten dute, batez ere, marka zurientzat. Kate handiek merkaturatzen dute produktua, Eroskik, Carrefourrek eta Alcampok, besteak beste, eta erdiak baino gehiago atzerrira esportatzen dituzte.
Datozen asteotan argituko da negoziazioen emaitza.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela