Tasa turistikoa 2027tik aurrera "Euskadi osoan" ezarriko dela aurreikusi du Hurtadok
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak azaldu duenez, Batzar Nagusiek uda baino lehen onar dezakete araua, baina ez da berehala ezarriko, udalek sei hilabeteko epea izango dutelako beren legedira egokitzeko.
Turistak, Kontxako hondartzan, Donostian. Argazkia: EITB
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak uste du 2027tik aurrera turismo tasa "Euskadi osoan" ezarrita egongo dela.
Turismo lege berriaren aurreproiektua aurkezteko asteazken honetan Bilbon egindako prentsaurrekoan, Hurtadok foru aldundiek arautu eta udalek kudeatuko duten zerga turistikoa izan du hizpide.
Aldundien arauaren aurreproiektuak hiru lurraldeetan arau bera aplikatzea ekarriko luke, eta turismo-ostatu guztietan gaua igarotzeagatik zerga bat ordaintzea aurreikusten du. Proiektuak publiko dira, kasuan kasuko foru-gobernuek onartu aurretik.
Ondoren, Batzar Nagusiek onartu beharko dituzte, eta uda baino lehen eman ahal izango diete oniritzia, nahiz eta indarrean sartzeak ez duen bermatzen berehala aplikatzea, udalek baitute azken hitza, eta sei hilabeteko epea izango duten beren ordenantza fiskalak garatzeko edo arau berrira egokitzeko.
Hurtadok defendatu duenez, "Euskadiz gozatzera datorrenak Euskadi mantentzen lagundu behar du", eta agerian utzi du zerga berria ezarrita udalek bizilagun eta bisitariei laguntzeko "eragina" izango duen bilketa egingo dutela.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela