EAEko enpresek 1.130 milioi euro esportatu zituzten Ekialde Ertainera 2025ean, guztizkoaren % 3,8
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) Ekialde Ertainera egindako esportazioak 1.130 milioi eurokoak izan ziren 2025ean, eta kopuru hori EAEk kanpora egindako salmenta guztien % 3,8 izan zen. Norabide berean, iaz 746 milioi euro inportatu ziren eremu horretatik.
Gainera, EAEko 42 enpresak 63 ezarpen dituzte Ekialde Ertaineko hainbat herrialdetan, Basque Trade & Investment - Nazioarteko Euskal Agentziak egindako azterketaren arabera.
Txostenak Saudi Arabia, Bahrain, Arabiar Emirerri Batuak, Irak, Iran, Israel, Jordania, Kuwait, Libano, Oman, Qatar eta Yemenekin izandako merkataritza-harremanak jasotzen ditu. Horien artean, Arabiar Emirerri Batuek Euskadirekin duten merkataritza-papera nabarmentzen da: euskal esportazioen erdia baino gehiago bertara bideratzen da (571,5 milioi euro).
Testuinguru politikoari dagokionez, astelehen honetan, AEBk eskualdean egindako erasoaren ostean, Imanol Pradales lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritza dagoeneko egoera monitorizatzen ari dela.
Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren azterketak azpimarratzen du, historian zehar, EAEren eta Ekialde Ertainaren arteko merkataritza-harremanak “hegazkorrak” izan direla, “gorabehera handiekin”, bereziki inportazioetan. Azalpen nagusia petrolioaren merkatuaren eta prezioen aldakortasunari lotutako “desorekak” dira.
Zehazki, 2000ko lehen hamarkadan merkataritza-saldoa “erabat negatiboa” izan zen, eta egoera areagotu egin zen 2005-2011 aldian, inportazioak nabarmen igo baitziren. Esportazioak ere hazi ziren, baina neurri apalagoan. 2011n inportazioen gorakada “oso handia” izan zen, eta hurrengo urtean, berriz, “doikuntza zorrotza” gertatu zen, Ekialde Ertainerako erosketen beherakada “nabarmenarekin”. Azterketaren arabera, petrolioaren eskaintza globalaren aldaketek eta Europak eskualdeko petrolio gordinarekiko mendekotasun txikiagoa izateak eragin zuten bilakaera hori. Bien bitartean, esportazioak “maila ertainetan” mantendu ziren.
2013tik aurrera, egoera egonkortu egin zen, EAErentzako balantze positiboarekin, eta txostenak dio euskal esportazioek “pisu handiagoa” hartu zutela, Ekialde Ertaineko petrolio gordinarekiko mendekotasuna apaldu zen neurrian.
2025eko esportazioak
2025ean, Ekialde Ertaina izan zen EAEko esportazioen zazpigarren helmuga mundu mailan: 1.130 milioi euro, esportazio guztien % 3,8.
Eskualdearen barruan, Arabiar Emirerri Batuetara joan zen salmenten % 50,56 (571,5 milioi euro). Ondoren datoz Saudi Arabia (291,5 milioi euro) eta Israel (% 12). Gainerako herrialdeetan, oro har, esportazioen pisua txikiagoa izan zen; Qatarren kasua da salbuespen nagusietakoa (% 4,27; 48,3 milioi euro). Beste helmuga batzuetan, esportazioek ez zuten aparteko pisurik izan, eta multzoan 14,3 milioi eurokoak izan ziren (% 1,27).
Produktuen arabera, trenbideetarako materiala (% 29,1), ekipo-ondasunak (% 19,6) eta ibilgailuak (% 9,1) izan ziren esportazioen atal nagusienak.
Inportazioak
Ekialde Ertainetik EAEra egindako inportazioak 746 milioi eurokoak izan ziren 2025ean; hau da, Euskadira egin ziren inportazio guztien % 2,8.
EAEra iritsitako inportazioen erdia baino gehiago Kuwaitetik etorri zen (378,2 milioi euro). Ondoren, Saudi Arabia dago (% 14,7; 109,7 milioi euro) eta Irak (% 12,15; 90,6 milioi euro). Iranen kasuan, inportazioak 3,1 milioi eurokoak izan ziren, eskualdeko guztizkoaren % 0,42.
Produktuei dagokienez, inportazioen hiru laurden baino gehiago erregaiei (petrolioari) dagozkie; ondoren, ekipo-ondasunak (% 14) eta burdinaren eta altzairuaren galdaketa eta manufakturak (% 4) nabarmentzen dira.
Ezarritako enpresak
Guztira, EAEko 42 enpresak 63 ezarpen dituzte Ekialde Ertaineko hainbat herrialdetan. Horietatik 48 komertzialak dira eta 15 produktiboak.
Zehazki, Arabiar Emirerri Batuek 35 ezarpen dituzte, eta Saudi Arabiak 14.
Datu horiekin, Ekialde Ertaina izango litzateke EAEko ezarpenen hamahirugarren destinoa, ezarritako kopuruaren arabera. Banakako herrialdeei dagokienez, Arabiar Emirerri Batuak hamazazpigarren postuan daude sailkapen orokorrean.
Sektoreka, Aholkularitza eta Ingeniaritza da nagusi, lau ekoizpen- eta zazpi merkataritza-ezarpenekin; ondoren, Energia, hiru ekoizpen- eta zortzi merkataritza-ezarpenekin, eta, azkenik, fabrikazio aurreratuko sektorea, hamaika merkataritza-ezarpenekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Jantokien greban ikasleek janaria kanpotik eramatea errespetatzeko eskatu du Pedrosak, ikastetxeak baimentzen badu
Ikastetxe publikoetako jantokietako beharginek lan-baldintzak hobetzea eskatzeko joan den astean egindako hiru greba egunen ondoren, martxoaren 10, 11 eta 12rako deitutakoan aurreko egoera ez dadin errepikatu galdegin du Hezkuntza sailburuak, izan ere, zenbait ikastetxetan etxetik eramandako janaria kendu zitzaien ikasleei. Pedrosak sindikatuei eta enpresei eskatu die "mahaitik ez altxatzeko" akordio batera iritsi arte, horretarako "oinarri ona" dutelako.
Pradalesek eskatu du Ekialde Hurbileko egoera "baretu" dadila eskatu du, eta euskal enpresei dagokienez "beharrezkoak diren neurriak" agindu ditu
Makina-Erremintaren Nazioarteko Azokaren irekiera-ekitaldian, Barakaldoko BECen, lehendakariak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritza Ekialde Hurbileko gatazkak izan ditzakeen "ondorioak" aztertzen ari da dagoeneko, eta "gerra" bat hasteko "benetako arriskua" dagoela ohartarazi du.
Abian da MWCren hogeigarren ekitaldia Bartzelonan, fokua espazioan eta begirada 6G teknologian jarrita
Mobile World Congress kongresuak, konektibitateari lotutako teknologiari buruzko munduko hitzordu nagusiak, 2.900 erakusketari baino gehiago bilduko ditu. Bartzelonako Gran Via de Firako azoka-barrutian martxoaren 5era arte 100.000 bisitari baino gehiago biltzea espero da eta lurraldean 585 milioi euroko eragin ekonomikoa sortzea aurreikusten du, aurreko ekitaldian baino % 4,3 gehiago.
Makina-Erremintaren Nazioarteko Azokak digitalizazio, automatizazio eta robotika proiektu handizaleak erakutsiko ditu BECen
Martxoaren 2tik 6ra, bost egunez, 1.503 erakusketari eta 3.350 produktutik gora egongo dira bertan. Gainera, nazioarteari egingo diote azpimarra aurtengo edizioan, 70 herrialdetatik iritsitako bisitariak bilduko baititu.
Makina-Erremintaren Nazioarteko Azoka, euskal industriaren sendotasuna erakusteko topagunea
Euskal industriaren sendotasuna erakusteko eta merkatu berriak topatzeko aukera izango dute Makina-Erremintaren Nazioarteko Azokan parte hartzen duten enpresek. 34 herrialdetako 3.350 produktu eta zerbitzu berritzaile aurkeztuko dituzte, gehienak makinak.
Dermatosi nodularraren aurkako txertaketa Bizkaira eta Arabara zabaltzeko eskatu du berriro Jaurlaritzak
Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroari gutuna igorri dio Amaia Barredo sailburuak. Bertan esan dionez, azken fokuaren eta EAEren arteko distantzia txikitu egin da, eta, hortaz, gaixotasuna gure lurraldean zabaltzeko arriskuak gora egin du.
Gipuzkoako zahar-etxeetako erabiltzaileen senideek grebaren ondorioak salatu dituzte
Gipuzkoako zahar-etxeetako adinekoek jasotzen duten zaintza gero eta prekarioagoa dela salatu dute adinekoen senideek. Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako langileek 110 egun daramatzate greban, hitzarmen berri baten alde.
Beste hiru greba egun deitu dituzte martxorako eskola jantokietan
Lanuzteak martxoaren 10ean, 11n eta 12an egingo dituzte, gaur egun negoziazioetan duten "blokeo" egoera dela eta.
Gipuzkoako erresidentzietako langileen itxialdia Donostiako Emakumeen Etxean
ELAk deituta, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako ehun bat langile Donostiako Emakumeen Etxean itxialdia egiten ari dira atzotik, babes soziala lortzeko eta lan-gatazkan Gipuzkoako Foru Aldundiak "berehala esku-hartzea" eskatzeko.